Sarera egin dute salto dendek
Gernika-Lumo eta Bermeoko establezimenduak itxita daude konfinamendua ezarri zenetik. Egoerari aurre egiteko, baina, sarera salto egitea erabaki dute.
Bidea egiten. Konfinamenduak ezarritako neurri zorrotzak etxean geratzera behartu ditu hango eta hemengo merkatariak. COVID-19aren ondorioz, herri eta auzoetako dendak itxi behar izan dituzte. Egoera horren aurrean, baina, beste jauzi bat eman asmoz, internetera salto egin dute eskualdeko hainbat eta hainbat merkatarik.
Krisi edo salbuespen egoeren aurrean “gehien” sufritzen dutenak enpresa txiki edota autonomoak direla dio Gontzal Tamayok. Hori horrela, Gernika-Lumoko eta Bermeoko merkatariei sarean lekua egin die, eta euren produktuak Interneten eskaintzeko aukera eman die. Gernika.merkataritza.com eta bermeo.merkataritza.com orrialdeak sortu ditu, “tokian tokiko saltokietan erosteko aukera gehiago izateko”.
Dagoenerako, batu ditu bi herrietako zenbait establezimenduren produktuak, eta komertzio zein kontsumitzaileen artean harrera ona izaten ari dela dio. Hala ere, herrietako merkatariei euren produktuan ere webgune horietan sartzeko gonbita egin die.
“Ixten den saltokia ez da berriz irekitzen; gero eta saltoki gutxiago ditugu”
Webgunean edozein saltokik duela lekua dio: arropa dendak, osagarrien dendak, janari dendak, liburudendak, tabernak, harategiak, arraindegiak, zapata-dendak, fruta-dendak… Farmaziek, optikek, ileapaindegiek, edota baserritarrek ere euren produktua gehi ditzakete.
Komertzioei ez ezik, kontsumitzaileei herrian erostea erraztu gura die plataformak: “Gernika edota Bermeoko biztanleei bultzatzen diegu haien herriko denda gogokoenetan erosten eta kontsumitzen jarraitzen”.
Plataforma doakoa dela dio, eta soilik salerosketaren gaineko ehuneko txiki bat kobratuko zaiola saltzaileari zehaztu du Tamayok, “plataformako zerbitzuei eta mantenimendu gastuei aurre egiteko”.
Herria bizirik
Duela urte batzuetatik gaur egunera arte herriko saltoki txikiak online saltzen duten establezimendu handien konpetentzia jasaten ari direla dio Tamayok, eta “herriak eta eskualdeak bizirik” mantentzeko herriko saltokietan erosi beharra dagoela gaineratu du.
“Ixten den saltoki bakoitza ez da berriz irekitzen. Gero eta saltoki gutxiago ditugu herrietan eta hau ez da saltzaileen errua, produktuak online erosteko joerarena baizik”, azaldu du.
Erosleek online bilatzen dituztela produktuak dio, “preziorik onenean”. Gero, egun gutxitara jasotzeko. Hala ohitu den gizartea dela gaur egungoa dio, hala deskribatu baitu gaur egungo erosleen joera. Horren aurrean, herrietako saltokietan erostera dei egin du: “Herrian erosten badugu, gure herria bizirik mantentzen ari gara, gure auzokoei lana emanez eta kaleak bizitzaz eta pozez betez”.
Saltokiak ixteak, establezimendu askoren pertsiana «betiko» jeistea dakarrela dio. “Enpresarien gastuak, lokalak, generoa, aseguruak, aholkularitza, zerbitzu digitalak, hornidura edota interneta ordaindu behar dituzte; itotzen ari dira, ez dutelako inolako diru-sarrerarik”.
“Herrian erosten badugu, gure herriak bizirik mantentzen ari gara”
Hori horrela, tokiko dendei bizirauten laguntzeko apustua egin du Tamayok: “Tokiko dendei bizirauten laguntzeko gakoa herrian erostea da. Eta berrogeialdia dela eta, denda gehienek ezin dutenez ireki, haiei laguntzeko erarik onena haien produktuak online erostea da, plataforma honen edo beste batzuen bidez”.
Zailtasun guztien aurrean, herriko dendak ahalegin handia egiten ari direla dio, eta bertoko kontsumitzaileak direla herriko mertaritza salba dezaketenak azpimarratu du.
Hori horrela, webguneetan erosteko gonbita egin die herritarrei. Horretarako, webgunearen atarian agertzen diren dendak aukeratu eta erosi nahi duzunean klik egin besterik ez dela egin behar dio. “Nahi beste produktu aukera daitezke. Gero, izena, emaila eta bidalketa helbidea gehitu beharko da”, dio. Hala, produktuak denda bakoitzak ezarritako epean jasoko dituzte kontsumitzaileek etxean.