Nekane Murga: "Hurrengo egunetako gakoa prebentzioa eta sintomak dituztenak eta horien kontaktuak ahalik eta azkarren identifikatzea da"
Busturialdean 4 kasu berri zenbatu dituzte atzo, Gernika-Lumon laurak, eta guztira, hortaz, 318 dira kasu positiboak.
Osasun sailnuru Nekane Murgak gaur jakinarazi duenez, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 90.749 PCR azterketa eta 40.924 test azkar egin dituzte. Atzo, guztira, 10.662 proba egin zituzten, “inoiz baino gehiago“. Atzoko 20:00ak arte, beste 538 kasu berri egiaztatu zituzten (55 PCR bidez eta 483 test azkarren bidez). Guztira, orain arte, 15.138 pertsonak eman dute positibo koronabirus proban; horietatik %69 alta emanda daudela nabarmendu dute.
Hurrengo egunetako “gakoa” prebentzioa eta sintomak dituztenak eta horien kontaktuak ahalik eta azkarren identifikatzea dela esan du. Horretarako, zenbait neurri hartzea beharrezkoa dela gogorarazi du osasun sailburuak; “transmisioa saihesteko pertsonen arteko distantzia mantendu behar da (2 metro gomendagarria), eta azken asteetan egon ez garen pertsona horiekin egotea saihestu behar dugu. Horrez gain, zorrotzak izan behar gara higienearekin”.
Kutsatutakoetatik 686 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 104 ZIUn daude. Hildakoak, berriz, 1.274 dira guztira; gaur emandako datuen arabera, atzo 19 heriotza eragin zituen koronabirusak.
Busturialdean 4 kasu berri zenbatu dituzte atzo, Gernika-Lumon laurak, eta guztira, hortaz, 318 dira kasu positiboak. Hala, guztira, Bermeon 123 positibo daude, Gernika-Lumon 77, Mundakan 47, Busturian 42, Elantxoben eta Gautegiz Arteagan launa, Foruan, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Ibarrangelun, Mendatan eta Sukarrietan bina eta Ereñon, Errigoitin, Muxikan eta Nabarnizen, berriz, bana.
Zaharren egoitzetako bisitak ere aipatu ditu Murgak: “Uste dut beharrezkoak diren segurtasun neurriak beteta, eta pertsonen artean transmisioa egon ezin daitekeela bermatuta, bisitak baimentzea posible litekeela. Hala ere, kasuak banaka aztertzekoak direla uste dugu”.