Etxebizitza libreen alokairua ordaintzeko laguntzak ematea onartu du Eusko Jaurlaritzak
COVID-19aren krisiaren ondorioz kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu libreko etxebizitza parkeko errentariei laguntza zuzenak ematea. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak laguntza hori emateko 15,5 milioi euroko aurrekontua dauka.
Gaurko Gobernu Kontseiluan COVID-19aren krisiaren eraginez “kalteberatasun ekonomikoko egoeran” dauden alokairu libreko etxebizitzen errentariei laguntza zuzenak ematea arautu eta onartu dute.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak laguntza hori emateko 15,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Arriola sailburuak esan duenez, “onuradunak 10.000 bat etxebizitza” izatea aurreikusi dute.
Ez ohiko egoera honen ondorioz, langabezian geratu direnek, aldi baterako enplegu-erregulazioa jasan dutenek eta euren diru-sarrerak edo salmentak %40 edo gehiago murriztu zaizkien langile autonomoek edo enpresariek jaso ditzakete laguntzak.
Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden Etxebizitzarako Prestazio Osagarriarekin (EPO) eta Etxebizitzaren Prestazio Ekonomikoarekin (EPE) bat etorriz, zenbatekoa bera izango da, hau da, laguntza hilean 250 euro artekoa izango dela esan du Iñaki Arriola sailburuak. “Zaurgarritasun egoerak jarraituz” gero, onuradunek sei hilabetez jaso ahalko dute laguntzak. “Guztira, beraz, zenbatekoa 1.500 eurokoa izatera hel daiteke. Kopuru hori hiruhileko bi ordainketa eginez emango da”.
Indarkeria matxistaren biktimentzako, euren ohiko etxebizitza utzaraztera behartzen dituzten pertsonentzako, etxerik ez dutenentzako edo bereziki kalteberak diren pertsonentzako berariazko ezaugarriak edukiko ditu laguntzak.”Pertsona bereziki kalteberatzat joko dira udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuek hala baloratzen dituztenak”, esan du Arriolak. Eta, euren kontura, pertsona horiei bizitokia emateaz arduratzen diren irabazi asmorik gabeko erakundeei, enpresa publikoei eta administrazioei ere zuzendutako laguntza dela zehaztu du: “Kasu horietan, egiturazko izaera handiagoa duenez, laguntzaren guztizko zenbatekoa hamabi hilabetetara luzatu ahalko da, 3.000 eurotara helduz. Balioetsi dugunez, onuradunak 500 bat pertsona izan ahal dira, eta aurreikusitako kopurutik 1,5 milioi bideratuko ditugula”.
Laguntza eskuratzeko oinarrizko baldintzak hauek dira:
- Alarma egoera ezarri aurretik alokairu-kontratu bat sinatua edukitzea eta beste etxebizitza baten jabe ez izatea.
- Familia-unitatearen urteko diru-sarrera haztatuak 39.000 eurotik beherakoak izatea azken ekitaldi fiskalean —horixe da BOE etxebizitza bat eskuratzeko gehieneko zenbatekoa—, eta 50.000 eurotik gorako ondarea ez edukitzea.
- Errentaren zenbatekoak, komunitate-gastuek eta oinarrizko hornidurek, guztira, une horretan eskuragarri dituen diru-sarreren % 30 gainditzea.
- Hileko alokairuaren zenbatekoa etxebizitza kokatua dagoen lurralde esparruari egoztekoa zaion batez besteko errenta —Alokairu Merkatuaren Estatistikaren (AME) datuen arabera— baino gutxienez 1,5 aldiz handiagoa ez izatea (familia ugarien kasuan, 1,75).
Eskaerak aurkezteko epea. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera eskatu ahal dira laguntzak, eta irailaren 30era arteko epea ipini dute.
Ahal izanez gero, tramitazioa modu telematikoan egingo da, www.euskadi.eus webgunearen eta Alokabide SA sozietate publikoak www.alokabide.euskadi.eus helbidean dituen kanalen bitartez. Kanal telematikoen bidez eskuragarri dagoen eskaerarekin batera, baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena eta diru-sarrerak frogatzeko dokumentazioa aurkeztu behar dira.
Arriolak argi utzi du agindu honetan aurreikusitako laguntza guztiak bateraezinak direla helburu bera duten bestelako laguntza publikoekin.
“Agindu honekin, nolabait egiten duguna da etxebizitzarako eskubide subjektiboaren aitorpena prestazio ekonomiko gisa aldi baterako zabaltzea, krisi honek ahultasun ekonomiko eta sozialeko egoeran jarri dituen pertsonei eta familiei”, esan du Arriolak.