COVID-19a duten pertsonen kopurua "nabarmen murrizten" ari dela dio Nekane Murgak
Busturialdean 18 kasu berri zenbatu dituzte atzo, eta guztira 314 dira kasu positiboak. Kasu berri horietako hamalau Bermeon antzeman dituzte.
Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 85.586 PCR azterketa eta 35.425 test azkar egin dituzte. Atzo, guztira, 6.097 test egin ziren, herenegun baino 3.059 test gehiago. Atzo beste 392 kasu berri egiaztatu zituzten, eta guztira, 14.804 pertsonak eman dute positibo koronabirus proban.
Kutsatutakoetatik 728 lagun daude ospitaleetan ingresatuta. Sendatutako edo alta jaso duten pertsonak, berriz, 9.974 dira; atzo baino 134 lagun gehiago (egiaztatutako kasu guztien % 67,4). Hildakoak, berriz, 1.255 dira guztira; gaur emandako datuen arabera, 14 heriotza eragin zituen koronabirusak atzo.
Busturialdean 18 kasu berri zenbatu dituzte atzo, eta guztira 314 dira kasu positiboak; Bermeon 14 kasu berri zenbatu zituzten atzo. Hala, guztira, Bermeon 123 positibo daude, Gernika-Lumon 73, Mundakan 47, Busturian 42, Elantxoben eta Gautegiz Arteagan launa, Foruan, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Ibarrangelun, Mendatan eta Sukarrietan bina eta Ereñon, Errigoitin, Muxikan eta Nabarnizen, berriz, bana.
Nekane Murga Osasun sailburuak gaur Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, datuak ikusita, gaixotasun hori duten pertsonen kopurua “nabarmen murrizten” ari da. Hala, herritarrei erantzukizuna eskatu die neurriak mantentzen jarraitzeko, hala nola urruntze soziala edo higienea.
Berrantolaketa. Jakinarazi duenez, Osakidetza berrantolatzen ari da, “asistentzia jarduera pixkanaka berreskuratu ahal izateko”. Hala ere, gogorarazi du Osakidetzako langileak ez direla gelditu, atzeratu ezin diren jarduerak artatzen jarraitzen dutelako. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun saila eta Osakidetza plan bat prestatzen ari direla gogoratu du, Lehen Mailako arretaren, kanpo-kontsulten, proba osagarrien eta jarduera kirurgikoaren alorretako jardueretara itzultzeko.
Elkarrizketan, gainera, atzo Lehen Mailako Arretako Aholku Batzordea bildu zela esan du, eta Osasun Publikoarekin koordinatzeko beharra nabarmendu du, “kasuak garaiz detektatzeko sistema bat ezartzeko eta kasuen jarraipen eraginkorra egiteko”.
Test falta. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan “inor ez dela beharrezko testik egin barik geratu” esan zuen atzo Murga sailburuak, eta gaur esan horiek zuzendu ditu. Adierazi duenez, epidemia garaian gertatu zen horrelakorik: “Une jakin batzuetan gertatu zen, baina ez laborategirik ez zegoelako, norbera babesteko ekipamendutik (EPI) ez zegoelako baizik”.
Deseskalada planei buruz galdetuta, Bizkai, Araba eta Gipuzkoak “eredu propioa” dutela gogorarazi du. Eredu horrek jarraipen hurbilagoa egiteko aukera ematen duela esan du. Hala, datozen hilabeteetan jarduerak pixkanaka ugaritu ahal izango direla uste du sailburuak, batez ere distantziak mantendu daitezkeen gune irekietan.
Doako maskarak ofizialki banatzeko aukerari buruz, “material hori zein neurritan eman behar den aztertu behar dela” esan du, eta behar dutenentzat eskuragarri egon behar duela gehitu du: “Eusko Jaurlaritza erosketak egiten eta maskarak ekoizten ari da”.