70 urtetik gorakoen artean 6.000 maskara baino gehiago banatuko ditu Bermeoko Udalak
Kolektibo horri zuzendutako informazio eta laguntza programa abiarazi du udalak, eta horren baitan banatuko dituzte maskarak. 70 urtetik gorako 3.102 pertsona bizi dira Bermeon; horietatik 798, gainera, bakarrik edo bikotean.
Itxiera egoeran aurrera egiteko eta konfinamendu neurriak apurka malgutzeko geroz eta gutxiago falta dela dio Bermeoko Udalak. Eta, egoera berri horretan pausu seguruak emateko asmoa agertu dute. Hori dela eta, 70 urtetik gorako herritarrei zuzendutako programa abiarazi dute gaur bertan.
Programaren helburua da arrisku egoera handiagoan egon daitekeen kolektibo horren egungo egoera aztertzea, jarraipen egokia egitea eta laguntza eta informazioa eskaintzea. Horretarako, udalak informazio liburuxkak banatuko ditu etxez-etxe; Udaltzaingoa arduratuko da horretaz. Gainera, udaltzainek ere, prebentzioa eta segurtasuna lantzeko, 6.000 maskara baino gehiago banatuko dituzte kolektibo horren artean, “lehen irteera ahalik eta seguruena izan dadin”.
Udaletik jakitera ema dutenez, Bermeon 70 urtetik gorako 3.102 pertsona bizi dira; horitatik 798, gainera, bakarrik edota bikotean.
Gaur abiarazi duten kanpaina udal gobernuaren helburu estrategiko batekin zuzen-zuzenean lotuta dagoela azaldu dute; hau da, herritarren zerbitzura dagoen gertuko udaltzaingoaren figuran sakondu gura da. Horregatik, udaltzainak etxez-etxe joango dira informatu eta laguntzeko helburuagaz. Bestalde, datuak emateko prest dauden artatutako herritarrei, eurekin kontakturako telefono zenbaki bat edota familiartekoren baten kontaktua eskatuko zaie, zuzeneko harremana izateko.