Murgak dio EHUrekin elkarlanerako hitzarmena egiteko lanean ari direla
EHUko ikerlariek garatu duten RT-PCR testa balioztatuta daudela bermatuz gero, indarrak batzeko eta "gehitzeko" prest daudela esan du Osasun sailburu Nekane Murgak
EHUko ikerlari talde batek RT-PCR testak egiteko garatu duen metodoari buruz galdetu dio kazetari batek Osasun sailburuari, gaurko prentsaurrekoan. Nekane Murgak erantzun dio 100 test egiaztatu dituztela eta beste 60 egiaztatu behar dituztela orain. “Anonimoen laginak eta emaitzak konparatu behar dira, eta lan horretan ari dira orain”. Gizakien laginekin test horren berariazkotasuna eta sentikortasuna neurtu dituzte, eta Murgak esan du, lanean jarraituz gero, posible dela zenbait arlotan teknika hori hobetzea.
Hala, gaineratu du momentu honetan EHUrekin elkarlanerako hitzarmena prestatzen ari direla, baina badirela beste enpresa batzuk ere horretan ari direnak, laborategi eta ikerkuntza institutu desberdinekin. Hala ere, esan du EHUren laborategiaren teknika dela momentu honetan aurreratuen dagoena.