Maiatzaren 2ra begira
COVID-19aren datuek "hoberanzko joerari eusten" jarraituz gero, maiatzaren 2tik aurrera herritar orok ariketa fisikoa egitera edo paseoak ematera kalera irten ahalko duela iragarri zuen Pedro Sanchezek, zapatuan.
Koronabirusaren ondorioz, atzera kontaketak egitera ohitu dira herritarrak. Konfinamendua hamabostero luzatu, eta ailegatzen ez den helmugaren zain egotera ohitu dira. Maiatzaren 2a da hurrengo hitzordua. Zapatu iluntzeetako ohiko agerraldian, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak esan zuen datuek “hoberanzko joerari eusten” jarraituz gero, maiatzaren 2tik aurrera herritarrek ariketa fisikoa egitera edo paseoak ematera kalera irten ahalko dutela.
Bilakaerak baldintzatuko du, eta beti ere, adituen gomendioei jarraituz hartuko du erabakia Espainiako Gobernuak. Sanchezek biharko ministroen kontseiluan [apirilak 28] aurkeztuko du konfinamendua leuntzen joateko plan bat, eta zapatuan iragarri zuenez, prozesua mailakatua izango da.
Konfinamendua leuntzeko plana lantzen asteak daramatzatela zehaztu zuen Sanchezek: “Mailakatua izango da normaltasun berrirako trantsizioa. Ez dugu kolpe bakarrean jardurera eta mugikortasun sozial osoa berreskuratuko; jarduera eremu bakoitzean, pauso ezberdinak emango dira”. Jarduera bakoitzari ezarritako “mugak egoeraren arabera aldatzen” joango direla azaldu zuen.
Sanchezen berbetan, trantsizioa “asimetrikoa” izango da, eta Espainiako Gobernuak agindutakoa bete beharko dute gainontzeko agintariek. Hau da, pausoak noiz eta nola eman esango du Sanchezen gobernuak eta autonomia erkidegoetako presidenteek horiek bete beharko dituzte. Hala, “leuntzea abiadura ezberdinetan, baina denentzako arau berdinekin” maiatzean egingo dela azpimarratu zuen: “Elkarrekin sartu ginen, eta elkarrekin aterako gara, herrialde bezala”.
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo adierazitakoaren arabera, “kutsatzeen kurba” apaltzen ari da Espainian. Alarma egoera ezarri zutenean, kutsatzeen indizea %35ekoa zela, eta orain %0,8koa dela zehaztu zuen. “Umeak kalera ateratzen uztearen pausoak kutsatzeetan duen eraginak esango du maiatzaren 2rako iragarritako urratsa egitea posible izango ote den”, esan zuen. Oro har, umeak kalera ateratzerakoan izan beharreko irizpide eta gomendioak bete egin zirela nabarmendu zuen, eta beharrezkoa izanez gero, moldaketa batzuk egiteko aukera kontutan hartu dutela azaldu zuen.
Datorren trantsizio horretan jarraitu beharreko estrategiari buruzko Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroak (CCAES) egindako osasun gomendioak biltzen dituen dokumentu bat heralazi zien Sanchezek autonomia erkidegoetako presidenteei atzoko bileran.
Deskonfinamendua lurralde bakoitzaren “osasun-gaitasun estrategikoaren” araberakoa izango dela nabarmendu zuen atzo Sanchezek. Hala, Espainiako Gobernuak irizpide eta eskari zehatzak egin dizkie autonomia erkidegoei. Horiek euren osasun sareak indartu beharko dituzte, koronabirusaren krisiaren “deseskalada faseari aurre egin ahal izateko”. Besteak beste, ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan dauden oheen kopurua bikoiztu edo hirukoiztu beharko dutela esan zuten atzo. Kutsatze berriak “maila onargarri batera” murriztea da gobernu espainiarraren helburua, osasun zentroek gainezka egiteko arriskua saihesteko. Era berean, ospitaleek koronabirusa duten gaixoentzako zirkuitu bat eta gainerakoentzako beste bat izatea eskatu du gobernuak, kutsatzeko arriskua gutxitzeko.