Bakartasunetik oroimen kolektiboa landuz
Gernikako bonbardaketaren 83. urteurrenean iraganean gertatutakoa gogoratu dute, eta gaur egungo egoerari elkartasunaren sugarragaz aurre egin behar zaiola adierazi dute. Arratsalderako hainbat ekimen prestatu dituzte: Moxal eta Hannot Mintegiaren kontzertua eta 21:30ean, berriz, kandelak piztea.
Lau minututan geldi. 15:45ak heldu eta sirena hotsek hartu dute herria. Duela 83 urte Kondor legioko eta Aviazione Legionariako hegazkinek zerutik jaurti zituzten bonbak, eta sarraski eta heriotzez bete zuten Gernika-Lumo.
Isiltasuna eta memoria nagusitu dira gaurko egunean udalerrian, eta gaurko egunez duela 83 urte gertatutakoa gogoratu dute bizilagunek. Egun hartan hildakoak, atzerrira joandakoak edota errepresioaren biktima izandakoak oroitu dituzte. Biktimei omenaldia egin diete gernikarrek.
15:45 helduta, sirena hotsa entzun da herrian. Lorea Ojanguren Kaltzada Egoitzako langilea izan da Astrako sirena pizteaz arduratu dena, eta Unai Olaeta Lobakeko kideak irakurri ditu Alex Uriartek idatzitakoak.
“Gerra izan liteke zerua bonbaz estaltzea eta egunero sarrera iluna ikusi diozun babesleku horretara sartu behar izatea. Gerra izan liteke zerua lau hormaz estaltzea eta egunero mahaiko egurraren higadura ikusi diozun logela horretan gotortu behar izatea”, irakurri du Olaetak. Lehengo gerlariek eskuetan armak zituztela adierazi, eta gaurkoek eskularruak dituztela esan dute: “Gaurko gerran gudariek eskuak eskularruz jantzi eta ospitalez, supermerkatuz eta furgonetaz estutzen dituzte, eta itxaropena banatzen dute, hau da, oraindik bagarela bizi garela sinisteko arrazoia”.
Kamilla edota maskara gutxi geratzen dira, baina elkartasunaren sugarrak bizirik dirauela adierazi dute gaurkoan: “Orainak erakutsi digu elkartasuna eta memoria direla gugan bizirik dirauten gerretarako ukendurik sendagarrienak. Tragediak errepikatzea onartu ezin duen herri baten indarra. Haiek errauts artetik biziberritu ziren bezala, gu ere biziberrituko garela sinisten dugunon konpromisoa. Zerua, bonbaz barik, txaloz betetzen duen gizartearen kemena”.
5.700 kilometrotara. Gernikan ez ezik, Gernikatik 5.700 kilometrotara ere entzun dira sirena hotsak aurten. Pandemiak pandemia eta distantziak distantzi, Amaia Uribe kazetari foruarrak ezin dela apirilaren 26 hartan gertatutakoa ahaztu adierazi du New Yorketik: “Guri dagokigu gure arbasoek jaso zuten injustizia bizirik mantentzea. Memoria berreskuratu behar dugu, eta gure seme-alabei kontatu behar diegu Gernikan zer gertatu zen. Gernikak ez du bonbardaketa ahaztu”.
Kazetariaren birramana Gernikan egon zen duela 83 urte. “Nire birramama Metxikatik Gernikara joan zen, astelehenero legez, bere ortuariak plazan saltzera”, kontatu du Uribek. Egun haretan, baina, produktuak nahikoa arin saldu eta astoa hartuta baserrira itzuli zen: “Metxikara iristerakoan entzun zituen bonben zaratak”. Zortez, ez zitzaion ezer gertatu, baina bonbardaketak biktima asko utzi zituela dio, baita zauri fisiko eta psikologiko asko ere. Hori horrela, “memoria berreskuratu” eta seme-alabei apirilaren 26 haretan gertatutakoa kontatu beharra azpimarratu du, “urte batzuetara berdina gertatu ez dadin”.
Udal ordezkariek ere omenaldi xumeak prestatu dituzte. 1937ko apirilaren 26an herriko alkate zen Jose de Labauriaren monolitoaren parean lore eskaintza egin dute lehenengo, eta George Steer kazetariaren monolitora joan dira gero. Bertan, gerra kazetariak Gernikako bonbardaketaren krudelkeria nazioartean zabaltzea eta salatzea goraipatu dute. Arratsaldean, berriz, Zalloko hilerrira joan dira udal agintariak, eta bonbardaketaren biktimak omendu dituzte.
Herri ekimenei, lekua. Herri ekimenek ere leku berezia izan dute bonbardaketaren urteurrenean. Urkieta kaleko leiho eta balkoiak Picassok margoztutako Gernika koadroaren zatiz jantzi dira. Herritarrentzako egun berezia da gaurkoa, eta etxeko konfinamendutik ere memoria landu dute. “Bonbardaketaren urteurrena modu berezian gogoratu gura genuen”, azaldu du Naiara Gabiola ekimenaren antolatzaileetako batek: “Ez da ospatzeko eguna, gogoratzekoa baizik. Hala, koadroaren atalak leihoetara atera eta antzerki txikia egitea pentsatu genuen elkarregaz, gero, bideo bat egiteko”.
Auzokideek erakutsitako konpromisoa “sekulakoa” izan dela dio, eta emaitzagaz “oso-oso pozik” daudela azpimarratu du Gabiolak: “Auzokideen erantzuna ikaragarria izan da. Oso harro gaude”. Duela 83 urte Gernikan gertatutakoa gogoratu dute, eta gaur egindako ekimena ere, euren memorian geratuko dela diote.
Athletic eta Realaren arteko futbol finala jokatu behar zen egunean hasi ziren ekimena prestatzen: “Jai txikia egin genuen egun hartan, eta auzokideen erantzuna ona izan zen. Orduan, beste zerbait egitea pentsatu genuen, berrogeialdia beste era entretenigarriago batean bizitzeko”. Bonbardaketaren urteurrena zetorrela ikusita, eguneroko txaloen ostean batu dira, eta aurrerantzean ere, bestelako ekimenak prestatzeko “gogoz” daude: “Sevillako feria dator orain, eta baliteke horri buruzko zerbait ere egitea. Pentsatuko dugu”.
Artxiboa. 1976an egin zuen lehen ekimen publikoa Gernika Batzordeak, bonbardaketaren 39. urteurrenean. Batzordearen lehen eginkizuna gezur ofiziala biluztea izan zen. Hau da, bonbardaketaren aitortza historikoa eta erantzukizunen exijentzia, Gernika-Lumo kultura eta bakearen hiria izendatzea eta Picassoren Guernica koadroa Gernikara ekartzea: “Herri aldarrikapenak bideratzeko bitarteko bihurtu ginen”.
Ordutik, ekimen, egitasmo eta jarduera anitzak garatu dituzte, jende, eragile eta instituzio askogaz elkarlanean. “Ez genuen behar bezala jaso horien guztien berri; ez ditugu, tamalez, dokumentu, argazki eta agiri guztiak bilduta”. Hala ere, dituztenak herritarren eskura jarriko dituzte Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren bidez. Dagoenerako ikusgai, aztergai eta erabilgarri jarri dituzte lan batzuk, eta aurrerantzean gehiago publikatzen joango dira: “Dugun dokumentazioa erabakigarri izateko lanean dihardugu. Memoria, geure herriaren bilakaerarekin estu lotua egon delako, eta, aurrerantzean ere, egongo delako”.
Argiak leihoetan. Eguna oraindik ez da bukatu. Aurtengo musika emanaldia berezia izango da. Astrako bunkerretik atera, eta kalera egin du salto. Pasealekuan beste bunker bat zegoen, eta horren esanguratsua den herriko plazatik emanaldia prestatu dute Hannot Mintegia eta Aitor Etxebarriak. Arratsaldeko 19:00etan Berakatz Zoparen instagramenan ikusi ahalko da.
Gaueko 21:30ean, berriz, kandelak pizteko deia egin dute. Kaleak manifestazioan zeharkatu beharrean, etxeko leiho eta balkoiak argiztatzea da helburua: “Kandelekin, mugikorrekin zein linternekin argitasuna eman eta Gernikako zerua argitzatzea da asmoa. Ziur gaude erabat ez-ohikoa den irudia izango dela”.