Bonbardaketaren 83. urteurrena online gogoratzeko egitaraua prestatu dute Gernika Gogoratuz eta Bakearen Museoak
Gernika Gogoratuzeko eta Bakearen Museoko arduradunek elkarlanean antolatutako programa bateratu eta birtuala aurkeztu dute, koronabirusak sortutako ezohiko egoeri aurre egiteko.
COVID-19a dela eta, aurten Gernikako bonbardaketaren 83. urteurrena online oroituko dutela diote Gernika Gogoratuzeko eta Bakearen Museoko arduradunek. Hori horrela, elkarlanean antolatutako egitaraua prestatu dute gaurko, biharko eta etzirako. Programa guztia bi zentroen webguneetan jaso ahalko da, baita sare sozialetan ere.
Gernikako bonbardaketa gogoan lelopean, programa bateratu eta birtuala aurkeztu dute, koronabirusak sortutako ezohiko egoeri aurre egiteko. “Bi zentroek urte asko daramatzagu Gernikako bonbardaketatik bizirik atera ziren gizon eta emakumeek transmititutakoari, testigantzei, ez ahazteko nahiari eta gertatutakoa eta ikasitakoa belaunaldi berriei transmititzeari balioa ematen”, adierazi dute, eta lan horren emaitzak erakutsiko dituztela online prestatutako programan jakinarazi dute. Besteren artean, orain artean egindako argitalpenak, bideoak edota baliabide guztiak jarriko dituzte euren webguneetan (Gernika Gogoratuz eta Bakearen Museoa), eta #GernikakoBonbardaketa2020 traola erabilita zabalduko dituzte sare sozialetan.
Hori horrela, bonbardaketaren 83.urteurrenean eta Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 75.urteurrenean, gerrei eta haien ondorio lazgarriei buruzko hausnarketak bideratu gura dituzte: “Oroitzeko, hausnartzeko eta itxaropen mezua hedatzeko garaia da”.