#Danonartean ekimenagaz bat egin dute eskualdeko erakunde ugarik
Busturialdeak aurrera egiteko itxaropena behar duela iritzita batu dira erakunde publiko zein pribatuak, "koronabirusaren krisia amaitzen denean indarrak batu eta aurrera egiteko".
Busturialdea-Urdaibaik «momentu zaila» bizi du, eta aurrera egiteko “itxaropena” behar duela uste dute eskualdeko erakunde publiko zein pribatuek. Koronabirusaren krisia amaitzen denean, “aurrera egiteko indarrak batzea ezinbestekoa” dela diote, “inor atzean utzi barik”. Horregatik, #Danonartean ekimenean batu dira 40tik gora erakunde publiko zein pribatu.
Ekimena, gainera, irekia da, eta bat egin gura dutenek 615 79 49 43 telefono zenbakira deitu ahalko dute, edo nuevaeuropa@outlook.com helbide elektronikora mezu bat idatzi.
Osasun krisiaren aurreko ekonomiaren eta bizitza soziokulturalaren egoera berreskuratzeko eta gainditzeko helburu komuna daukate #Danonartean ekimenera batu direnak. “Helburua ez da aurreko egoerara itzultzea, hobetzea baizik, ilusio berriak sortzea eta bertako biztanleen ongizatea eta eskualdearen etorkizuna bermatzea, herriz herri”.
Konfinamenduak gelditu ez. Diotenez, koronabirusaren krisiak denak harrapatu ditu, bai enpresa zein erakunde, beren jardun esparruetan aurrera egiteko lanean, etorkizunerako proiektuak ilusioz lantzen: “Proiektu horietako asko trinkotu egin dira, beste batzuk, ordea, arriskuan jarri dira”. Gakoa, orain, eskualdeko eragileak batuta Busturialdea-Urdaibai denon artean aurrera ateratzea izango dela azaldu dute, eta gako horrek “pertsonen konpromisoaren eta ahalegin partekatuen” bidez funtzionatuko du; “Izan ere, logotipoen edo marken atzean, aurrera ateratzeko baliabideak jartzen dituzten pertsonak daude”.
Bakoitza, bere gaitasunetik, neurriak prestatzen eta planifikatzen hasita daudela jakinarazi dute, enpresen, saltokien, autonomoen… jarduera ekonomikoari eusten eta bultzatzen laguntzeko, bai eta turismoan eta kulturan ere, “gorabidean dauden sektoreak baitira eta identitatearen eta berrikuntzen bidez ekonomia sortzen eta lurraldea kohesionatzen baitute”.
Konfinamenduak gelditu ez, eta ideiak eta proiektuak pentsatzeko eta proposatzeko aprobetxatu behar dutela uste dute. Une hauetan Internet eta sare sozialak “funtsezko tresnak” dira partekatzeko, komunikatzeko, motibatzeko, inplikatzeko…: “Ilusio eta espiritu ekintzaileari eutsi behar diogu, historikoki Busturialdea-Urdaibaiko pertsonok erakutsi duguna”.
Berrikuntzen bidea hartuta, sektore guztietan kalitatearen eta turismo jasangarriaren alde egin behar dutela diote ohar batean: “Luxua da gurea moduko eskualde batean bizitzea, errespetatu beharreko balioa. Hortik bizitzen ikasi behar dugu, gehiegi ustiatu barik”.
Arrakasta “ahalegin kolektiboan” dagoela argi daukate, norbanakoen ahaleginak batzetik datorrela.
Bertokoa kontsumitzearen garrantzia azpimarratu gura izan dute, gainera: “Krisi honetatik ateratzen garenean gure herrietako merkataritzan kontsumitu, gure zinemetara joan, gure gastronomia sasoiko produktuekin bete, gure artistei babesa eman, gure barneko turismoa bultzatu, gure historia eta nortasuna gure museo eta aztarnategi arkeologikoetan ezagutu eta gure herrietako profesionalen zerbitzuak kontratatu behar ditugu. Ezagutu eta goza dezagun Busturialdea-Urdaibaik eskaintzen dituen gauza on guztiez, eta izan gaitezen gu ere motorra”.