Auzitegi Nazionalak Gernika-Lumoko Arrano elkartearen diru kontuetan esku hartu du
2002tik blokeatuta zegoen kontuaren dirua bere egin du auzitegiak, sententzia exekutatuz. Ostean, enbargatutako eraikinen kontra joko duela uste du abokatuak
Espainiako Auzitegi Nazionala herriko taberna eta elkarteen sententzia exekutatzen hasi da, blokeatuta zituen kontu korronteetako dirua bereganatuz. Zenbait elkarte eta tabernaren kontuen aurkako neurria hartu du Espainiako epaitegiak, eta datozen orduetan gainontzekoen aurka ere joko duela uste dute abokatuek. Gernika-Lumoko Arrano eta Bermeoko Bolatoki herriko tabernen abokatu Aitor Amutiok jakitera eman duenez, Gernika-Lumoko elkartearen kontuetan zegoen dirua kendu dute, «5.000 eta 6.000 euro inguru zeuden».
Duela 18 urte hasi zen herriko tabernen aurkako auzia, eta 2016. urtean eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 35/02 auziaren gaineko epai irmoa. Auzitegi Nazionalak emandako sententzian zigortutako 111 elkarteetatik sumariotik kanpo utzi zituen lau, horien errekurtsoa onartu ostean. Dena den, 107 kultur elkarte zigortu zituen Gorenak.
Amutiok azaldu duenez, orain 2020an neurri bezala blokeatu zituzten kontuetako dirua kentzen hasi da Auzitegi Nazionala. Zenbait elkarteren kasuan, gainera, kontu korronteak blokeatu ostean zabaldutako beste kontu batzuetan zuten dirua ere kendu dizkietela esan du Amutiok: «Hori ez da legezkoa. Arinegi jokatu dutela uste dugu, eta egoerarekin baliatu direla ukitu behar ez zituzten kontuetan ere esku hartzeko, baina diru hori bueltatu egin beharko du auzitegiak».
Kontu korronteetan esku hartzea, gainera, inolako abisurik gabe egin dutela nabarmendu du abokatuak, eta atzo heldu zitzaien auzitegiko jakinarazpena, zenbait kontu hustu ostean.
Hurrengoa, eraikinak. Diruak bakarrik ez, eraikinak ere enbargatuta dituzte zigortutako herriko tabernek. «Logikoena litzateke diru kontuekin amaitu ostean eraikinen kontra jotzea», esan du Amutiok. Hala ere, ondasunen kontua zailagoa dela azaldu du, «bakoitzak bere forma juridikoa duelako». Bermeoko Bolatokikoa ez, baina Gernika-Lumoko herriko tabernaren eraikinaren enbargoa exekutatu dezake Auzitegi Nazionalak. Alabaina, berez prozedura hori konplexuagoa denez, noiz exekutatuko duten jakiterik ez dagoela esan du Amutiok.
«Lapurreta». Eguaztenean jakitera eman zuen Sortuk Auztegi Nazionala herrikoen kontrako sententzia exekutatzen hasia dela. Alderdi politikoak dioenez, «eskandaluzko epai politiko horrek 36ko gerraz geroztik eman den espoliazio politiko eta ekonomiko handienari bide eman zion». Hala, beste behin ere, Sortuk salatu du epai hori ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat dela.