83. urteurrena babespetik oroitzekoa
Bonbardaketaren urteurrenerako egitarau egokitua prestatu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformak eta Gernika-Lumoko Udalak. Ekitaldiak online jarraitu ahal izango dituzte herritarrek, nork bere etxetik. 15:45ean 4 minutu ekimenarekin eta 21:30ean kandelen ekimenarekin bat egiteko dei berezia egin dute.
Domekan 83 urte beteko dira 1937ko apirilaren 26an Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak Gernika bonbardatu zutela. Urteurren hau, baina, berezia izango da COVID-19 birusak sortutako egoera dela eta. Konfinatuta, etxetik, babespean oroituko dute domekan gernikarrek egun hura.
Gernika-Lumoko Udalak egitarau sinbolikoa prestatu du, eta erakundeetako ordezkarien talde txiki batek bakarrik parte hartuko du horietan, osasunerako prebentzio neurriak errespetatuz. Jose de Labauria eta George Steer-en omenezko ekitalditxoak egingo dituzte goizean, eta hilerrian biktimak oroitzeko eta omentzekoa arratsaldean. Gauean, kandelekin etxetik balkoira ateratzeko deia ere egin du Gernika-Lumoko Udalak. Ekitaldiok streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte herritarrek, www.gernika-lumo.net atarian eta Facebook eta twitter kontuetan.
Konfinamendutik, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak ere domekarako egitaraua prestatu du, etxetik jarraitzeko modukoa. Plataformako kide Ibon Meñikak zehaztu duenez, «orain 80 urte babesleku bila ibili ziren Gernikan zirenak, bonbengadik babesteko leku bila, eta 83 urte geroago, babesleku barruan harrapatu gaitu urteurrenak». Bi egoera horien paralelismoa nahiko adierazgarria dela dio, eta plataformaren helburua izan dela, konfinatuta egon arren, egun hori egia, justizia eta askatasuna aldarrikatzeko eguna izatea, «Gernikatik mundura, eta horri erantzungo dio prestatu dugun egitarauak». Ez da izango aurreikusita izan dutena, baina edukiz eta pentsamenduz elikatuko dion ekinbide bat plazaratu gura izan dute.
“Aurten, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, gure babeslekutik, egia, justizia eta askatasuna aldarrikatzeko deia egin nahi dugu”
Eguna edukiz jantzi. Goizean goizetik, balkoi eta leihoetan xingola beltza duen ikurriña eskegiteko deia egin dute. Horrez gain, plataformaren wegbunetik (www.guernicagernikara.eus) zabalduko dituzten hainbat ekimen prestatu dituzte domekarako: «Aurten, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, gure babeslekutik, egia, justizia eta askatasuna aldarrikatzeko deia egin nahi dugu».
Ingo Niebel eta Angel Viñas historialariei elkarrizketa, Sartaguda eta Lleidatik helarazitako mezuak, Gernika Batzordearen artxiboaren aurkezpena, Gernika Garretan antzezlanaren argazki muntaia, Lagartija Nick taldearen Guernica abestiaren bertsioa… Edukiz josi dute urteurrena ere, baina badira bi ekitaldi bereziki zaindu gura izan dituztenak; urtero bezala, aurten ere bereziak izatea gura dutelako. 15:45ean egin ohi den 4 minutu ekimena da bietako bat. Meñikak azpimarratu du hasieratik zela euren asmoa 4 minutu ekimenak herritarrentzat duen sinbolismoa eta esangura bermatzea «bai gernikar guztientzat eta Gernika kontuagaz bat egiten duen edonorentzat».
Hain zuzen ere, Lleidako (Herrialde Katalanak) Ateneo La Baula eta Sartagudako Alargunen herria, memoriaren parkea elkarteak ziren aurten sirena piztu behar zutenak, eta mezua helaraziko diete gernikarrei. Egoera honetan, azkenean, Kaltzada Egoitzako langile batek aktibatuko du Astrako sirena.
“Nork bere babeslekutik, lau minutu horiek bizi ditzake eta modu bateratu batean egin dezakegu”
Egoera dela eta, herrian zabalduko dute sirena hotsa. Astran eta Pasealekuan ipini dituzten bi sirenekin. Era berean, gonbidapena egin dute edonork eta edonondik bat egiteko. «Gernikak joera izan du leku fisikoetan elkarrekin 4 minutu horiek gogoratzeko, baina aurten ezin izango gara horretarako elkartu. Bai, ordea, nork bere babeslekutik, lau miutu horiek bizi ditzake eta modu bateratu batean egin dezakegu», azaldu du. Horretarako, sirena hotsa deskargatzeko aukera emango du plataformak bere webgunean.
Domekan esangura berezia izango duen bigarren ekimena kandelena izango da. Iluntzean, 21:30ean, kandelak pizteko deia egin dute. Kaleak manifestazioan zeharkatu beharrean, etxeko leiho eta balkoiak argiztatzea da helburua: «Kandelekin, mugikorrekin zein linternekin argitasuna eman eta Gernikako zerua argitzea da asmoa. Ziur gaude erabat ez-ohikoa den irudi bat lortuko dugula».
EGITARAUA:
Gernika Memoriaren Lekuko
*APIRILAK 24
18:00. Gernika Batzordearen artxibo historikoaren aurkezpena.
18:10. Mugimendu antimilitaristaren ekimenarekin bat egitea.
18:15. Elkarrizketa Ingo Niebel historialari eta kazetariari: Galtzada-harriak, nazismoaren biktimak gogoratzeko modu bat.
*APIRILAK 25
12:00. Amaia Uriberen mezua New Yorketik.
12:05. Elkarrizketa Angel Viñas historialariari.
13:00. Gernikaren egiak ikus-entzunezkoa.
13:00. Pavel Eguez artista ekuatoriarraren ekarpenaren aurkezpena.
16:00. Elkarrizketaren esteka: Pavel Eguez, el artista que hace del arte una utopia.
17:00. Lagartija Nick taldearen Guernica kantaren bertsioa, Antonio Arias partaidearen eskutik.
16:00. Gernika Garretan. Argazki muntaia.
*APIRILAK 26
Goizetik. Ikurriñak xingolarekin balkoietan jartzeko deia.
12:00. Lleidako Ateneo La Baula lagunen mezua.
Sartagudako Alargunen herria, memoriaren parkea elkartearen mezua.
12:00. Sirena hotsa entzungai www.guernicagernikara.eus webgunean.
15:45. 4 minutuko isilunea. Zabaldu leihoak sirenari.
19:00. Hanot Mintegia eta Aitor Etxebarriaren kontzertu akustikoa. Lobak eta Berakatz zopako instagramean.
21:30. Kandelak (linterna, mugikor argiak) balkoiak eta leihoak argitzeko deialdia.
Gernika-Lumoko Udala
*APIRILAK 26
11:30. Jose de Labauriari omenaldia, haren eskultura dagoen lekuan.
12:00. George Steer kazetari britaniarrari omenaldia, haren bustoaren aurrean.
16:30. Biktimen omenezko kanpai jotzea eta lore eskaintza Zallo hilerrian.
21:30. Kandelekin balkoi eta leihoetara ateratzeko deia.