Txistu eginez, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin bukatzea eskatuko dute barikuan
Etxeko leiho eta baloiak aldarrikapenez betetzeko deia egin dute barikuko 19:30ean. Lehenago, baina, Etxetik Etxera saio bereziaren bigarren atala proiektatuko dute.
Sare eta Etxerat elkarteek euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uztea eskatuko dute, beste behin, barikuan [apirilak 24]. Lehenago, baina, Etxetik Etxera saio bereziaren bigarren atala proiektatuko dute.
Etxeko leiho eta balkoiak aldarrikapenez betetzeko deia egin dute elkarteek etzirako. Izan ere, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak gogorrak baziren lehen, COVID-19ak eragin duen alarma egoeraren ondorioz, “are gogorragoak” bilakatu direla diote, “bai euskal presoentzat zein haien senide eta lagunentzat”.
Hori horrela, balkoi eta leihoetatik hiru aldiz txistu egitera deitu dute 19:30ean. Ekimena, baina, etxeetatik sare sozialetara eraman gura dute, “aldarrikapena ahalik eta gehien zabaltzeko”. Protesta hori bideoan grabatzea eskatu dute, horizontalean, eta, ondoren, Sareren posta elektronikora, edo 678 137 405 telefono zenbakira bidaltzeko eskatu dute; prentsa@sare.eus da helbidea. Sare sozialetan partekatzeko deia ere egin dute #EtxeanNahiDitugu traola erabilita.
Aldarrikapenen aurretik, 19:00etan, Zabaldu leihoak etorkizun berri bati izeneko saioa jarraitu ahalko da Sare Herritarraren Facebook eta Youtube kanaletan, eta Hamaika Telebistan eta telebistaren sare sozialetan; ordu erdiko saioa izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Hilabeteko azken ostirala izanik, martxoan egindako saioari jarraipena ematea erabaki dute.
Sare On. Gernika-Lumoko Sarek, gainera, Sare On Konfinamendutik laugarren saioa egin du Biztu Irratian. Iñaki Zugadi euskal presoen abokatuagaz eta Sabin Ibazeta Gernika Batzordeko kideagaz hitz egin dute, eta Onintza Enbeitaren bertso-eskutitzagaz eta Patxi Gaztelumendiren Gatibutza eta literatura ekarpenagaz osatu dute saioa. Konfinamenduan egonda ere, “etxerako bidea saretzen” jarraituko dutela diote.
Gainera, domekan, Gernika bonbardatu zutela 83 urte beteko direla gogoratzeko, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak antolatutako egitarauagaz bat egiteko deia egin dute: “Egia, justizia, memoria, askatasuna eta bakearen alde egiteko”.