Datuak positiboak direla, baina "zuhurtziaz" jokatu beharra dagoela dio Eusko Jaurlaritzak
Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako ordezkariak azaldu duenez, aurreko asteetan baino hildako eta gaixotutako pertsona gutxiago baieztatzen ari dira. Gaur gaurkoz, 256 positibo zenbatu dituzte Busturialdean.
Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako ordezkariak azaldu duenez, aurreko asteetan baino hildako eta gaixotutako pertsona gutxiago baieztatzen ari dira aste honetan; hori “seinale ona” dela dio, baina “zuhurtziaz” jokatu behar dela azpimarratu du.
“Eboluzioa positiboa dela diote datuek. Egoera horrela mantenduz gero, baliteke “hurrengo asteetan” ospitale batzuk COVID-19a duten paziente barik geratzea”, adierazi du Sanchezek. Hala, herritarrak egiten ari diren ahalegina eskertu du: “Bide honetik goaz, baina egoerari aurre egiten jarraitzeko, hartutako neurriak errespetatu behar dira”.
Astelehenean iragarri zuten bezala, PCR eta test azkarren emaitzak bereizita eman dituzte gaur, Osasun Ministerioaren eskaerari erantzunez. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak atzo inoiz baino test gehiago egin zituela adierazi du: 3.804 PCR proba eta 2.129 test azkar. Atzo egin zituzten 100 probatik 6k eman zuen positibo.
Beste egun batez, osatzen ari direnen edota alta jaso duten pertsonen kopuruak gora egin zuen, guztira 7.651 pertsonara iritsiz. Besteak beste, Sanchezek nabarmendu duenez, atzo baino 69 ospitaleratu gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ZIU oheen okupazioa erdira murriztu da epidemiaren une gogorrenekin alderatuta. Gaur gaurkoz, 905 pertsona daude ospitaleetan.
Hala eta guztiz ere, beste 21 heriotza zenbatu zituzten, eta, dagoeneko, 1.124 lagun hil dira COVID-19aren ondorioz.
256 positibo Busturialdean. Azken orduotan konfirmatutako beste 234 positibo izan dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta kutsatutakoak, beraz, 13.044 dira orotara.
Eskualdean, hiru positibo gehiago zenbatu dira azken 24 orduetan. Gaur iragarritako datuen arabera, 256 pertsona dira koronabirus proban positibo eman dutenak Busturialdean. Bermeon 98 kasu positibo zenbatu dituzte, 65 Gernika-Lumon, 37 Mundakan, 31 Busturian, 4 Elantxoben, eta hiruna Foruan, Gautegiz Arteagan eta Kortezubin. Kasu bina daude, berriz, Arratzun, Ibarrangelun eta Morgan, eta kasu bana Sukarrietan, Ereñon, Errigoitin, Mendatan, Muxikan eta Nabarnizen.