"Tutto andrá bene"
Italian Lombardian jo du gogorren Koronabirusak. Bertan, Milanen bizi da Marivi Mendieta Urrutxua gautegiz arteagarra. Ostalaria da eta "tunel luzearen amaierako argiaren" zain, hango zein hemengo egoeragaz kezkatuta dago.
Aste Santuan eta udan familiakoak bisitatzera etortzen da Busturialdera Marivi Mendieta Urrutxua gautegiz arteagarra. Aste honetan hemen behar zuen, baina etxean dago, Milanen.
“Larrialdi egoera hau izan ez balitz, domekatik Gautegiz Arteagan egongo nintzen, eguzkia hartzen eta Gernikatik paseatzen eta pintxoak jaten, hamar egunez. Hasieran alarma nahikoa sentitu nuen; hemen dagoen semea eta biok sufritzen geunden, eta hor daukadan familiagatik ere arduratuta nengoen. Hor dagoen semeari eta ahizpari esaten nien zaintzeko, horra ere helduko zela. Orain lasaiago nago”.
Europan Italia izan zen COVID-19aren lehen geralekua. Gogor jo du, 18.000 hildakoren langa gainditu du; 143.000 kasu positibotik gora zenbatu dituzte. Datuak datu, Lombardia da positibo gehien daukan zonaldea, eta bertan, Milanen bizi da Mendieta. Ostalaria da; martxoaren 7an itxi zuten Jai Alai jatetxea, eta ordutik etxean dago. Zaila, gogorra izaten ari dela dio, eta “tunel luzearen bukaerako argia” itxaroten ari da. “Martxoaren 10ean eman zuten ixteko agindua, baina guk aurretik hartu genuen erabakia. Jendea ez zen etxetik irtetzen, inguruko enpresak ixten ari ziren, eta alferrik zen zabalik edukitzea. Gastuak gehiago ziren irabaziak baino; ez zuen merezi”. Itxi aurreko egunetan ere segurtasun neurriak hartu zituztela gogora ekarri du: “Jatetxea itxi aurretik ere metro t’erdiko distantziak uzten ari ginen, eta barran ezin zen egon, mahaira zerbitzatzen genuen”.
Maskarekin bizitzera ohitu dira, kalera ateratzeko beharrezko direlako. Eta ez daukanak “zapi edo bufandagaz tapatu” behar dela dio: “Hemen ekoiztutako 6.000.000 maskaratik gora heldu direla esan digute asteon eta Estatuak farmaziei banatuko dizkie doan. Gero suposatzen dut farmaziek kobratu egingo dizkigutela. Orain arte egon direnak, normala den moduan, ospitaleetara eroan dituzte. Osasun profesionaleko langile asko hil dira, zoritxarrez, eta eurak dira ondo babestuta egon behar diren lehenak. Jatetxean garbiketarako erabiltzen ditugun maskarak eduki ditut orain arte, eta horiek amaitzean auzoko baten alabak egindakoak erabiltzen hasi naiz”.
Etxean egotea gogorra egiten ari zaio, eta badaki oraindik ere asko geratzen dela. “Ez pentsatu hemendik hamabost egunera zabaldu ahalko dugunik, ezta pentsatu ere. Argi dugu oraindik ere horrela denbora asko egongo garela. Tunelean argia ikusten dela diote, baina tunel honek kilometro asko ditu. Noiz ikusiko dugu?”
Datuei so
Jatetxeko eguneroko jendearen joan-etorria ohituta, lau hormen artean egunak eta orduak are luzeagoak dira berarentzat: “Ezin duzu egun guztia telebistara begira pasatu. Beti berdina ikusteagaz nekatu egiten zara. Informatuta egon gura dugu, eta nola gauden jakiteko uneoro datuak ikusten ari gara, adikzio baten modukoa da. Lombardian zelan gauden jakiteko 18:00ak heltzeko itxaroten egoten gara”.
Babes neurriak errespetatzea eta garbiketa zorrotz egitea zintzo betetzen ari dira, eta inguruko kaleak zein etxebizitza blokeen guneak astean bizpairutan desinfektatzen dizkiete.
Biztanleriaren gehiengoak agindutakoa egiten duela azpimarratu du, eta orain dela beldur gehien daukaten momentua. “Inoiz baino beharrezkoagoa dela alertan egotea esan digute”. Kontrol zorrotzak edonon aurkitzen dituztela aitatu du; helikopteroekin eta dronekin ere zonaldea kontrolatzen dute. “Jatetxea bi portaletara edukitzearen zortea daukat, eta egunero joaten naiz dena ikuskatzera eta bide batez ogia erostera”.
Mendietak dioenez, Italia hegoaldean baino hobeto daude osasun arloan. “Orain egoera hobea da, baina hemengoa oso gogorra izan da. Lombardian 6.000 hildakotik gora ditugu. Eskerrak hegoaldean kasu gutxiago daudela. Han hemengoa egon balitz, ez ginateke inoiz aterako. Hegoaldean ospitalak eta denetarik falta da”. Haren berbetan, ezinezkoa da osasun sistema halako zerbaitetarako prestatuta egotea. “Birus madarikatu honekin gehiengoak erreanimazioan egon behar badu, ospitaleetan zenbat bizkortze postu eta arnasgailu dituzte? Milaka pertsonek erreanimazioan egon behar badute, non edukiko dituzte? Ezinezkoa da; inor ez dago prestatuta. Gobernu guztiek osasun eta hezkuntza alorretan egiten dituzte murrizketak, eta begira orain zelan gauden. Gero halakoak gertatzean horrela harrapatzen gaitu. Osasun arloan aurreratuta gaudela uste dugu, baina hainbeste murrizketagaz… Orain osasun sisteman gastatzen ari gara, lehentasuna da eta izan beharko luke beti”.
Bizi dutenak kezkatzen du, baina baita etorriko denak ere. Baina, momentu honetan osasuna da bere eta ingurukoen kezka nagusia. “Osasuna da garrantzitsuena. Baina, hau amaitzen denean, zelan hasiko gara? Jatetxea zabaltzeko baimena ematen digutenean, zenbat jende joango da? Denoi gertatu zaigun moduan, eskolak itxi zituztenean pentsatu genuen apur bat alarmismoa zela. Gero, egunetik egunera kutsatuen eta hildakoen kopuruak goraka ikusita, konturatu ginen pentsatzen genuena baino serioagoa zela. Batez ere hemen Lombardian, eta Milango probintzian. Beldurtuta geunden. Egunotan badirudi bihurgunera heldu garela, eta beherakada doala, baina orain da gogorren egin behar dugun momentua”.
“Tunelean argia ikuste dela diote, baina tunel honek kilometro asko ditu”
Pentsioak helduko ote diren, eman behar dizkieten laguntzak ailegatuko ote diren… zalantza eta kezka asko dituzte. Gaixotasuna gainditzea da lehentasuna, baina egoera ekonomikoa ere dene ahotan dago. “Hemen esaten dute, 50eko hamarkadaren moduan izango dela, inor ez dela Italiatik aterako oporretara, denak hemen geratuko direla. Eta imajinatzen dut hor ere berdina izango dela. Osasuntsu egon eta taberna irekita, beldurragatik edo arduragatik jendea ez bada irtetzen? Jatetxeak eta tabernak ez dira oinarrizko zerbitzuak; jendea jatetxera joan gabe bizi daiteke, beste gauza eta gastu asko daude aurretik”.
Buruak ez du atsedenik hartzen, eta beldurraren eta ezjakintasunak eraginda, buruari buelta asko ematen dizkiola zehaztu du. Egoerari buelta ematea erreza ez dela izango argi dauka.
Alkar laguntzen
Hasieran ez bezala, ondorengo asteetan jendea beharrezkoa denean soilik irtetzearen garrantziaz ohartu dela kontatu du. Zortzi etxebizitza bloketan 200 bat familiako komunitatea da eurena, eta gazteak eredu izaten ari direla nabarmendu du. Esaterako, etxean geratzera derrigortu zituztenetik zaharrenei laguntzeko prest agertu dira, eta otzarak jarri dituzte elikagaiak uzteko eta behar dituztenek hartzeko: ”Elkartasun eredu sinestezina ematen eta alaitasuna transmititzen ari dira. Balkoietan kantatzen egoten dira, pozgarria da”.
Agintarien erabaki eta neurriez galdetuta, agian, informazioa arinago ez ematean huts egin dutela erantzun du. “Baina, ondo pentsatuta, bat-batean heldu zaigu hau. Txinako, Wuhango albisteak entzutetik segituan Lombardian itxiera tokatu zaigu. Erreakzionatzeko astirik ez dugu eduki, eta suposatzen dut gobernuari berdina gertatu zaiola. Soilik Lombardian ia 11.000.000 biztanle gaude. Gainera, eskualdeak gauza bat erabaki lezake, eta gero gobernuak beste bat. Eskualdeko aparatu politikoak ondo jokatu duela uste dut. Hau egin izan balitz, mugak arinago zarratu izan balira… Gauza batzuk ekidin zitekeela orain esatea erraza da”.
Dena ixtea zaila bada ere, arinago itxi izan balitz egoerari buelta emanda egongo zirela deritzo, “edo behintzak gauzak apurka-apurka zabaltzen”. 15-20 egun barru enpresa batzuk zabaltzen hasiko direla uste du. “Baina zeintzuk hasiko dira zabaltzen? Ostalaritzari ez digute utziko; ez dakigu noiz zabaldu ahalko ditugun gure negozioak”.
“Egunotan badirudi bihurgunera heldu garela, eta beherakada doala, baina orain da gogorren egin behar dugun momentua”
Enpresei lagunduko dietela esan die gobernuak, baina ez dakite zelan izango den. “Merkatari txikienok daukagu laguntzen beharra; milaka gaude hemen. Baina, denontzat egongo da? Esaterako, alokairua edota maileguak ordaintzen ari direnei gobernuak esan die hipoteka eten dezaketela hilabeteotan. Baina, gero, interes baxuagoagaz bada ere, ordaindu beharko dute”.
2008ko krisia ere orokorra izan zela gogoratu du: “Askok zarratu egin behar izan zuten, eta beste askok ahal izan genuen moduan eutsi genuen; gehiago zorpetuta egin genuen aurrera. Ordutik sekula ez da izan lehengo berdina. Guk 2010ean igarri genuen krisia; gutxienez %30 jaitsi zitzaizkigun irabaziak. Berdina gertatuko da orain? Hori da denok pentsatzen ari garena”.
Momentuz, bat eginda egon behar dutela esan du, eta elkar lagundu hemendik ateratzeko. “Eta tunelaren argia hurbilago ikusten dugunean, pentsatuko dugu geroan. Gerria estutu beharko dugu, baina hainbeste estututa gerri barik geratuko gara azkenean. Ea ateratzen garen, gauza oso berde dago -eta, hemen, hor eta denean. Beti pentsatzen dugu txikioi baino handiei laguntzak arinago ematen dizkietela. Lehen ondo zebiltzanak segituko dute, baina kili-kolo zebiltzanak, agur”.
Turismoa ezinbestekoa da italiar ekonomiarentzat: “Aste Santua, Erroma, Florentzia… turistaz beteta egoten da. Adibidez, Txinatik turista asko etortzen da; urtean 8.000.000 txinatarretik gora bai etortzen dira turismoan. Japoniarrak, errusiarrak… noiz etorriko dira horiek orain? Ekonomia lurzorura doa”. Industrian dena dago itxita. Automobilgintzaren industriak indar handia dauka, baina dena geldi dago: “Ezin da ezer ekoiztu. Zer egingo dute moda, diseinua? Horregaz bakarrik ezin da bizi, eta horiek ere zer egingo dute, saltzeko merkaturik ez badago? Nora esportatuko dute? Dena da kate bat. Azkenean ikusiko dugu argi hori, baina ez dadila asko berandutu”.
Ostalaritza maiatzean martxan jartzea espero du. Baina errealitatea gordina da, eta gero ere izango dela badaki. Edukiko duten egoera ez dagoela batere argi dio: “Turismorik barik eta jendea ez bada irtetzen dirurik ez duelako, jatetxea zabaltzea eta jendea ez etortzea gogorra izango da. Bizi ahal izateko eta gastuei aurre egiteko behar dugun beste bezero ez edukitzea da gure kezka”.
Egoera latz hau “mundu osoan amaitzea” espero du eta dena normaltasunera bueltatzea, apurka-apurka. Badaki ez dela kolpera izango; argi dauka maskarak hilabeteetan erabili beharko dituztela, eta distantziak mantentzen jarraitu beharko dutela. “Ez da izango lehengo normaltasuna, baina aurrera segitu behar dugu. Hemen denek esaten dute honen ostean denok hobeak izango garela; uste dut baietz”. Dioenez, momentu honetan ikusi da gehien jendearen elkartasuna: “Errespetu gehiagogaz eta berekoikeria gutxiagogaz irtengo garela uste dut. Eta Europak laguntzea espero dut, badirudi ahaztuta gauzkala-eta. Hor ere gogor segitzea espero dut. Animoak bidaltzen ditut; hemen esaten den moduan, Tutto andra bene, dena ondo joango da”.