Sarea merkatu plaza bihurtuz
Busturialdeko baserritar, kontsumitzaile eta eragileen elkarlanari esker, bertoko ekoizleen produktuak zuzenean eskuratzeko ataria sortu dute: Baserritik Gernikara.
Azokak hutsik daude, eta ekoizleek baserrietan dituzte plazetan saldu ohi dituzten produktuak. Ortuariak, barazkiak, esnekiak… saltzeko eta erosteko plazak itxita daude, eta alternatibak sortzeko ordua heldu da.
Merkatutik sarera egin dute salto Busturialdeko baserritarrek, eta euren produktuen salerosketa sustatzeko azoka sortu dute bertan: Baserritik Gernikara. Busturialdeko baserritar, kontsumitzaile eta eragileak batu, eta ataria eratu dute, ekoizleen produktuak zuzenean erosi eta etxean jasotzeko.
Eskualdeko baserritarren eta gizarte eragilien arteko hartueman “ona” baliatuz gorpuzten joan den ekimena da. Duela pare bat aste hasi ziren antolatzen, eta arrazoiak argi dituzte: “Koronabirusaren eraginez, lehen sektorea ahulduta geratu da, euren produktuak saltzeko horrenbesteko aukera barik. Horregaz batera, kontsumitzaileek ere produktuak eskuratzeko zailtasunak dituzte”, diote atariaren sortzaileek, eta, “zoritzarrez”, bertako produktuak kontsumitzeko sareak murriztu egin direla nabarmendu dute.
Izan ere, Gernika-Lumoko pare bat ikastetxe inguruko ekoizleen produktuekin hornitzen dira, eta horiek itxita egoterakoan, ekoizleek ezin dute ekoitzitakoa saldu. Halaber, herriko plaza ere zarratuta dagoela-eta, murrizten joan dira baserritarrek euren produktuak saltzeko aukerak. Kontsumitzaileen egoera ere antzekoa da, eta bertoko produktuak lortzeko aukerak gutxitu egin direla diote: “Ekoizleak zein kontsumitzaileak dira kaltetuak. Batzuk ezin dutelako saldu, eta besteak ezin dugulako bertokoa kontsumitu”.
Denek ala denek, “oso ondo” hartu dute ataria: “Orokorrean, kontsumitzaile zein baserritarrek pozik hartuko luketen ekimena da, baina egoera honetan gehiago. Erantzuna oso ona da”.
Haratogo doan ataria
Koronabirusaren gaitzak proiektua martxan jartzearen beharra sustatu du, baina ideia ez dela oraintsu sortutakoa jakinarazi dute: “Aspalditik eduki dugu gogoa horrelako proiektua burutzeko, baina egitasmoa azeleratu egin da gaur egungo egoeraren ondorioz”.
Domekan zabaldu zuten, eta ideia konfinamendua baino haratago zabaltzea dela diote, “gerora ere bizia izango duen proiektua bilakatuz”. Webgunea egonkorra izatea gura dute, lehen sektorea bultzatu eta osasuna eta eskualdeko ingurumena zainduko dituena. “Kontsumo aldetik lehen sektorea indartu gura dugu, eta ingurumena zaindu. Baita gure osasuna ere. Horregatik, produktu asko ekologikoak dira”.
Orain dela bi aste hasi ziren lanean, eta bidea egin du proiektuak. Gero eta ekoizle gehiago batu dira ekimenera: “Baserritik Gernikara handitzeko jaio den egitasmoa denez, zabalik dago bertoko ekoizleentzako. Joango dira gehitzen”.
Gaur gaurkoz, hamabi dira atarian aurki daitezkenenak: barazkienak, esnekienak, ogiarena, okelarena… Bakoitzak bere produktuak ikusgai jarri ditu, eta generoa badagoela diote: “Ekoizleen araberako produktuak daude, denetarik”. Eta jendearen eskaeriaren arabera ekoitziko dutela diote.
Atarian erositakoen zenbatekoa, bere horretan jasoko dute ekoizleek: “Lau euroko erosketa eginez gero, lau euro jasoko dituzte. Irabazi asmorik gabeko iniziatiba bat da hau. Guk nahi duguna da, ahal danik eta produktu gehien heltzea etxeetara”.
Momentuz, Gernikan egingo dute banaketa, eta eskariak eguazteneko 12:00ak baino lehen egin beharko dira, produktuak bariku goizean jasotzeko. “Egun eta erdiko tarte hori beharrezkoa dugu, eskaerak zenbatu, batu eta banaketarekin hasteko. Logistika kontu da”. Barikua jai eguna izanda ere, banaketa egingo dela azpimarratu dute.
Etorkizunari so
Atariak, gainera, astelehenetako Merkatu plazan erosi ezin dutenentzako aukera zabaltzen du aurrerantzean: “Lanean gauden gazteetako asko ezin izaten gara plazara joan erosketak egitera. Orain, internetera eramandako plaza honetan erosketak klik bategaz egiteko aukera dugu”.
Kontsumo ereduak aldatzeko unea dela ere uste dute, hausnarketa garaia dela esanez. “Gaur egungo kontsumo ereduak aldatzeko ahaleginak egin behar ditugu. Indartu egin behar dira tokian tokiko ekoizleak. Ezin dugu distribuizio handiko kateen menpe egon”. Hausnarketak egiteko momentua dela uste dute, inguruan ekoizteko eta kontsumitzeko. “Ez bakarrik osasungarrioagoa eta ingurugiroarentzat hobea delako, ekoizleak hurbil daudelako baizik. Gertutasun horrek, elikadura subiranotasun horrek, lasaitasuna ematen digu. Hobe da gertukoa kontsumitzea, 5.000 kilometro egin dituzten produktuak jatea baino”.
Hala, osasun langileei, supermerkatukoei eta garraiolariei txalo egiten zaien moduan, ekoizleei ere txalo egin behar zaiela diote: “Saltzen eta garraiatzen diren produktuak ekoizleek ekoizten dituzte. Egunez egun dabiltza lanean, guk produktuak etxean jasotzeko. Garai hauetan euren balioa gehiago nabaritzen da, eta euren egoera astintzeko aukera ederra da ataria”.