Datuek barikuan aurreratutako "ikuspegi positiboa" berresten dutela dio Urkulluk
Atzokoa da hildako gehien erregistratu diren eguna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Heriotza asko egoitzetan dauden adinekoen kasuan gertatzen direnez, Lehendakariak lau erreferentzia-unitate berri sortu direla jakinarazi du.
Osakidetza hasi da test azkarrak erabiltzen, eta inoiz baino koronabirusaren froga gehiago egin zituzten atzo, 1.698 hain zuzen. Proba horien hiru laurdenak negatibo eman zuen, eta %25k positibo. Hala, atzo, beste 431 positibo berri egiaztatu zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egindako proben arabera, 9.452 pertsona dira COVID-19ak gaixotutakoak; guztira, 24.755 proba egin dituzte orain arte. Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez, datuek joan den barikuan aurreratutako “ikuspegi positiboa” berresten dute.
“Kutsatuen kopuruaren bilakaera hobetzen doa; ospitaleetako altak igotzen jarraitzen dute; eta Zainketa Intentsiboetako Unitateetan oheen okupazioa egonkortu da”, dio Lehendakariak. Izan ere, osatu edota alta emandako pertsonak 4.151 dira, eta ospitalizatuen kopuruak beheranzko joera darrai. Denetara, 1.559 lagun daude ospitaleetan: 160 gauxo gutxiago plantan eta sei gutxiago, berriz, ZIUn.
Hala ere, heriotzen datuek gogor kolpatzen jarraitzen dutela dio Urkulluk. Atzora arteko datuen arabera, guztira, 638 dira hildakoak. Atzo 52 pertsona hil ziren, orain arteko kopururik handiena. Heriotza asko egoitzetan dauden adinekoen kasuan gertatzen direnez, Lehendakariak lau erreferentzia-unitate berri sortu direla jakinarazi du, 389 plazarekin, egoitzetan birusa duten gaixoen kudeaketa zentralizaturako pentsatuta. “Hau da gure lehentasun nagusietako bat. Gure arreta guztia eta kezka guztia adinekoen egoitzetan dago”, esan du du.
Gaur kaleratutako datuen arabera, Busturialdean 177 dira positibo eman duten pertsonak; atzo baino sei gehiago: 77 kasu daude Bermeon, 47 Gernika-Lumon, 17 Busturian, 15 Mundakan, 4 Elantxoben, bina Arratzun, Foruan, Ibarrangelun, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan, eta bana Ereñon, Errigoitin, Gautegiz Arteagan, Muxikan eta Nabarnizen.
Beharrak aurreikusteko plataforma. Eusko Jaurlaritzak Adimen Artifizialaren eta I+G+b-ren eremuan garatutako zenbait ekimenen berri eman du gaur goizean Mikel Sanchez Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Denak ere, Txinan, Singapurren eta Hego Korean egindakoen ildotik, pandemiak eragin litzakeen egoerak aurrikusi eta erantzun asistentzialik onena bideratzeko asmotan.
Adimen Artifizialaren arloan mundu mailan “punta puntakoa” den Sherpa euskal enpresaren eskutik, ZIUtan gerora egon litezkeen beharrak aurrikusteko gai den plataforma sortu dute. “Plataformaren bidez kutsatuen joerak, balizko fokuak eta osasun zerbitzuentzako berebiziko garrantzia duten informazioak lortzen ditu, gero, birusaren joerak eta ereduak antzemateko”, esan du Sanchezek.
Era berean, “modu altruistan”, Basque Centre for Applied Mathematics enpresako zientifikoek, EHU, Ikerbasque eta Osasun Saileko adituekin batera, COVID-19aren dinamikaren eredua hautemateko proiektua garatu dute, “epidemiak Bizkai, Araba eta Gipuzkoan duen eragina deskribatuz eta gaixotasunaren infekzio-prozesuaren zein bilakaeraren ezaugarriak aztertuz”.
Aholku batzordea. Gaur goizean, gainera, Iñigo Urkullu lehendakaria Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordeagaz batu da, koronabirusak sortutako egoera aztertu eta geldiarazteko hartu beharreko neurriak adosteko. Batzordea koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko sortu zen.
Maskarak eta test azkarrak erabiltzea edota sintomarik gabeko pazienteak hartzeko azpiegituren zerrenda osatzea bezalako gaiak gizartean nolabaiteko kezka sortzen ari diren testuinguruan, Lehendakariak argitu du jada Espainiako Gobernuari hiru gai horiei buruzko definizio argia eskatu diola, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioekin bat etorriz. “Ziurgabetasuna sor dezaketen eztabaidak ireki aurretik, galderei erantzuna eman diezaieketen irizpide argi eta kontrastatuak ezarri behar direla uste dut”, gaineratu du.
Lehendakariak azaldu duenez, orain Normaltasunera Itzultzeko Plana prestatzen ari dira. Plan horrek osasun, hezkuntza, ekonomia, gizarte edo kultura arloak barne hartzen ditu, eta, Urkullurem ustez, plan partekatua izan behar du, “erkidego bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz”. Planak, gainera, Europar Batasunak eta munduko beste herrialde batzuek hartutako neurriak kontuan hartu beharko dituela dio.
Era berean, euskal gizarte osoa erakusten ari den elkarlanerako aparteko gaitasuna nabarmendu du Lehendakariak. “Lankidetzak balio objektibo estrategikoa du krisi honek planteatzen dizkigun beharrei erantzuteko, eta erresilientzia eta gainditze espiritu kolektiboa berresten duen balio subjektiboa da”, zehaztu du.