Maierren egiten dituzten babes-maskarak Busturialdean banatu dituzte
Osakidetzaren eskariari erantzun ostean, babes-pantailak eskualdean banatzen hasi da Maier kooperatiba. Kanpotik ere baditu eskariak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Madril edo New Yorketik, adibidez.
Produkzio arrunta eten du Ajangizeko Maier kooperatibak, eta COVID-19 birusagandik babesteko maskarak egiteari ekin zion duela egun batzuk. Produkzioak ez du etenik izan oraindik, eta Osakidetzaren beharrak asetu ostean, babes-pantailak Busturialdean banatzen hasiak dira.
Proeiktuaren koordinatzaiela den Garikoitz Azkunak esan duenez, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea arduratzen da banaketaren kudeaketarekin, Bermeokoarekin koordinazioan. Banaketa, berriz, Gurutze Gorriarekin koordinatuta egiten dutela azaldu du Maierreko arduradunak.
«Joan den zapatuan hasi ginen Busturialdean eta Bizkaian dagoen materilaren beharrizana astetzeko banaketa egiten», zehaztu du.
Hain zuzen, Busturialdean, gutxi gorabehera, 1.335 maskara beharko dituztela aurreikusi dute, eta asteburuan, guztira, horietako 890 banatu zituztela esan dute.
Hainbat eskari. Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariari ere erantzungo dio Maier kooperatibak, eta eskatutako maskarak bideratuko dituztela esan du. Era berean, Bizkaiko beste mankomunitate batzurekin ere harremanetan dira, eskariari aurre egin nahian. Hala, Lea-Artibaiko, Durangaldeko, Arratia-Nerbioiko, Uribe Kostako eta Bilbo handiko mankomunitateen beharrei ere erantzuna emateko prest dira.
Bizkaiko eskariari aurre egin ostean, herrialdetik kanpora ere hornitzeko asmoa agertu dute, gainera. Hala, Azkunak esan bezala, Araba eta Gipuzkoako foru aldundiekin ere harremanetan dira, haien beharren berri izan asmoz.
Madril eta New York. Laguntzeko eskariak, baina, itsasoaren bestaldetik ere heldu zaizkio Maierreri. Azkunak azaldu duenaren arabera, Madril (Espainia) edo New Yorketik (AEB) ere maskarak eskatu dizkiete. Gauzak horrela, Madrilgo La Paz eta Gregorio Marañon ospitaleetatik dituzten eskariei erantzuteko asmoa agertu dute, baitan New Yorkeko bi ospitale unibertsitariok egin duten laguntza eskariari ere. New Yorkekoek Mondragon taldeari eskatu diote laguntza, eta taldeak Maierri. «Horiek denak laguntzen saiatuko gara, hurrengo astean gertukoen eskariak erantzun ostean», esan du Azkunak.