Asier Musatadi gernikarrak koronabirusaren datuei jarraipena egiteko ataria prestatu du
Datu ofizialak filtratu, ordenatu eta sailkatu ditu 'covid19eus.net' atarian, erabiltzaileek herrika bilatu ahal izateko
Koronabirusaren eraginaren jarraipena egiteko aukera ematen duen ataria prestatu du Asier Musatadi gernikarrak: covid19eus.net. Webgunea da, eta mugikorretik sartuz gero, instalatzeko aukera ere ematen duela azaldu du.
Programazioa eta diseinu digitala du bizimodu, eta larrialdi egoeran lan gutxiago duela aprobetxatuta, herritarretzat lagungarri izan daitekeen webgunea sortu du. «Inolako irabazi asmorik gabe eta laguntza ezta publizitaterik gabe egin dut. Nire arloan modu aktiboan jarraitzeko laguntzen dit», esan du. Zerbitzu bat ematen dio webguneak kontsultatu nahi duenari, eta datuak Eusko Jaurlaritzak modu publikoan ematen dituenak dira. «Nik egin dudana da datu multzo hori hartu, ordenatu eta sailkatu, gero, erabiltzaileak modu errazagoan konsultatu ahal izateko».
Hain zuzen, opendata.euskadi.eus atariaren bitartez egiten dituzte publiko COVID-19 birusari buruzko datuak, eta Musatadik sortu duen atarian herrika egin daitezke bilaketak: kutsatuen kopurua, hildakoen kopurua, ospitaleratzeak, egin dituzten froga kopurua eta bestelako datu publikoak kontsultatu daitezke. Grafikoak ere txertatu ditu, erabilgarritasuna aberasteko.
Emaitza onak. Modu altruistan egin duen atariak dagoeneko emaitzak eman ditu. Musatadik esan duenez, hiru egunetan 5.500 bisita izan ditu; alegia, egunean mila eta piku.
Euskara hutsean dago, eta zerbitzua gazteleraz eskaintzeko eskariak izan dituen arren, ondo pentsatu behar duela dio: «Euskarari bere presentzia eman nahi diot-eta».