Gure Eskuk udazkenera atzeratu ditu Hamaika Gara egitasmoaren jarduera eta mobilizazio guztiak
Gure Eskuk bere ibilbidean zehar ekoiztu dituen hiru dokumentalak modu irekian ikusgai jarri ditu bere Youtube kanalean; 'Gazta Zati Bat', 'Jostunak' eta 'Elkarrekin Together' dira dokumentalak.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak udazkenera atzeratu ditu Hamaika Gara egitasmoaren barruan antolatutako ekintza eta mobilizazio guztiak.
“Egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira koronabirusak sortutako osasun krisia tarteko, hasiera batean 2020ko udaberrirako aurreikusitako kanpaina udazkenera arte luzatzeko erabakia hartu behar izan dugu”, diote arduradunek.
Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko asmoz, sinadura bilketa bat abiatu zuten beste 23 sustatzailerekin. Martxoaren 11n aurkeztu zuten egitasmoa, eta maiatzaren 16rako antolatuta zuten ekitaldi nazionala sinadura bilketari bultzada emateko. Ekainaren 13an, berriz, Hamaika Gara eguna egitekoak ziren, eta horiek eta baita programatuta zeuden kaleko jarduera guztiak geratu dira atzeratuta.
Hamaika Gara egitasmoa berrartzeko gogoz daude, eta osasun krisia bere onera etortzen denean kanpaina digital bat abiatuko dutela iragarri dute.
Dinamikak adierazi du, orain, “elkar zaintzeko garaia” dela, eta Gure Eskuko kideak horretan buru-belarri dabiltzala azaldu dute: “Komunitatea zaintzea ere herrigintza da. Ezerk ez du horrek baino lehentasun handiagorik”. Halaber, nabarmendu dute “herritar arduratsuak” ere badaudela, antolatu eta erabaki propioak hartuz egoera bideratzeko gai direnak: “Ziur gaude krisi honi elkarrekin, komunitate bezala, herri bezala egingo diogula aurre”.
Entretenitzeko aukera. Gure Eskuk bere ibilbidean zehar ekoiztu dituen hiru dokumentalak modu irekian ikusgai jarri ditu bere Youtube kanalean, “asteburuari begira entretenimendua eskaintzeko asmoz”. Gazta Zati Bat, Jostunak eta Elkarrekin Together dira ikus-entzunezkoak, eta hurrengo YouTube kanalean daude ikusgai: https://labur.eus/Pa1EE