Koronabirusak eragindako egoera "zailaren" aurrean "arduraz jokatu" dutela esan du Urkulluk
Urkulluk esan du etorkizunari begira "erantzukidetasunean" dagoela gakoa, eta beste talde politikoek elkarlanean aritzeko prestutasuna erakutsi diote. Egoerari aurre egiteko estrategia bateratua "beharrezkoa" dela adierazi du oposizioak.
Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du gaur goizean Euso Legebiltzarrean, talde politikoetako bozeramaileekin egindako bilera telematikoan. Bertan, COVID-19 pandemiak sortutako osasun krisiaren eta alarma egoeraren aurrean Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurrien berri eman du.
COVID-19ak sortutako egoera “zaila eta pentsaezina” dela esan du Urkulluk, eta lehen unetik “arduraz jokatu” dutela gehitu du. “Neurriak hartu ditugu, lehen unetik. Osasun agintarien jarraibideak jarraitu ditugu. Beti ere aurkeztu zaizkigun egoera guzti-guztiei aurre egiteko asmoz “, adierazi du.
Egoera honek dakartzan eta ekarriko dituen ondorioei aurre egiteko hartzen ari diren ekintzetan “planifikazioa eta ekintza” izan direla euren jardunaren oinarriak azpimarratu du: “Gure jokabidea oinarritu da osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean izan dugun informazioan”. Birusa gelditzeko egindako ahaleginez ere aritu da, eta urtarrilaren 22tik otsailaren 28ra –lehen kasua agertu zen eguna– “ahalegin handia” egin zutela esan du, “egoeraren aurrean prestatzeko eta koordinatzeko”.
Hala, erantzunak hiru fasetan egituratu dituztela dio: birusari aurrea hartzea, birusaren hedapena gelditzea eta osasun larrialdia arintzea. Lehendakariak azaldu duenez, lehenengo fasean osasun sailak hartu zituen erabaki nagusiak, “Osasunerako Mundu Erakundeak Nazioarteko Osasun Larrialdia deklaratu aurretik”.
Lehen positiboa agertu eta gero, gainera, birusaren hedapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritza “gogotik aritu zela” dio, “beti ere adituen irizpideetan oinarrituta“. Osasun larrialdia eta alarma egoera dekretatu ondoren, berriz, funtsezko zerbitzuak bermatzeko, eta behar gehien dituztenei baliabideak errazteko bitarteko guztiak jarri dituztela uste du.
Orain, “birusaren hedapena geldituta”, osasun larrialdia arintzeko erabakiak hartu dituzte: “Denborak esango du asmatu dugun edo ez, baina ez diogu erabakiak hartzeari utzi nahi izan”.
Hartutako erabaki horien harira, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du langileak ez dituztela zaindu: “Atzeko atetik konfinamenduari izkin egin diozue, eta honek ondorio konpon ezinak izan ditzake, eta hori zuen ardura izango da. Aukera handiak daude kutsatu berriak lanean, aldagelan edo hara joateko garraiobidean kutsatzu izanaz”. Eredua berriro pentsatu behar dela dio, “gehiago zaintzeko, hobeto zaintzeko, eta zaintzen gaituztenak zaintzeko”.
Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek birusaren kudeaketan gobernua “pauso bat atzetik joan” dela esan du, eta horren ondorioak zerrendatu ditu: erresidentzietan berandu esku hartzea, osasun langileen kutsaketak… Martinezek zehaztu du adituek eta beste lurraldeetako esperientziek erakusten dutela beharrezkoa dela ezinbestekoak ez diren jarduerak geratzea, eta “Confebasken bozeramaile bilakatzea” egotzi die.
PPko Carmelo Barriok ere, “planifikazio falta” salatu du. Galdetu du zergatik dagoen egun batetik bestera hainbesteko aldea test kopuruan, zein neurri hartu diren foku zehatzetan eta adinekoak eta gaixoak zergatik lekuz aldatzen ari diren.
Osasun larrialdiari dagokionez, sistema publikoak “sendotasuna eta heldutasuna” erakutsi duela erantzun du Lehendakariak.
Covid-19k enpleguan, jardueran eta enpresen etorkizuneko bideragarritasunean izango duen eraginaz ere aritu da, eta aitortu du pultsu ekonomikoa berreskuratzea “oso zaila” izango dela: “Jarduerari berriz ekiteak denbora eta ahalegina eskatuko du”. Ildo horretan, azaldu du Eusko Jaurlaritza dagoeneko lanean ari dela ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko plan batean, Euskadi Zutik izenekoan, alegia. “COVID-19 pandemia gainditzen dugunean, ahalik eta giza kostu txikienagaz altxatu behar gara. Kolpatuta aterako gara, minduta, baina aurrera aterako gara”.
“Erantzukidetasuna”. Etorkizunari buruz ere aritu da Lehendakaria, eta esan du “erantzukidetasunean” dagoela gakoa. Hori horrela, “batasunerako eta lankidetza politikorako” deia egin die euskal alderdi politikoei: “Erakundeen arteko lankidetzarako kultura dugu, baita arlo publiko-pribatuen artekoa ere”.
Talde politikoetakoek kolaborazioa eskaini diote Urkulluri. Besteren artean, Maddalen Iriarte EH Bilduko ordezkariak Urkulluri esan dio eurek hasieratik gobernuari kolaborazioa eskaini zietela, baina ez zutela erantzunik jaso. Oposizioak eta talde parlametarioek ekarpenak egiteko behara dutela esan du Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek, eta eurak kolaboratzeko prest daudela dio.
Urkulluk elkarrekin egoera gainditzearen garrantzia azpimarratu du: “Ez da eztabaidarako, banaketarako eta demagogiarako momentua, eskua luzatu eta egoera honetatik denok batera ateratzekoa baizik”.