"Gaur gaurkoz, eguneko 700 koronabirus probetatik %85 positiboak dira"
Madrileko Ramon y Cajal ospitalean lan egiten du Marurik, mikrobiologiako zerbitzuan. Koronabirusa detektatzeko probak egin dituzte euren zerbitzuan, baina, orain, isolamenduan dago Maruri.
Eztula, kalentura eta arnasteko zailtasuna. Horiek dira koronabirusa duten gaixoen sintoma nagusiak, eta horiek nabaritzen hasi zen duela hiru aste Ainhize Maruri Aransolo Madrilen (Espainia) bizi den mikrobiologo gernikarra. Ramon y Cajal ospitaleko mikrobiologia zerbitzuan lan egiten du, eta bertan aztertzen dituzte koronabirusaren lagin posibleak. Ostean, birusean positiboak edota negatiboak diren ziurtatzen dute. Madril gogor jo du COVID-19 birusak, eta Maruri ere infektatu du.
Koronabirusa daukala esan diote, baina ez diote hori egiaztatzen duen probrarik egin. Madrilen, beste zenbait tokitan legez, larri daudenei bakarrik egiten diete proba. “Nire medikuari deitu nionera arte ez dut zehazki jakin koronabirusa nuen edo ez. Sintomak nituenez, isolamenduan nengoen”.
Hasieran gripea zuela pentsatu zuen, baina badaezpada, agintarien jarraibideak jarraitu eta etxean gelditu zen: “Dastamena eta usaimena galduta deitu nion medikuari, baina aurretik sintomak nituen. Eztulagaz eta kalenturagaz hasi nintzen. Gripea nuela pentsatzen nuen. Izan ere, koronabirusa oraindik ez zegoen horren presente. Lanera deitu nuen, eta etxean geratzeko gomendatu zidaten. Ordutik, hogei egun igaro dira, eta etxean nago. Arnasteko zailtasunak eta nekea ere nabaritu ditut, koronabirusaren ohiko sintomak, alegia. Medikuari deitu nionetik jarraipena egiten dit, bi egunetik behin deitzen dit”. Orain, azken fasean dagoela esan diote, baina gutxienez beste bi aste egon beharko da isolatuta, “inor ez kutsatzeko”.
“Berrogeialdia igarota, ez dakit koronabirusaren proba egingo didaten”
Koronabirusaren laginak aztertzeko zerbitzuan lan egiten du, baina ez du uste bertan kutsatu denik: “Izan zitekeen, baina ez dut uste. Neurri zorrotzak ditugu heltzen zaizkigun laginak aztertzeko, eta ez dugu kontaktu zuzenik gaixoekin. Birusa Madrilgo merkatu batean hartu nuela uste dut. Alarma egoera ezarri aurreko asteburua zen, eta jendez beteta zegoen”.
Birusa antzemateko PCRak egiten dituzte zerbitzuan, eta gaixoen DNA aztertu. Ondorioz, gaixoa koronabirusean positiboa den edo ez dakite. Laginak aztertzen dituztenez, ez dute beldurrik. “Laginak oso babestuta iristen dira, eta jasotzen ditugunetik desaktibatzen ditugunera arte bakarrik kutsatu gaitezke. Gero aztertzen dugu DNA. Norbera babesteko ekipamendua daukagu. Horiek jantzita, isolatutako gune batean aztertzen ditugu laginak”.
Laginak aztertzeko behar duten materiala badute zerbitzuan, baina ohi baino gehiago eskatu behar dute: “Momentuz, PCRak egiteko erabiltzen dugun materiala jasotzen dugu. Aurretik ere bageneukan, koronabirusa antzemateko PCR probak beste gaixotasun batzuk ere diagnostikatzeko egiten direlako. Hala ere, egunean 50 lagin aztertzetik 700 lagin aztertzera igaro gara. Eta material falta hori nabaritu dugu zenbait egunetan”.
Alarma egoera ezarri aurreko egunetan hiruzpalau kasu aztertzen zituzten, baina kasuak progresiboki eta esponentzialki handituz joan dira: “Gaur gaurkoz, gure ospitalean, egunean 700 proba inguru aztertzen dira, eta horietatik %85 positiboak dira”. Lagin bat positiboa den edo ez jakiteko tartea lau ordukoa da, baina zehaztu du proba asko egin daitezkeela batera. Izan ere, PCRak egiteko makinan 80 lagin inguru jarri daitezke. “Proba horietarako bi makina genituen, eta beste bat ekarri dute”.
Material falta
Madrileko hainbat ospitalek material falta salatu dute. “Material falta badago. Gure ospitalea hornitzen da, baina norbera babesteko ekipamenduak, maskarak eta arnasgailuak falta dira. ZIUak ere beteta daude. 800 pertsona daude koronabirusagaz ingresatuta”. Gaixoak IFEMAra bidaltzen dituztela dio.
Espainiako estatuan probatutako positibo kasuetatik %14 osasungintzan jarduten diren langileak direla diote agintariek, eta hori nabaritu dute: “Gure ospitalean ere mediku eta erizain asko kutsatu dira. Baita gure zerbitzuko batzuk ere”. Horregatik, txandak antolatu dituzte laginak aztertzeko: “Gelditu barik dabiltza lankideak, lanez beteta”.
Birusa horrenbeste zabaltzea ez zuen espero gernikarrak: “Txinako egoera ikusi genuenean, ez genuen espero horrenbeste zabaltzea. Baina Italiara iritsi zenean, kezkatzen hasi ginen. Hala ere, egoera gehiago kontrolatzea espero genuen”.
“Egunean birusen 50 lagin aztertzetik 700 aztertzera igaro gara”
Madrileko egoera «larria» dela dio, eta jendearen jarrera aldaketa nabaritu du. “Alarma egoera ezarritakoan asko zabaldu ziren Madrileko irteeretan sortutako auto ilaren irudiak. Orain, baina, jendearen jarrera aldaketa nabaritu da. Gaur egun jendeak neurriak errespetatzen ditu”.
Isolamenduaren lehen egunak izan dira beretzat gogorrenak. “Lehenengo astea izan zen gogorrena, oso ahul sentitzen nintzelako. Etxean isolamenduan egotea gogorra da. Inpotentzia da nagusi. Hala ere, hobetzen nagoela ikusita, lasai nago”. Gaztea da, eta ez duela sintoma larririk eduki badaki: “Patologiaren bat edota karga biral handia sufritu izango banu, egoera gogorragoa biziko nuke. Zenbat eta kutsatu gehiagogaz kontaktuan egon, karga handitu egiten da, eta birusa gaitzagoa izaten da”.
Horregatik, etxean geratzea «oso garrantzitsua» dela dio: “Birusen prebentzioan adituak direnek etxean geratzeko eskatu dute, eta beharrezkoa da kasu egitea. Etxean gelditzeak birusaren sakabanaketa murriztea dakar. Isolamenduagaz lortu nahi dena da ospitaleak ez betetzea, medikuek beharrezkoa duten guztei laguntzeko”.
Birusa gainditzerakoan ere, ez daki proba egingo dioten edo ez: “Berrogeialdia igarota, ez dakit koronabirusaren proba egingo didaten edo ez. Medikuak esan didanaren arabera, usaimena eta dastamena bueltatzen zaizkidanetik beste bi aste gehiago egon beharko naiz etxean”.
Egoera lasaitzen denean, baina, proba gehiago egin beharko direla dio: “Epidemiak igarotzen direnean, jakin egin behar da zein izan den birusaren eragina. Ahalik eta neurri zehatzenak bilatu behar dira. Izan ere, gaur egun, ofizialki 100.000 kasu positibo inguru baieztatu dituzte probek Espainiar estatuan, baina estimazioek diotenez, askoz ere gehiago dira kutsatutakoak, bikoitza baino gehiago. Beraz, datuak ez dira zuzenak, bakarrik baieztatutako eta hildako kasuak aintzat hartzen dituztelako”. Horregatik, gerora, benetan zenbat izan diren gaixotu direnak jakiteko probak egin beharko direla dio.
Berrogeialdia eta gero, kalera irteteko eta lan egiteko gogoz dago: “Errealitatera apurka-apurka bueltatu beharko gara”.