Proba egindako 10 pertsonatik 7k negatiboa eman duela esan dute gaur
Busturialdean 104 positibo baieztatu dituzte orain arte: 56 Bermeon, 28 Gernika-Lumon, 6 Busturian, 3 Mundakan, bina Arratzun, Elantxoben eta Ibarrangelun eta bana Ereñon, Gautegiz Arteagan, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan.
Eusko Jaurlaritzak COVID19aren bilakaeraren berri emateko egunero eskaini ohi duen prentsaurrekoan Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Mikel Sanchezek azpimarratu du erkidegoan pandemia geldiarazteko bi norazkoetan egiten ari direla ahalegina. Batetik, detekzio edo antzemate goiztiarra areagotzen saiatzen dabiltza. “Honen ondorioz, positiboen kopurua igo da, baina kutsatutako pertsonen portzentajea, berriz, gero eta baxuagoa da; hau da, proba egindako 10 pertsonatik 7k negatiboa eman du. Horrez gainera, ospitalizazioen kopuruak ere behera egin du”.
Momentuz 16.990 proba egin dituzte; horietatik 1.532 atzo, eta orain arteko kopururik handiena dela esan du Sanchezek. Hortaz, euren ustez, “joera aldaketa baten zantzuak” daude, baina Osasun Sailak gogoratu bezala, kontuz jokatu beharra dagoela zehaztu du.
Osasun sistema bera pandemiaren garapenera egokitzeko ahalegina nabarmendu du, “momentu bakoitzean ahalik eta erantzun egokiena bilatuz”. Testu inguru horretan kokatu du Osakidetzako ZIUen ahalmenaren handitzea, egiten ari den moduan, garaian garaiko beharrei erantzuteko.
Datuak. Gaur eguerdian emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6.838 pertsonak eman dute positibo, eta horietatik, 1.908 daude ospitaleetan. Gaixotasuna gainditutako herritarren kopurua ere goraka doa, 2.165 dira, eta orain arte 369 pertsona hil dira gaixotasunaren ondorioz.
Busturialdean 104 positibo baieztatu dituzte orain arte: 56 Bermeon, 28 Gernika-Lumon, 6 Busturian, 3 Mundakan, bina Arratzun, Elantxoben eta Ibarrangelun eta bana Ereñon, Gautegiz Arteagan, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan.