Bermeoko Herri Babesa materiala batzen hasi da
Maskarak, pantailak, buzoak, eskularruak, txanoak, mantal iragazgaitzak, betaurrekoak… dauzkaten herritarren laguntza behar dute.
Pandemiak sortutako egoerari erantzuteko Bermeoko Herri Babesak herritarren laguntza eskatu du. Egunero lehen lerroan lan egin behar duten horientzako materiala batzen hasi direla jakinarazi dute, “beharrezkoak dituzten babes neurriak emateko“. Maskarak, pantailak, buzoak, eskularruak, txanoak, mantal iragazgaitzak, betaurrekoak… dauzkaten herritarren laguntza behar dute.
Material hori eduki edo lortu ahal duten herritarrek 653 74 26 22 telefono zenbakira deitu ahalko dute.
Eusko Jaurlaritzak eskatuta, bestalde, Gaztelugatxeko San Juan eta Matxitxako ikuskatzeko ardura daukatela azaldu dute. Diotenez, gune horietan ez dute jenderik ikusi, bai ordea herritarren baten bat errepidetik. Bermeon ere retentza lanak egiten ari direla azaldu dute.
Bestalde, suhiltzaileen kamioien argazkiak batzen ere badabiltza. Eredua gura dutenek, Herri Babesaren sare sozialetatik jaisteko aukera daukate. Hala ere, marrazki librea ere izan daiteke. Eskulanetan trebeak diren horiek, maketak ere egiteko aukera daukate. Facebook, Twitter edo Instragram sare sozialetatik bidali daitezke lanak (pribatutik) edo BermeokoHerriBabesa@gmail.com-era. Noizbehinka sare sozialetan zabaltzen dituzte herritarrek bidalitako lanak. Konfinamendua amaitzerakoan sorpresatxoren bat egongo dela esan dute Herri Babesako boluntarioek.