Adin desberdinetako herritarrei zuzendutako marrazki lehiaketa antolatu dute
Lanak bidaltzako azken eguna apirilak 8 (eguaztena) izango da. 2 urtetik gorako bermeotarrek parte hartu ahalko dute, eta sei kategoria desberdin egongo dira.
Bermeoko Udalak, Berton Merkatari Elkarteak eta Benito Barrueta Arte Elkarteak Etxeko bentanatik Bermiori kikuke! Marrazki txapelketa abiarazi dute. Itxialdi egoera “modu entretenigarri” batean pasatzeko proposamena egiten die herritarrei.
Irribarreak eta sormena bultzatu gura dituzte. Marrazkia egiterakoan parte hartzaileek hiru gai izango dituzte aukeran: Bermeo arrantzalea, Bermeo baserritarra edo Bermeoko ohiturak. Parte hartzaile bakoitzak irudi bakarra aurkeztu ahalko du, eta gaien interpretazioa librea dela diote.
Adin desberdinetako herritarrei zuzendutako txapelketa da; 2 urtetik gorako bermeotarrek parte hartu ahalko dute eta sei kategoriatan banatuko dituzte parte hartzaileak. Sariak ere kategorien arabera banatuko dituzte:
-
1. Kategoria: 2-5 urte. Marrazteko materiala eta 10 euro gozoki dendan gastatzeko.
-
2. Kategoria: 6-9 urte. Marrazteko materiala eta 10 euro gozoki dendan gastatzeko.
-
3. Kategoria: 10-13 urte. Zinemarako 2 sarrera eta Luma liburu dendan gastateko 25 euro.
-
4. Kategoria: 14-17 urte. Zinemarako 2 sarrera eta Luma liburu dendan gastateko 35 euro.
-
5. Kategoria: 18 urtetik gora. 50 euroko deskontu bonoa Berton merkatari elkarteko edozein dendatan erabiltzeko.
-
6. Kategoria: 18 urtetik gorako lehiakideak baina material bereziekin lan egingo dutenak: akuarelak, olioak, akrilikoak, pastelak… 60 euroko deskontu bonoa Berton merkatari elkarteko edozein dendatan erabiltzeko.
Irudia egiteko, arkatza, boligrafoak, margoak, akuarelak, olioak, akrilikoak, pastelak, arkatz ziriak, errotuladoreak edota antzekoak erabili ahal izango dira, eta ez dira modu digitalean egindako irudiak onartuko. Marrazkiak A4 edo A3 tamainako orri zurietan egin beharko dira.
Irudi edo marrazkiak eskaneatuta (jpg formatuan) edo kalitate oneko argazki batean bidali beharko dira kultura@bermeo.eus–era. Lanak bidaltzako azken eguna apirilak 8 (eguaztena) izango da. Marrazkiagaz batera izena eta abizen bi, adina, harremanetarako email helbidea eta telefono zenbakia eta marrazkiaren izenburua bidali beharko dira. Marrazkian bertan ezin izango dira agertu lehiakidearen izen-abizenak.
Sarituak nortzuk izango diren herritarrek eta epaimahaikideek erabakiko dute. Lehenik eta behin herritarren txanda izango da, Bermeoko Udalaren Facebook sare sozialaren bitartez bozkatu beharko dute. Marrazkiak kategorien arabera ordenatuta egongo dira eta apirilaren 10etik 15era bozkatu ahalko da. Herritarrek gustuko dituzten irudietan atsegin dut botoia sakatuko beharko dute.
Kategoria bakoitzeko bost marrazki bozkatuenak jasoko dituzte ondoren epaimahaikideek (Barrueta Arte Elkartea, Berton, Kultura Saila). Horiek originaltasuna, konplexutasuna eta marrazkiaren edertasuna izango dituzte kontuan.
Irabazleak herritarren eta epaimahaiaren puntuazioak batuta aukeratuko dira. Udal arduradunak sarituekin harremanetan jarriko dira lehiaketa amaitzen denean, eta sare sozial eta komunikabideen bitartez zabalduko dituzte irabazleen izen-abizenak. Sariak, hala ere, konfinamendua amaitzerakoan banatuko dituztela azaldu dute.
Konfinamendu egoera amaitzerakoan marrazkiak Gizarte eta Kultura Etxeko harreran utzi beharko dira, erakusketa antolatzeko asmoa daukatelako.