Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuen alokairua ordaintzetik salbuetsi ditu koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoan daudenak
Ohiz kanpo eta aldi baterako salbuestea arautzen duen agindua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak. COVID-19 funtsaren bitartez, 2,5 milioi euro bideratuko ditu horretarako.
Eusko Jaurlaritzak onartu du koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoan dauden pertsonak etxebizitza babestuen alokairua eta erkidego gastuak ordaintzetik salbuestea; ohiz kanpo eta aldi baterako salbuestea arautzen duen agindua onartu dute gaur.
Osasun emergentziak eragindako krisialdiaren ondorioz langabezian geratzen diren langile, autonomoak edo enpresaburuei zuzendute dago, baita diru-sarreren galera edo salmenten beherakada nabarmena jasaten dutenei ere; %40ko edo gehiagoko galerak dituztenei hain zuzen
Esan dutenez, kaltetasun ekonomiko hori dagoela zehazteko, ordaindu behar den errentaren eta erkidego-gastuen eta oinarrizko horniduren baturak familiako kide guztiek jasotzen dituzten diru-sarrera garbien % 30etik gorakoa izan beharko du.
Salbuespen neurria hilabete osoen arabera aplikatuko zaie 2020ko apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentei, euskal parke publikoaren etxebizitza guztietan: Eusko Jaurlaritzaren beraren titulartasuneko etxebizitzetan, Alokabide sozietate publikoaren etxebizitzetan, Bizigune eta Gaztelagun programen bidez alokatutakoetan, eta indarreko edozein babes-formularen bitartez alokairuan utzita dituzten beste eragile publiko eta pribatu batzuen titulartasuneko etxebizitzetan.
Jaurlaritzak bere gain hartuko du alokairuen ordainketa COVID-19 funtsaren bitartez, eta 2,5 milioi euro bideratuko ditu horretarako.
Eskaerak. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago maiatzaren 31ra arte, edo, alarma egoera amaitu eta hilabete bat igaro arte. Eskabideak “lehentasunez” modu telematikoan aurkeztu beharko dira www.euskadi.eus/servicios/11022401 webgunean eta Alokabide SA sozietate publikoaren webgunearen –www.alokabide.euskadi.eus– bitartez. Aurrez aurre ere aurkez daitezke herritarrentzako zerbitzuaren bulegoetan, “betiere alarma egoerak uzten duenean”.
Eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da; www.euskadi.eus/servicios/11022401 webgunean eskura daiteke eredua. Halaber, eskaeriaz batera adierazi beharko dira familiako kide guztien diru sarrerak; hain zuzen, 2019 abenduari eta 2020ko urtarrilari eta otsailari dagozkienak, eta eskabidea aurkezten den hilari dagozkionak aurkeztu beharko dira.
Langileek gainera, zein enpresatan jarduten duten zehaztu beharko dute, baita ere enpresa ekonomia jardueraren zein sektoreri dagokion eta langabezia zein egunetan hasi duten. Langile autonomoek edo enpresaburuek, bestalde, ekonomia jardueraren zein sektoretan jarduten duten adierazi beharko dute.
Horrez gain, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erabaki du Eusko Jaurlaritzaren eta Alokabideren titulartasuneko parke publikoan maizter botatze guztiak etetea alarma egoerak iraun bitartean.