Batera Gara elkartasun jaialdiko kamisetak internetez eskura daitezke
Jaialdiaren Facebook eta Instagram kontuetan lotura bat jarri dute, erreserba egin eta kamiseta eskuratzeko. Gogoratu dutenez, fibrosi kistikoa dute ume eta gazteei laguntzea da aurtengo helburua.
Batera Gara jaialdiak elkartasunez bete gura du Gernika-Lumo. Aurtengo helburua fibrosi kistikoa duten ume eta gazteei laguntzea da, eta horretarako, kamisetak jarri zituzten eskuragarri.
Alarma egoera ezarri aurretik, Gurea Altzariak zegoen lekuan jarri zuten denda. Orain itxita dago, baina kamisetak internet bidez eskura daitezkeela jakinarazi dute arduradunek: “Ez dakigunez zenbat iraungo duen koronabirusak sortutako egoera honek, ez dakigu noiz zabaldu ahalko dugun denda. Hala, herritarrei kamiseta lortzeko aukera berria eman gura genien, eta internetetik egiteko aukera aurkitu dugu”. Hori horrela, Batera Gara jaialdiaren Facebook eta Instagram kontuetan lotura bat jarri dute, erreserba egin eta kamiseta eskuratzeko. Erreserba eta diru ekarpena eginda, alarma egoera bukatzen denean dendan eskuratu ahalko dira kamisetak, bakoitza norbere izenean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, diru ekarpenekin zenbat arazo dituzte, eta taldeka antolatzeko deia egin dute: “Diru ekarpena egiterakoan, baku batekoek edo bestekoek komisioak ordaindu behar dituzte. Hala, erreserbak taldeka egitea gomendatzen dugu, komisiorik ordaindu behar ez duten lagun edo familiako bategaz”.
Kamisetak “nahiko arin” erreserbatzen ari direla diote, beraz, azken egunera arte ez itxaroteko deia egin diete herritarrei: “Azken momentuan beti falta izaten dira”.
Maiatzak 24. Elkartasun jaia da maiatzaren 24an egin gura dutena. Hala ere, ez dakite zer gertatuko den: “Gure ideia eguna mantentzea da, baina ez dakigu zer gertatuko den. Konfinamenduaren araberakoa izango da erabakia. Hainbat lekutara deitu dugu, egin dugu ahalegina jakiteko eguna ospatu ahalko den edo ez, baina ezjakintasuna da nagusi”. Egoeraren zain daude, birusaren eboluzioa zelakoa den aztertzeko. Jaialdia atzeratzea ere hausnartu dute, baina aukera zaila izango dela badakite: “Joango gara erabakiak hartzen eta zer egin ahal den aztertzen”.
Hala ere, azkenean ezin badira elkartu, fibrosi kistikoa duten umeei lagundu gura diete, eta horretarako, kamisetak eskuratzeko deia egin diete herritarrei: “Etxean egon behar izan arren, elkartasuna adierazteko modua da”.