Busturialdeko EH Bilduk bat egiten dugu eskualdeko Gernikako Ospitalearen aldeko plataformak hirugarren solairua egokitzeko eskariagaz
Hutsik dauden ospitaleko espazioak aprobetxatze premiazkoa dela uste dute koaliziokoek: "Gernikako ospitaleko hornidura handitzeko unea dela uste dugu".
Gernikako Ospitalearen aldeko plataformak hirugarren solairua egokitzeko eta ohez hornitzeko eskariagaz bat egin du Busturialdeko EH Bilduk, “krisi egoera honek eskatzen duen arreta eskaintzeko”.
Aldi berean, egokitzat jotzen du Galdakaoko Larrialdi Zerbitzuko egoera arintzeko plataformak egindako proposamena. “Koronabirusaren krisialdia agerian uzten ari da EAEn dagoen ospitale-ohe eta osasun-baliabide urritasuna”, esan dute eskualdeko ordezkariek. Beraz, gutxiago erabiltzen diren edo hutsik dauden ospitaleko espazioak aprobetxatzea premiazkoa dela uste dute, eta horregatik, Gernikako ospitaleko hornidura handitzeko unea dela azpimarratu dute. “Hainbat espazio aitatu dira, Sukarrietako udalekuetako eraikina eta BEC bera tartean eta arritu egin gaitu zerrendak, ospitalea bera egokitu eta doitzea ez baita agertzen”.
“Gernika-Lumoko Ospitalea 2012ko abenduan jarri zen martxan, 40 milioi euroko inbertsioarekin. Fatxadako errotulu handian “Ospitalea” jartzen duen arren, bai bere funtzionamendua zein asistentzia-eskaintza zehazgabetasunean geratu dira hasieratik. Orain, inoiz baino gehiago, kolapso garaian elkar estaltzeko gai den ospitale-sare bat behar dugu”, azaldu dute. Era berean, euren iritziz, beharrezkoa da Gernikako ospitaleko larrialdi-zerbitzua bermatzea, eta kezkaz ikusten dute larrialdietako langile batzuk Galdakaora eramatea: “Denok dakigu egoera berezia dela, ezezaguna eta berria, eta honek eskatzen du beharrezko baliabide guztiak, ekonomikoak, material eta giza-baliabideak larrialdiak eskatzen duenera bideratzea. Pertsonak eta osasuna dira lehenengo. Horregatik eskatzen diegu kudeatzaileei erabakiak hartzerakoan, Gernikako ospitalak eskaini ditzakeen aukerak ez alboratzea eta bere erabilera eta doikuntza baloratzea”.