Bermeoko Udalak "freskotasuna" eman gura dio jaietako liburuxkari
Edozein herritarrek bidali ahalko ditu artikuluak; aurten, hala ere, udala gonbidapen zuzenak bidaltzen ari da euskal kulturagaz lotutako sortzaileei.
Bermeoko Udala aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuxka prestatzen hasi da. Aurten, aipatu liburuxkan argitaratzen diren artikuluei “freskotasuna” eman eta “berritzeko” asmoa agertu dute udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailetik.
Artikuluen idazleen kopurua handitzeko lanetan ari dira; “emakumeen presentziak eta euskarazko ekoizpenak gora egitea dute helburu”. Jaietako liburuxkarako lanak eta artikuluak idazteko eta argitaratzeko deialdia publikoa da, hau da, edozein herritarrek parte har dezake. Aurten, hala ere, Bermeoko Udala, euskal kulturaren zenbait sortzaileei gonbidapen zuzenak bidaltzen ari da, jaietako liburuxkarako artikuluak idazteko gonbidapena eginez. Idazteko asmoa daukaten sortzaile horiek apirilaren 30erako eman beharko dute erabakiaren berri Kultura Sailean (94-617 91 57) edota Euskara Sailean (94-617 91 22).
15 urtetik gorako bermeotarrek parte hartu ahal dute udalaren deialdian. Bermeoko Udalak herri mailako sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatzea eta zabaltzea du helburu, sortzaileei beraien lanak ezagutzera emateko aukera eskaintzeagaz batera.
Bermeori buruzko kondairak, istorioak, gertaerak, kontakizunak, ipuinak edota efemerideak landu ahalko dituzte parte hartzaileek. Horiez gain, udalerriko kultura, hezkuntza edo gainontzeko arloetako sortzaileen lanak ere onartuko dituzte, betiere, iritzi artikuluak ez diren bitartean. Horiez gain, honako gaiei buruz idazteko aukera dago: antropologia, folklorea, hizkuntza, historia, literatura, kultura, artea, musika…
Testu bakoitzak 9.000 karaktereko luzera izan beharko du, hutsuneak barne (Gutxi gorabehera 4 orrialde). Parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu, gehienez. Paperean edota euskarri informatikoan (word) aurkeztu beharko dira kultura@bermeo.eus helbide elektronikora bidalita Gizarte eta Kultura Etxea eta Berhaz bulegoa zarratuta dauden bitartean. Lanek izenburua eduki beharko dute testuagaz batera, eta egileak honako datuak eman beharko ditu: izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa. Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 23a izango dela jakinarazi dute.
Egitarauan euskaraz idatzitako lanak lehenetsiko dituzte, eta jatorriz beste hizkuntza batean idatzitako lanen kasuan, epaimahaiak horrek itzultzea erabaki dezake.
Lan originalak lehenetsiko direla adierazi dute, eta epaimahaiak ez ditu onartuko sexismo, indarkeria edota arrazakeria zantzurik daukan lanik. Udaletik azaldu dutenaren arabera, testuek izan ahal dituzten akats ortografiko, tipografiko edo gramatikalak udaleko euskara sailak zuzenduko ditu.
Egileek ez dute ordainsaririk jasoko kolaborazioagatik, eta bidalitako lanen egiletasuna bermatu beharko dute.