Arnas sintomak dituztenak artatuko dituzten osasun-zentro espezifikoak ezarri ditu Osakidetzak
Busturialdean 90 positibo baieztatu dituzte; Bermeon 47, Gernika-Lumon 24, Busturian 6, Mundakan 3, Ibarrangelun eta Arratzun bina eta Elantxoben, Ereñon, Gautegiz Arteagan, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan bana. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.887 proba egin dituzte oraingoz, eta 6.057 horietatik dira kasu positiboak.
Nekane Murga Osasun sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eman dituzte azalpenak Lehendakaritzaren gaurko agerraldian.
Arnas sintomak dituzten pertsonak artatzeko berariazko osasun zentroak ditu Osakidetzak gaurtik aurrera. Gasteizen eta Barrualde-Galdakao ESIan COVID-19ren aurrean asistentzia hobetzeko eta pazienteen eta profesionalen segurtasuna indartzeko aste batzuk lehenago hasitako zonakatzea herrialde osora zabaldu dutela jakitera eman du Murgak.
Kudeaketaren berrantolaketa dela-eta, arnas sintomak (hala nola eztula, sukarra, eztarriko mina edo arnasa hartzeko zailtasuna) dituztenei euren osasun zentroetara deitzeko eskatu dute orain, eta handik beharrezkoa bada, ezarritako erreferentziazko zentroetara bideratuko dituzte.
Izan ere, gaurtik ezarri duten asistentzia-berrantolaketaren bidez, egungo egoerari erantzun onena emateko asmoz, COVID-19aren sintomak izan daitezkeen arnas patologiak dituzten pazienteen arreta gainerako osasun-eskaeretatik bereizi dute. Horrela, arnasketa-sintomekin zerikusia duen guztia paziente mota horiei arreta emateko berariaz prestatutako zentro zehatzetan zentralizatzea lortu nahi dute, eta baita herritarrei segurtasun handiagoa ematea ere. Zentro horietan zirkuitu definituak baitituzte, arnas sintomak dituztenek gainontzekoak kutsa ez ditzaten.
Beraz, Osakidetzako OSI bakoitzak bere erreferentziazko zentroak ditu dagoeneko, eta horien zerrenda eskuragarri dago Osasun Sailaren web orrian: euskadi.eus/covid-19-koronabirus-berria. OSI Barrualde Galdakaoren erreferentzia zentroak Lekeition, Ondarroan, Durangon, Zornotzan, Galdakaon, Basauri Arizen, Amurrion eta Laudion daude.
Osakidetzak berrantolatzen eta kudeaketa eta koordinazioa unean-uneko egoera eta beharrizanetara egokitzen segitzen duela azpimarratu du Osasun sailburuak eta osasun langileei eskerrak eman dizkie, beste behin. “Asistentziaren berrantolaketa horrek dakar kontsultategi periferiko gehienak aldi baterako itxi behar izatea, bertako profesionalek eremu bakoitzeko zentroetan laguntza eman dezaten. Asteburuetan, etengabeko arretako guneen (EAG) ohiko zerbitzuak indartuko dira, aurrez aurre, etxean eta telefonoz artatzeko, gehienbat bere burua eskaini duten profesionalei esker”.
Halaber, prebentzioarako eta babeserako emandako aholku eta gomendioak gogora ekarri ditu gaurko agerraldian. “Herritarren indarra ezinbestekoa da borroka hau irabazteko, emandako gomendioak betez”.
DATU EGUNERATUAK:
Euskal Autonomia Erkidegoan 14.887 proba egin dituzte oraingoz, eta 6.057 pertsonak eman dute positibo. 1.966kutsatu daude ospitaleetan. 297 euskal herritar hil dira gaixotasunaren ondorioz, eta osatutakoak, berriz, 1.646 dira.
Busturialdean 90 positibo baieztatu dituzte; Bermeon 47, Gernika-Lumon 24, Busturian 6, Mundakan 3, Ibarrangelun eta Arratzun bina eta Elantxoben, Ereñon, Gautegiz Arteagan, Kortezubin, Morgan eta Sukarrietan bana.
- BIZKAIA. 2937 positibo (horietatik 1.233 ospitaleetan)
- ARABA. 2049 positibo (horietatik, 376 ospitaleetan)
- GIPUZKOA. 1.071 positibo (horietatik 357 ospitaleetan)
Osasun Sailak eta Osakidetzak abian jarri eta dagoeneko Android zein Apple sistemetan eskuragarri dagoen COVID-19.EUS izeneko APP erabiltzeko deia luzatu die Mugak herritarrei, denon artean gaixotasunaren hedapena saihesteko.
Langileen ziurtagiria. Segurtasun eta Garapen Ekonomikorako sailek elkarregaz formulario eredu bat osatu dute lanean jarraitzen duten enpresentzat. Oinarrizko jarduerak betetzen dituzten enpresek Irekian eskuratu ahalko dute akreditazioa. Langileek agiria eroan beharko dute lanerako joan-etorriak egiten dituztenean, ertzainei edota udaltzainei erakusteko.