Akreditazio-inprimaki bat egin dute funtsezko jardueretan lan egiteagatik mugikortasuna egiaztatu behar duten langileentzat
Oinarrizko jarduerak betetzen dituztenek Irekian (Eusko Jaurlaritzaren webgunea) eskuratu ahalko dute akreditazioa. Langileek agiria eroan beharko dute lanerako joan-etorriak egiten dituztenean, ertzainei edota udaltzainei erakusteko.
Nekane Murga Osasun sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eman dituzte azalpenak Lehendakaritzaren gaurko agerraldian.
Langileen ziurtagiriari buruzko zehaztasunak eman ditu Beltran de Herediak. Segurtasun eta Garapen Ekonomikorako sailek elkarregaz formulario eredu bat osatu dute lanean jarraitzen duten enpresentzat. Oinarrizko jarduerak betetzen dituztenek Irekian (Eusko Jaurlaritzaren webgunea) eskuratu ahalko dute akreditazioa. Langileek agiria eroan beharko dute lanerako joan-etorriak egiten dituztenean, ertzainei edota udaltzainei erakusteko.
Atzo onartutako Errege Dekretuak funtsezkotzat jotako jardueretan lan egiteagatik mugikortasuna egiaztatu behar duten langileen akreditazioa CONFEBASKen, merkatal ganbaren eta sindikatuen bidez ere zabalduko dela gaineratu du.
Segurtasun sailburuak azpimarratu du Ertzaintzak eta udaltzainek kontrolak egiten jarraituko dutela lanean jarraitu behar duten langileei laguntzeko, “trabarik eta zailtasunik” izan ez dezaten: “Oinarri-oinarrikoak diren enpresetako langileek agiri hori eraman beharko dute eurekin Ertzaintzaren eta Udaltzainen aurrean lanerako joanetorriak justifikatzeko”.
Salaketei buruzko datuak ere eman ditu. Martxoaren 16tik 29ra, Euskal Autonomia Erkidegoan 8.524 salaketa jarri dituzte agenteek.
Ertzaintzak jarritako salaketak dagoeneko erregistratuta daude Erandioko egoitza nagusian. Bestalde, udaltzaingoek jarritakoak Udaltzaingoaren Atarian erregistratzen dira.
Epe honetan, 28.480 pertsona identifikatu dituzte, 17.109 Ertzaintzak y 11.371 Udaltzaingoek. Guztiak Segurtasun Publikoko Araubide Juridikoaren Ataleko abokatuek aztertuko dituzte, atal hori arduratzen baita zehapen-espedienteak izapidetzeaz.
Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak gaur bertan sinatu ditu osasun-larrialdiko egoera honetan agintaritzari ez obeditzearen ondori diren arau-hauste larrien zehapen prozedurak hasteko lehenengo 250 ebazpenak. Horietako bakoitza 602 eurokoa da, eta zenbatekoa % 50 murriztu daiteke baldin eta espedientea hasi zaion pertsonak isuna jakinarazpena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasi eta 15 eguneko epean ordaintzen badu.
Sailburuak azaldu duenez, egungo egoeran, bertan behera geratu dira administrazio-prozedurak izapidetzeko eta jakinarazteko administrazio-epeak, eta salbuespena dira ezarritako alarma-egoerarekin zerikusia duten egoerei buruzkoak. Horregatik, Segurtasun Sailak erabaki du espediente horiek izapidetzeari lehentasuna ematea, nahiz eta hori egiteko urtebeteko epea duen arau-haustea egiten denetik zenbatzen hasita. Izapidetze-prozesuan errespetatu egingo dira gure ordenamendu juridikoan ezarritako eskubideak eta bermeak, alarma-egoerak mugatzen ez dituenak.
Bestalde, komunikabideen galderei erantzunez, Segurtasun sailburuak esan du Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren 80 bat agentek eman dutela positibo koronabirusaren proban.