Merkatariek elkartasun indibidual eta kolektiboa eskatu dute
Erosketak Internet bidez egin beharrean, herrian kontsumitzeko deia egin du Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteak, Covid-19 birusak sortutako egoeraren aurrean eratorritako arazo ekonomikoei aurre egiteko
Gernika-Lumoko Merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresak biltzen dituen elkarteak (GME) herritarrei elkartasuna eta konpromisoa eskatu die, COVID-19k eragindako egoera epidemiologiko larriari aurre egiteko. Herriko hainbat negozio itxita daude, eta ondorioak pairatuko dituzte beraien jardun ekonomikoa derrigorrez eten egin behar izan dutelako. Ondorioz, orain arte izan duten diru iturri bakarra galdu dute horietako batzuk, eta familia askorentzat egoera “kritikoa” dela aipatu dute. Hori dela eta, dei berezi bat egin dute merkatariek, egoera arintzen saiatzeko: Besteak beste, herritarrei eskatu die behar-beharrezkoak ez diren produktuak Internet bidez erosi aurretik berehala erosi behar dituzten ala ez pentsatzeko, eta berehalakoa ez balitz erosketa hori inguruko establezimenduren batean egitea berrogeialdia amaitu ostean.” Bizitzea egokitu jakun egoera larri honetan, garrantzitsua da erosketa arduratsuen garrantziaz gogoeta egitea, gertutasunaz. Saltokiak, ostalaritza-establezimenduak, profesionalak, garraio-zerbitzuen, turismoaren eta abarren enpresa pribatuak eta abarrek, guztiok batera joan behar dugu, herritarrekin batera, egoera horretatik lehen bailehen eta ahalik eta modurik onenean ateratzeko”, gaineratu du GMEk.
Egoera honetan, gainera, ziurgabetasuna krisiaren beste faktore bat dela aipatu dute, indibidualki eta sozialki eragiten dauena. “Egoerak iraun bitartean, beharrezkoa da lasaitasunera eta pazientziara deitzea. Orain aurre egitea eta energia gordetzea dagokigu, elkarrekin aktibatzeko eta lan egiteko, pribatuak eta instituzioak, pultsua berreskuratu eta gure kaleak berriro bizirik egon daitezen”, esan du elkarteak.
Laguntzak eta informazioa. Larrialdi egoerak sortutako kalte ekonomikoei aurre egiteko martxan jarritako neurrien aurrean, GMEk gizarteagaz eta agintariekin duen konpromiso osoa erakutsi gura du. Aldi berean, bazkideei aurre egin beharreko krisi larria saihesten laguntzeko zerbitzua ere ematen du. Zuzendaritza eta Gerentzia Batzordeak, bestalde, argitaratutako laguntza instituzional guztiei buruzko informazioa ematen die bazkide diren enpresei; dekretuei buruzkoa, dokumentazioa aurkezteko datei buruzkoa zein dokumentazio-ereduei buruzkoa. Gainera, sortzen ari diren zalantzei erantzuna ematen ere saiatzen da Zuzendaritza Batzordea.
Elkartek saltoki eta ostalaritza-establezimendu gehienek eta beste enpresa txiki-ertain (ETE) batzuek negozioak itxi ditzute, baina behar handiko produktuak dituzten zerbitzu-enpresa eta denda batzuek ateak zabalik dituzte, segurtasun- eta higiene-protokolo zorrotzak betez. GMEk eskertu egin ditu inpaktua arintzeko erakundeek a priori hartutako neurriak, egoera horrek merkataritzan eragiten duelako. Aldi berean, sentsibilitate eta arreta berezia eskatzen diete, sektorea babesteko neurri horietan sakontzeko prest egon daitezen, “oraindik ere zaila baita krisiaren benetako eragina aurreikustea”.