Maierrek egunean 1.600 bisera-pantaila egingo ditu
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 'Maker' komunitatearen ekimenarekin bat egin du kooperatibak, eta astelehenean hasiko dira biserak egiten.
Covid-19 birusari aurre egiteko babes tresnak diseinatu eta egitera bideratutako Makers ekimen zoragarriarekin bat egin du Maier kooperatibak. Hainbat bolondres, euren kabuz, 3D inprimagailuekin babeserako bisera-pantailak egiten hasi ostean, Gurutzetako ospitalea Maierrekin harremanetan jarri zen domekan, laguntza eskatzeko. Hori dela eta, Ajangizeko kooperatibak talde bat ipini du lanean, molde bat martxan jartzeko asmoarekin.
Lan horretan ibili dira asteon, moldearen diseinua injektatzeko baliagarri egiten, hain zuzen. Astelehenean ekoizpenarekin hasteko asmoa dute. Egunean, gutxienez, 1.600 kit egitea da langileen asmoa. Txandaka egingo dute behar, zuhur jokatuta. Horregatik, oraingoz eguenean 1.600 pieza hornitzeko konpromisoa hartu dute.
Ekoizten dituzten bisera-pantailak Osakidetzaren esku utziko ditu Maierrek. Karmelo garraio enpresak eramango ditu babes-pantailak Osakidetzak agintzen duen lekura, borondatez eta musutruk. Ostean, erakunde publikoa izango da behar den lekuetara banatzen. Izan ere, Maier kooperatiba ere –materiala egiten ari den hezkuntza eta Lanbide Heziketako beste zentroek bezala– TKNIA-ren koordinaziopean egingo du bere ekarpenak, Osasun sailaren eskariari erantzunez. WalterPack enpresaren laguntza izango dute, PVC pantailak emango dizkie entresa horrek, trokelatuta eta ertzak borobilduta.
Ekimenaren koordinatzaile Garikoitz Azkunak azaldu duenez, “eskatu bitartean pantailak egiteari ekingo diogu, bolondres eta musutruk, elkartasunez eta gizarte konpromezuagatik egiten dugulako. Lankide guztiak bolondres gabiltza behar honetan”.
Eskari partikularrei ezin erantzun. Koordinatutako proiektu baten barruan hasi da Maier bisera-pantailak egitem gorago aipatu bezala. Hala ere, horren berri izatean, bestelako eskariak ere jaso ditu kooperatibak, zaharren egoitzetatik edo supermerkatuek aldetik, kasurako. Hala ere, Azkunak azaldu duenez, ezin die eskari partilularrei erantzuna eman, egunean egiten dituzten aleak Osakidetzaren esku utzi behar dituelako. “Horien beharraei ezin aurre egin latza izaten ari da guretzat, baina oraingoz lotuta gaude, gure ekoizpena Osakidetzaren esku utzi behar dugulako. Espero dugu laguntza eske hurbildu zaizkigun ingurukoek ulertzea“, esan du Azkunak.