Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza indartzeko hezkuntza saio bat jarriko du abian
Saioa Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila arteko ikasleei zuzendua izango da, batez ere etxean euskarri teknologikorik ez duten ikasleei. Astelehenean hasiko da.
Hezkuntza Saila eta EiTB lanean ari dira, datorren astelehenean [martxoak 30] abian jarriko duten hezkuntza saio berria prestatzen. Bitartean, Etxetik Ikasten izenburupean, programaren helburua ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea izango dela azaldu dute, “batez ere, etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena”. Eskainiko diren edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat.
Basurto ikastetxe publikotik burutuko dira saioak, egunero, 09:00etatik 12:00etara, eta ikasleen curriculumekin loturiko hainbat eduki eskainiko dira. 30 minutuko piluletan, maila bakoitzari dagozkion materiak landuko dira, euskaraz. “Hezkuntza Sailaren zein EiTBren asmoa da Bitartean, Etxetik Ikasten saio interaktibo bihurtzea. Era horretan, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak luzatu ahal izango dituzte, eta horien erantzunak eguneko programan bertan edo hurrengo emankizunetan eman ahal izango dira”.
Denetariko gaiak. Hiru orduko eskola horietan denetariko gaiak jorratu dituzte. Esaterako, Irakurketarekin goxatzen atalean, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ezberdinak oinarri hartuta. Euskararen gaia Hitzak jolasean tartean landuko da. “Ahozkotasunak izango du lehentasuna: hitz jolasak, aho korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak eta ipuinak sortu, bitxikeriak…. “, azaldu dute. Idatzizko adierazpena ahaztu barik. Bestalde, Mugi-mugi atalak itxialdian gauden bitartean gorputzaren lanketarako ariketak proposatuko ditu.
Hari-mataza tartean matematikaren txanda izango da, eta English corner-en, berriz, ingelesaren irakaskuntzara hurbilduko ditu ikus-entzule gazteak. Gizarte Zientziak gaia landuko da Muduaren birak atalean, eta Zientzia Edonon sailak, berriz, metodo zientifikoaren erabilera egunerokotasunean, esperimentazioa eta, oro har, zientziari buruzko dokumentalak ere erakutsiko dira. Teknologia konpetentziari eskainitako denboran, jolasen bidez eraikitzea sustatuko da.
Musikak izango du ere, bere lekua. Ttakun Ttakun atalean musika adierazpena, dantzak, perkusio jolasak eta erritmoak landuko dira. Eta azkenik, Bitakora-k egingo du egunaren itxiera, zer ikasi den errepasatuz.
Hezkuntza saio berria ETB3n eta eitb.eus-en eskaintzeaz gain, Hiru3ko euskarri digitaletan ere jasoko dute ondoren: webgunean, APPan, HBBTV eta Smart TV zerbitzuetan.