Museoek ekimen bereziak eskainiko dituzte sare sozialen bitartez
Arrantzaleen Museoak, Euskal Herria Museoak, Bakearen Museoak eta Santimamiñek, besteren artean, askotariko ekintzak prestatu dituzte etxetik egiteko.
Museoak itxita dauden honetan, konfinamenduko aldiak dirauen artean, Bizkaiko foru museoen sareak hainbat jarduera eskainiko ditu “jakin-mina aktibo mantentzeko, historiaren eta museoen bildumen ezagutza lasaia sustatzeko, eta ekimen desberdinetan haurren eta helduen parte hartzea sustatzeko”.
Hori horrela, Arrantzaleen Museoak, Euskal Herria Museoak, Santimamiñek, Arkeologi Museoak, El Pobaleko Burdinolak eta La Encartada Fabrika-Museoak guztientzako ekimenak eskainiko dituzte sare sozialetan. Bai eta Gernika-Lumoko Bakearen Museoak ere.
Bertaratze birtual horri esker, interesa duten eta sare sozialetan jarraitzaile diren pertsonek sareko museoen ezagutza zabal eta integrala eduki ahal izango dute, eta guztion artean informazioa partekatzea bultzatuko da.
Foru museoen osaera askotarikoa da, eta museoetako bildumek eta baliabideek Bizkaiko historiaren eta kultura ondarearen aldi eta eremu desberdinak barne hartzen dituzte.
Bermeoko Arrantzaleen Museoak bere sare sozialen bitartez herritarrak bultzatzen ditu arrantzaren arteak eta teknikak hobeto ezagutzera. Zenbait eduki eta bideoren bidez ezagutarazten ditu teknikak @ArrantzaleenMuseoa facebook kontuan.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak koadro baten sekretuak erakustea du helburu. Ekimen horren bidez, batzuetan oharkabean pasatzen diren museoko elementuak ezagutarazi gura ditu. Jose Arrueren Limoi zukua eta Mesa de autoridades margolana aztertuko dute: “Txakolina, ura, brandya, azukrea eta limoi zukua. Horiek dira garrafa edo izotz edari esaten zaion eta tradizio handia duen edariaren osagaiak. Sekretua, ordea, edariari izena ematen dion tresna da: garrafa”. Eta galdera bat egiten dute: “Garaiko zer pertsonai edo objektu herrikoi gehiago ikusten dituzue?”. Galdera horri erantzuna bilatzen saiatuko dira euren Facebook, Twitter eta Instagram kontuetan; @EHMGernika, @EHMuseoa eta @ehmuseoa dira hurrenez hurren.
Bizkaiko museoen sareko museoez gain, Gernika-Lumoko Bakearen Museoak ere etxetik egiteko ekintzak prestatu ditu. “Elkarbizitza, bakea eta sormena lantzeko” jolasa prestatu dute, eta euren Facebook kontuan dago ikusgai; Fundacion Museo de la Paz de Gernika da kontua. Bertan eskulanak egiteko jarraibideak aurkituko dituzte gura dutenek, eta egindakoak eurekin partekatzeko aukera izango dute animatzen direnek. Horretarako, #istorioenkuboak traola jarri eta argazkian museoa etiketatu beharko da.
Santimamiñek, berriz, 6 eta 12 urte bitarteko umeak gonbidatzen ditu beren etxeetatik horma-figurak marraztera, «Gure etxea, gure leizea» ekimenaren bidez. “Egin itzazu zure labar margoak etxean, lasai-lasai, eta bidali santimamine@bizkaia.eus posta elektronikora”, adierazi dute. Gai bezala Gure etxea, gure koba jarri beharko da, eta mezuan izena eta adina jarri beharko dira. Gero, euren sare sozialetan zabalduko dituzte.
Bilboko Arkeologi Museoak Objektu bat, historia bat museoaren bildumenetik sortutako ekimena aurkeztu du. Horrez gainera, museoak jendea gonbidatzen du Nire objektua, nire historia ekimenean parte hartzera, museoaren objektuekin lotutako irudiak edo bideoak trukatuz.
El Pobal Burdinolak, berriz, Basoaren eta Uraren Nazioarteko Eguna ospatzen du, presaren, errekaren, banbu-basoaren eta inguruko beste landare-espezie batzuen irudien bidez. Sare sozialetara igoko dituzte hainbat eduki eta bitxikeria, pieza batzuk erakusteko eta burdinolaren eta Muñatones gazteluaren historiari buruzko zenbait pasadizo ezagutarazteko.
Bestalde, La Encartada Fabrika-Museoak La Encartada urratsez urrats aurkeztuko du, txapelen produkzioa zelakoa den etapaz etapa erakutsiz. #txapelachallenge erronka zabaldu du gainera, eta herritarrak bultzatzen ditu txapela jantzita irudiak atera eta fabrika-museoaren facebookean partekatzera.