Mobilizazio eguna deitu dute sindikatuek barikurako
Euskal gehiego sindikalak deitu du mobilizazioa, "osasunaren eta lanaren alde egiteko". Funtsezko zerbitzuetan prebentzio neurriak aplikatzeko eskatu dute, eta funtsezkoa ez den lan jarduera gelditzeko.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek osatzen duten euskal gehiengo sindikalak etzirako deitu dute mobilizazioa. Langileen osasuna, enplegua eta lanbaldintzak lehenesteko eskatuko diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Confebask eta CEN patronalei.
Langileen lan baldintzak gero eta okerragoak direla diote, eta interes ekonomikoak langileen osasunaren gainetik jarri izana salatu dute. Hala, lanera doazenak ez direla funtsezko zerbitzuetakoak bakarrik esan dute: “Funtsezko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak ere behartuta daude beren lanpostura joatera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak lehenesten dituztelako osasunaren aurrean”.
Hori horrela, funtsezko zerbitzuetan “beharrezkoak eta eraginkorrak” diren prebentzio neurriak aplikatzea eskatu dute, baita funtsezkoa ez den lan jarduera oro geldiaraztea, eta enplegua eta lan baldintzak bermatzea ere: “Oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera gelditu behar dira. Ez du ez hankarik ez bururik, asteburuetan etxean gure familiekin konfinatuak egotea eta aste barruan lanera joan behar izatea, beste hainbeste lankiderekin batera, kutsatzeko arrisku bizian. Gure osasuna eta gure familiena arriskuan jartzen ari dira”.
Izan ere, langileek pairatzen duten egoera salatu dute: “Oinarrizko Zerbitzuetan jarduten dugun langileok (osasungintza, zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa, garraio publikoa, anbulantziak, supermerkatuak, …) gure osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe ari gara. Ondorioz, gure osasuna arriskuan jartzen ari dira”. Diotenez, funtsezko zerbitzuetan lanean ari diren pertsonak “behartuta daude lanera joatera, eta euren lana segurtasun osoz egiteko bermeak behar dituztela adierazi dute: “Hori da modu bakarra gure osasuna eta etxetik irten gabe daudena zaintzeko”.
Aldi baterako lan erregulazioak. Krisia milaka pertsonaren lan baldintzen prekarizazioan “sakontzeko” erabiltzen dutela gaineratu dute sindikatuek: “Aurreko krisia gure bizitzen eta lan baldintzen kaskartzearekin ordainarazi ziguten, etenik izan ez duen prekarizazioarekin. Orain errezeta bera aplikatu nahi digute”.
Langileei zuzenean eragiten die aldi baterako lan erregulazioak. “Dagoeneko hasi dira behin-behinekoak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen. Milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe”. Egoera horren aurrean, beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak Confebask eta CEN patronalei interpelazioa egitea diote sindikatuek, “lanpostu guztiak bermatuak egon daitezen. Ez dugu kaleratzerik onartuko”.
Beharrezkoa dela patronalak langileek langabezitik jasoko duten soldataren %100 arte osatzea esan dute, eta ERTEak ezin direla alarma egoeratik harago luzatu gehitu dute. “Ahalik eta arinen gure lanpostuetara bueltatu nahi dugu. Krisi hau guztia hasi aurretik genituen baldintzetan itzuli nahi dugu lanera, atzerapausorik gabe”.
Bizi duten egoera salatzeko, “bakoitzak dituen baliabideekin” mobilizatzeko eskatu dute, osasunaren, enpleguaren eta lan baldintzen defentsan: lan eteteak, kontzentrazioak, argazkiak edo zaratak egiteko eskatu dute.