"Konfinamendua bete egin behar da, seriotasunez"
Bere izena ezkutuan gorde gura duen mediku bategin hitz egin du HITZAk; dioenez, oraingoz Gernikaldeak hartzen dituen herrietan du gaixotasunak inzidentziarik txikiena
«Konfinamendua bete egin behar da, seriotasunez». Barrualde-Galdakao ESI-ko mediku batek koronabirusak dituen eraginei buruzko adierazpenak egin dizkio Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzari, baina bere anonimatutasuna gorde nahi du. Balorazioak eta hausnarketak egiteari uko egin dio, «ez da momentua». Hasiera batean erabakiak hartzeko unean «torpe» ibili izana onartu arren, momentu honetan egoerari aurre egin behar zaiola esan du, «ikasketa eta hausnarketak gerorako itxiko ditugu».
«Olatuak harrapatu» izanaren sentsazioa ere badute medikuek. «Argi dago Txinan hasitako epidemia urrun ikusten genuela denok, baita herritarrek ere, eta Italiara zabaltzea inflexio puntu bat izan da». Espainiako Gobernuak hartu dituen erabakiak berandu iritsi diren esateko arinegi dela dio, «konfinamenduaren lehenengo egunetan gizarteak oraindik neurrion beharraren zalantza duelako edo norbanakoen eskubideen urraketa salatzen duela ikusita».
Arabako Txagorritxu eta Bizkaiko Galdakao ospitaleetan osasun arloko langile asko eta arrisku faktore asko dituzten gaixoak batzen dira. Infekzioa kontrolatzerako orduan horrek min handia egin digu”
Bizi dugun bezalako egoeretan, emaitzak ikusita kudeaketan izandako akatsak erraz ikusiko direla uste du. «Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egoera hain oker egotea birusak agerraldi nabarmenena arrisku faktore handiko gunean egin izana da, Arabako Txagorritxu eta Bizkaiko Galdakao ospitaleetan. Bi horietan osasun arloko langile asko eta arrisku faktore asko dituzten gaixoak batzen dira. Infekzioa kontrolatzerako orduan horrek min handia egin digu».
Arduratsuak izatea. Aitortu du Barrualde-Galdakao ESIaren barruan, Busturialdea eta Lea-Artibai direla oraingoz gutxien kaltetu direnak, baina Bizkaian, datozen egunetan, Arabako muga erraz gaindituko dela aurreikusten dute medikuek. Horregatik, bi eskaera egin nahi dituzte: «Gizarteari eskatu nahi diogu ezarritako neurriak zorrotz betetzeko, gaixotasunaren arriskua egoera indibidualetatik haratago dagoelako, eta kutsatzeko arriskuaren banalizazioa edo konspirazio teoriak norberaren jokabidea justifikatzeko erabiltzeak, egoera honetan, komunitatearekiko arduragabea izatea delako».
Gizarteari eskatu nahi diogu ezarritako neurriak zorrotz betetzeko, gaixotasunaren arriskua egoera indibidualetatik haratago dagoelako”
Osasun sistema kudeatzen dutenei, bestalde, langileon babesa bermatzea eskatu die: «Beharrezko materiala helaraztea behar den leku guztietara. Horrez gain, estrategia bateratua eta proaktiboa behar da, eta zenbait lekutan neurri zorrotzagoak planteatu, zenbait herri ixtea, adibidez». Diagnostikoa egiteko testak behar dituztela ere esan du, baina beharrezkoa ikusten du, baita, test horiek egiteko mekanismoak aldatzea.
Osasuna, ezeren gainetik. Busturialdean, Lea-Artibain eta Mutrikun ere koronabirusagatik kutsatutakoen kopuruak gora egiten du egunean-egunean. Horregatik, HITZAri adierazpenak egin dizkion medikuak uste du eskualdeko ospitalearen azpiegitura sanitarioei etekin erreala ateratzeko momentu egokia izan daitekeela. Osasun zerbitzu pribatua interbenitzeko aukera ematen du Espainiak ezarritako dekretuak, eta ospitale militarrak egokitzen ere hasiak dira estatuan. «Duda barik, eskura ditugun eraikin sanitario guztiak erabilgarri izan beharko genituzke, eta beharrezkoa izanez gero, berriak egin, kanpaleku-ospitaleak barne. Madrilen gertatu dena ikusita, gurean ere holakorik planteatu beharko genuke».
Duda barik, eskura ditugun eraikin sanitario guztiak erabilgarri izan beharko genituzke, eta beharrezkoa izanez gero, berriak egin”
Zaharren egoitzetan bizi duten egoera ere aipatu du medikuak: «Oso arriskutsua da, eta Osakidetzak bere gain hartu beharko luke horien egoera kudeatzea, enpresa pribatuen esku agon arren».
Erabakiak hartzeko unea dela deritzo Osakidetzako langileak, «eta osasun irizpideak gailendu behar dira». Horren harira, produkzioa gelditzearen alde agertu da. «Ezinbestekoak ez diren profesioak kenduta, beste arlo guztietako jarduna bertan behera uzteko momentua da, horren eragin ekonomikoa alde batera utzita».
Pandemiaren pikurik gorenena heltzear dagoen honetan, gaixotasunari aurre egin ahal izateko «arduratsuak izateko» eskatu die medikuak herritarrei. «Erosketak egitera irten ahal gara, baina erosketa horiek astean behin egin daitezke». Hala, eegoerari aurre egiteko etxean geratzea eta konfinamendua betetzea derrigorrezkoa dela nabarmendu du.