Familiei etendako etxez etxeko zerbitzuak berriro martxan jarri ditu mankomunitateak
Alarma egoerak irauten duen bitartean, zerbitzua zabalik mantendu eta beharrizana duten herritarrei arretarik egokiena emateko helburuagaz hartu ditu neurriak Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak.
Covid19 birusak sortutako osasun alarmaren egoerari erantzuteko asmoz, neurri zehatz eta zorrotzak hartu ditu Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Hori horrela, alarma egoera ezarri zenean eten zituzten etxez etxeko laguntza zerbitzuak berriro martxan jarri dituztela azaldu dute.
Hartutako neurriekin birusaren kontrako prebentzio neurriak zorrotz betetzea bilatzen dutela dio Ana Hormaetxe Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak: “Gure asmo nagusia, Covid19 birusaren kontrako prebentzio neurriak zorrotz betetzea da. Izan ere, honek irauten duen bitartean, gure zerbitzua zabalik mantendu eta beharrizana duten herritarrei arretarik egokiena emateko helburuagaz hartu ditugu neurriak”.
Eskualdean zailtasun handienak izan ditzaketen herritar taldeei arreta eskaini gura diete, eta horregatik hartu dituzte neurriak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuari dagokionez, konfinamendua hasi zenean zerbitzu batzuk eten zituzten arduradunek: “Hasiera batean etxez etxeko zerbitzuko erabiltzaile eta langileen osasuna ezin genuela guztiz bermatu ikusita, zerbitzu batzuk etetea erabaki genuen”. Orain, baina, egoera egonkortu egin dela dio Hormaetxek, eta lagileek egoerak eskatzen dituen osasun berme guztiekin lan egiten dutela gehitu du. Hala, familiei etendako etxez etxeko zerbitzuak berriro martxan jartzeko eskaintza egin du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Hala ere, zerbitzu guztiak ez dituztela emango zehaztu du, “familia batzuek horrela eskatu dutelako”.
Etxez etxeko garbiketa zerbitzua soilik jasotzen duten erabiltzaileen kasuan, berriz, familien laguntza izanez gero, zerbitzuaren intentsitatea murriztu dute. Hala ere, egoera edozein momentutan alda daitekeela badaki Hormaetxek: “Kasu hauetan guztietan, familien eta erabiltzaileen egoerak egun batetik bestera alda daitezkeela kontuan hartuta, jarraipen lana egingo dugu. Hala, egunez egun erantzunik onena eman ahal izango dugu”.
Adineko pertsonen zaintza. Zaintza lana ere kontutan hartu du mankomunitateak. Hala, herritarren batek familiakoak zaintzera etxetik atera behar badu, froga agiriak egiten dabiltzala jakinarazi dute, “irteerak justifikatu ahal izateko”.
Bakarrik bizi diren pertsonen arretari dagokionez, koordinazio bideak zabaltzeko lanean dabiltza: “Hori eginez gero, arriskuan dauden kolektiboak elkartasun sareekin harremanetan jarriko ditugu”. Hala, Gurutz Gorria eta herriz herri sortu diren taldeen bitartez, laguntza jaso eta isolamendua ahal den neurrian saihesten ahaleginduko dira.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen beste ardura nagusietako bat herritarren zailtasun ekonomikoak direla aitatu du Leire Garatxena mankomunitateko presidente ordeak: “Zailtasun ekonomikoak izan ditzaketen familientzako laguntzak bideratzea da gure asmoa. Izan ere, osasun krisi honen ondorioz, aurretik estutasun ekonomikoak dituzten familien zailtasunak areagotu daitezke, eta lan baldintza eskasak dituzten familien diru-iturriak murriztu”.
Gainera, umeak etxean gelditzerakoan, elikagaiak erosteko familiek diru premia handiagoa dutela gogorarazi du. Ondorioz, mankomunitatearen bitartez, eta eskualdeko Gurutz Gorriarekin eta Karitasekin elkalanean, familia hauei laguntza eskaintzeko aukera jarri dute martxan: “Laguntza ekonomikoa eman zein elikagai banaketa egin ahalko dugu Gurutz Gorriko eta Karitasekoen laguntzagaz”.
Laguntza. Nerea LLantada Gizarte Zerbitzuen Mankounitateko teknikariak, euren zerbitzuen beharrizana izan dezaketen herritar guztiengana iristeko asmoagaz, informazio kartelak zabalduko dituztela adierazi du; sare sozialen eta whatsapparen bitartez egingo dute hori. “Hori horrela, herritarrak gurekin kontaktuan jar daitezke eta azaldutako eta martxan jarritako neurrien bitartez, bakoitzaren beharrizanei erarik onenean erantzuten saituko gara”, dio teknikariak.
Larrialdi egoera honen aurrean, herritarren laguntza eskatu dute bakardade egoeran bizi daitezkeen adineko pertsonak identifikatzeko. Egoera horretan egon daiteken norbait ezagutuz gero, 94 625 51 22 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute. Horrez gain, hurrengo helbide elektronikoa ere ahalbideratu dute: gizarte-zerbitzuak@busturialdea.eus.
Gomendutako prebentzio neurriak hartu, eta herritar guztiei arduratsu jokatzeko eskatu diete arduradunek: “Mankomunitatearen parte garen guztion aldetik, ahal dugun arretarik onena ematen saiatuko garela adierazi eta eskerrak eman nahi dizkizuegu”.