Etorkizuna elkartasunez eraikiz
Senegaleko Warang herrira laguntza eramatea da Euleuk elkartearen asmoa. Herritarren bizi baldintzak hobetu gura dituzte, eta horretarako osasun eta hezkuntza zentroak hobetzen hasi dira.
Elkartasunak Muxikatik Afrikarainoko bidea egiten du. Bidaiak etxetik hurrean edo urruti dauden herri, hiri edota auzokoak ezagutzeko aukera bikaina dira; bestelako lurrak, kulturak, herritarrak edota lagunak ezagutzeko aukera paregabea. Lotura horiek estutu egiten dira askotan, baita elkartasunez bete ere. Hori da, hain zuzen, Euleuk elkartearen asmoa.
Afrikagaz era bateko edo besteko erlazioa duen lagun talde batek sortu du elkartea, eta Senegaleko Warang herrira laguntza eramatea du helburu. Bertako baldintzak hobetzea da asmoa, eta hezkuntza, osasun eta elikadura arloetan gauzatu dituzte lehenengo ekintzak. “Afrikagaz lortura daukagun lagun taldea gara. Batzuk bertara joan garelako baten baino gehiagotan, eta beste batzuk bertan bizi direlako”, dio Maider Oar-Arteta elkarteko kideak.
«Senegaleko herritarrek etorkizun hobe bat behar dutela pentsatzen dugu»
Senegalera bidaiatzeaz gain, beste proiektu batzuk direla-eta, Senegaleko ume gazte bat izan zuten etxean hiru urtez. “Hiru urtean eduki dugu. Gaixo etorri zen, eta osatu zenean bertara itzuli zen, bere herrira. Gu ere bertara joan ginen bera bisitatzera. Han, gainera, hemengo lagun bat dugu, Warang herrian”, azaldu du Oar-Artetak. Bertara joan zirenean bertako herritarrekin harremak estutu zituzten, eta “sare txiki bat” osatu zuten.
Aste Santuan Senegalera joatekoak ziren, eta bidaia horretan Senegaleko Warang herrira laguntza eramatea pentsatu zuten: “Bertara joatekoak ginen, eta zelan edo halan lagundu genezakeela pentsatu genuen. Orduan, hasi ginen gure ideia lagunen eta ingurukoen artean zabaltzen”. Hori horrela, material bilketak egiteko asmoa agertu zuten, eta jendeak “bikain” erantzun zien. Laguntza asko jaso, eta jasotako guztia bideratzeko elkartea sortu behar zutela ohartu ziren. Elkartearen izena argi eduki zuten hasieratik: Euleuk. Senegaleko wolof hizkuntzan etorkizuna esan gura du: “Senegaleko herritarrek etorkizun hobe bat behar dutela pentsatzen dugu, eta hortik otu zitzaigun elkartearen izena”.
Elkartearen helburua, gutxi edo asko, bertan beharrizana duten jendeari laguntzea da. Bertako bizi baldintzak hobetzen saiatzea, hain zuzen. “Asmo handirik barik, baina egiten duguna laguntzeko asmoagaz egiten dugu. Hobeto bizi ahal diren heinean, eurak hobeto bizitzeko neurriak hartuz”, azaldu dute elkarteko kideek.
Auzoetarainoko sarea
Warang herria Petite-Coten kokatua dago, Dakarretik 88 kilometrora eta Mbourretik oso gertu. 3.500 biztanle inguru bizi dira. Datu horretan, baina, ez dituzte kontuan hartzen Europatik erbesteratutakoak. “Azken horiek kopuru handia izatera heldu dira, eta askok haren egoitza ezarri dute bertan”.
Talde etniko ezberdinez osatuta dago zonaldea; seresereak, bambarak, wolofak edota diolak bizi dira bertan. Gehienak musulmanak dira, eta lehen sektorean jarduten dute; hala nola, arrantzan, nekazaritzan, abeltzaintzan… Hala ere, turismoa bertara iristen hasi da, eta horren ondorio dira turismoaren eskaerari erantzuteko eraiki diren hotel eta instalazioak.
«Herri txiki eta txiroa da, beharrizan asko dituzte. Oraindik
asko dago egiteko»
“Beharrizan asko dituzte, ez daukate ezer, eta asko dago egiteko”, diote elkarteko kideek. Argi daukate ezin dutela dena konpondu, baina “apaltasunez jokatuta“, ahal duten neurrian laguntzeko gogoa dute: “Lagunen sareak eraiki ditugu bertan. Herri txiki eta txiroa da, eta lagundu gura diegu”.
Hain zuzen, Warang herriko erdigunetik kanpora geratzen diren auzo txikietan dabiltza laguntzen: “Gobernuz kanpoko elkarte batzuen laguntza iristen da Warang herrira, baina ez herriko auzoetara. Eta horietan bizitzea herrigunean bizitzea baino zailagoa da. Auzo horietara iristeko ez dago errepiderik, eta asto, zaldi edo karroetan joaten dira bizilagunak. Horregatik, gune horietan laguntzea erabaki genuen, horiek direlako beharrizan handienak dituztenak”.
Eskola eta osasun zentroak
Auzoetako bizilagunekin inor ez dela gogoratzen diote, eta egoera prekarioetan eta baldintza txarretan bizi direla nabarmendu dute. “Familiek sei-zortzi seme-alaba dituzte, eta anai-arreba nagusiek txikiak zaindu behar izaten dituzte. Antzinako garaietan hemen egiten zen legez, soloetan gurasoei laguntzen geratzen dira. Ez dira eskolara joaten, askotan urrunegi dituzte eta”.
Egoera horren aurrean, laguntza sareak antolatu eta euren proiektuak egiten hasi dira elkarteko kideak. Hasierako asmoa materiala eramatea bazen ere, dirua lortu dute, eta ekarpenak bertara bidaltzen dituzte, Warang herriko eskola eta osasun zentroetako instalazioak hobetzeko.
Soussane Sarene auzoan dauden eskola eta osasun zentroan lagundu gura dute, “lehenik eta behin, premiazko lanak eginez”. Momentu honetan, eskola bateko leihoak eta ateak konpondu dituzte, eta mediku zentro batean komunak ere eraiki dituzte, “baita dutxa bat ere”.
Euskal gizartean oinarrizkoak eta ezinbestekoak diren gauzak Senegalen falta dira, eta han luxutzat dituzte. Osasun zentro batean komunak eta dutxa egotea luxua dela diote elkarteko kideek. “Guk esku-eskura ditugun beharrizanak dira, eta han ez”. Warang herriko errealitatea erakutsi dute: ”Guk hemen logikotzat edo ezinbestekotzat ditugun gauzak han ez dira normalak”.
«Laguntza asko jaso dugu. Ez dakigu zelan eskertu jasotako laguntza hori guztia»
Batez ere osasun eta hezkuntzan eragin gura izan dute, premia bereziko beharrizanak direlako. “Eskola batera batera joatea etorkizuna garatzea da. Ume bati hezkuntza emanez gero, bihar edo etzi bere bizitza aurrera eramateko gai izango da. Pertsona horrek lan egin ahal izango du, edota familia bat eta etorkizun bat eraiki”.
Elkarteko kideek Senegalera egindako bidaia batean aurrez aurre ikusi zituzten bertako beharrizanak. “Han egon ginenean gure begiekin ikusi genuen zein egoeratan zegoen eskola; leiho eta ateak apurtuta, zikin, harez beteta… desastre eginda zegoen. Han leihoak eta ateak konpontzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Beharrizana eta ez luxua. Mediku zentroan ere egon ginen. Ateak apurtuta zeuden, eta komunik ez zeukan. Bertara heltzeko hainbatek kilometroak egin behar izaten dituzte, eta iritsi, eta ez daukate ez komunik ezta dutxarik ere”, azaldu dute.
Beste mediku zentro batean ere medikamentu faltan zeudela jakinarazi zieten, eta arazo ekonomikoak direla eta, ezin zirela behar beste hornitu. “Hori horrela, gu hemen gabiltza medikamentu horiek aurkitzen, eta aurkitu ezean, bertan erosiko ditugu diruagaz”.
Lanen jarraipena
Proiektuaren jarraipena egiten dute elkarteko kideek: “Guk batutako dirua hara bidaltzen dugu. Bertan taldean sartuta dagoen mutil bat dugu, eta ondo komunikatzen gara. Aldez aurretik aurrekontuak bidaltzen dizkigu guk kontrol apur bat izateko. Gero, proiektuak zehaztu eta dirua bidaltzen diogu, horiek burutzeko. Berak argazkiak bidaltzen dizkigu lana egin aurretik, lana egiten dabiltzala eta lana egin eta gero”.
Eskualdean eta inguruetako herrietan batutako dirua hara bidaltzen dute, eta bertan egiten dena erakutsiko dutela argi dute elkarteko kideek: “Gure asmoa da bertara joan eta bueltatzen garenean argazkiekin muntaketa bat egitea, lagundu digun jendeari euren laguntzak zertarako balio izan duen erakusteko”.
Aste Santuan ziren Senegalera joatekoak, baina koronabirusa dela eta, atzeratu egin behar izan dute: “Ziur joango garela. Ez bada uda aurrean, uda ostean joango gara. Proiektua ikusi eta jasotako laguntza guztia justifikatuko dugu. Eskolako ikasleekin egon gura genuen, baita medikuekin ere. Baina atzeratu egin da. Gure zain daude”.
Esker ona
Warangeko herritarrak “pozarren” daudela dio Oar-Artetak: “Jasotako laguntza inoiz eskertu ezingo digutela esaten digute. Argazkietan umeen aurpegiak ikusterik besterik ez dago. Pozarren daude. Gauza gutxigaz zein zoriontsu izan daitezkeen ikusten dugu. Guretzako gutxi dena, eurentzako pasada bat da”.
Proiektua aurrera doala ikusten dute elkartekoek, eta horrek sekulako ilusioa egiten die: “Laguntza asko jasotzen gabiltza, pentsatzen genuena baino askoz gehiago. Ez dakigu jendeari zelan eskertu egin duten lana. Bai material aldetik zein diru ekarpenenengatik. Ibarruriko Mendi Martxakoek ere sekulako laguntza eman ziguten. Laguntza horregaz, piloa gauza egin ahal izan ditugu. Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu digu, eta pozarren gaude. Harrituta gaude jendearen jarreragaz. Edozein klaseko jendeak, ezagutzen ez dugunak… Ikusi dugu jendeak laguntzeko gogo handia duela. Ez dakigu zelan eskertu jasotakoa”.
Eta oraindik ere ekarpenak egiteko aukera daukate proiektuagaz bat datozenek. BBKn kontu bat zabaldu dute: ES93 2095 0043 1590 1660 3974. Bizum bitartez ere egin daitezke ekarpenak: 649 54 17 90. Materiala batzen ere badabiltza. Batzuek eskolako materiala ematen digute, edota medikamentuak. Materiala Gernika-Lumoko Hazi Akademian batzen dute, Mestikabaso 26 kalean. “Euren borondatez eskaini ziguten lokala jabeek, eta gernikarrek han uzten dituzte euren ekarpenak”, diote.
Apurka-apurka, pausoz pauso leku eta gauza askotara iritsi daitekeela erakutsi dute.