Etxe barruan ere, aisia euskaraz
UEMAk etxean "goxo" eta euskaraz aritzeko gomendioak ditu, ume zein nagusientzako.
Koronabirus familiako Covid-19 birusak eragin duen alarma egoera dela eta, etxean gelditu behar dira herritarrak. Kalera ateratzeko debekuaren aurrean, etxeko egonaldia arintzeko gomendioak eman ditu UEMAk ere (Udal Euskaldunen Mankomunitateak). Bertako kide diren udalekin elkarlanean, euskarazko doako hainbat baliabide bildu ditu, haurrentzat zein helduentzat. Euskarazko hainbat webgune eta kanaletatik jaso dituzte ideia eta gomendioak; horregatik, kasu guztietan, jatorrizko sortzailearen helbidera bideratu dute esteka.
www.uema.eus helbidean kontsultatu daitezke gomendio horiek. Haurrentzat, jolasean eta eskulanetan aritzeko hainbat esteka proposatzen ditu UEMAk, baita umeekin ikusteko filmak, marrazki bizidunak eta telesailak. Ipuinen eta abestien gomendioak ere egiten ditu.
Umeentzat bakarrik ez, helduentzat ere denbora nola eman aholkatzen du UEMAk, bere webgunean. Hala, gai orokorrei buruzko multimedia kanalak, podcastak, dokumentalak, filmak eta telesailak bilatu daitezke proposamenen artean. Era berean, literatura eta kultur sorkuntzarekin; musika eta bertsolaritzarekin edota zientziarekin lotutako estekak ere bildu ditu UEMAk. Sukaldea gustuko duenak, jakiak prestatzeko kanalak ere baditu zerrendan, baita bideo jokoak ere.