Bizkaiko Psikologia Elkargoak herritarrei lehen arreta psikologikoa emateko doako zerbitzua abiarazi du
Posta elektronikoz zein telefonoz egin daitezke kontsultak .Erantzunak emateko ordutegia 09:30etik 17:00tara izango da
Kontsultak posta elektronikoz bidali daitezke psikobizi.bizkaia@cop.e helbide elektronikora, edota Whatsapp bidez 686 20 29 18 telefono zenbakira. Premia gehiago daukaten pertsonei zuzendutako zerbitzua izango dela zehaztu dute.
Esan dutenez, “laguntza, hurbiltasuna eta lasaitasuna eskaini nahi die halakoak behar dituzten pertsona guztiei”, ezagutza zientifikoa eta lanbide jardueraren bitartez.
Zerbitzuaren erabilera egokia bermatzeko, helbide elektronikoa edo telefono zenbakia erabiltzen duten herritarrek “ahalik eta ñabardura gehien emanez” idatzi beharko dute kontsulta. Modu horretan, psikologia profesionalek jasotzen diren mezuen arteko lehentasunezko irizpideak kontuan hartu ahalko dituzte. Era berean, harremanetarako telefono zenbakia utzi beharko dute mezuan. Erantzunak emateko ordutegia 09:30etik 17:00tara izango da.
Bizkaiko Psikologia Elkargoko profesionalek (2.500 profesional) osatuko dute zerbitzu taldea eta jasotako kontsultak aztertu eta erantzungo dituzte. Ahal den neurrian, bide telematikoa erabiliko dutela azaldu dute.
Helburua zalantzak argitzea eta jarraibideak ematea da, batez ere, egoera psikologiko ahulean egon daitezkeen herritarrei. Kontuan hartuko dituzte bereziki bakarrik bizi diren pertsonak, adingabeak eta egoera berezian dauden familiak, bai eta emakumeak ere, genero indarkeriaren arriskuan daudenak, eta, oro har, psikologiaren ikuspegitik ukituta egon daitezkeen pertsonak.
Elkargokideak, gainera, laguntza ari dira ematen #Bizkaiagara laguntzarako sarean.