Gazteen artean euskara sustatzeko aplikazioa iritsi da Gernikara
Sortzaileek aplikazioa "tresna eraginkorra" izatea dute helburu, "gazteek aplikazioaren bidez euskara hutsezko harremanak izan ditzaten".
Gurot euskal galderen aplikazioa da, eta jokoen bidez, 12 eta 17 urte bitarteko gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu nagusitzat. Mugikorrean edota ordenagailuetan erabil daitekeen aplikazioak lehiaketak eta sariak batzen ditu besteren artean. Aurten lehenengoz parte hartuko du Gernika-Lumok.
Gazteen aisialdian euskararen erabilera sustatzeko aplikazioa da: “Horretarako kultura unibertsala eta euskal kultura online batzen ditu aplikazioak”. Sortzaileek, gainera, aplikazioa “tresna eraginkorra” izatea dute asmo, gazteek aplikazioaren bidez euskara hutsezko harremanak izan ditzaten.
Modu askotara jolastu daiteke aplikazioagaz: erruleta, norgehiagoka eta taldeka lehiatzeko aukera dago. Erruleta da plataformaren zatirik handiena hartzen duen atala. Izan ere, atal horretan, zortzi ataleko zirkulu birakari bat dago, eta bakoitzak arlo bat ordezkatzen du: aisia, artea, gizartea, hizkuntza, kirola, kultura, natura eta zientzia. Arlo horiei buruzko galderak erantzun beharko dituzte parte hartzaileek. Norgehiagoka erronketan, berriz, parte hartzaileak plataforman dauden beste jokalarien aurka lehiatuko dira, bost galdera erantzunez.
Taldekako lehiaketa da berritasuna. Eta taldeka parte hartu gura dutenek martxoaren 31ra arteko epea dute izena emateko. Izan ere, taldekako lehia apirilaren 1etik 31ra bitartean lehiatuko da. Taldeak lau lagunez osatuta egon behar dira, eta talde mistoak izan beharko dira.
Sailkapenerako puntuak lortzeko, kontuan hartuko dira galdera zuzenak eta puntuagarri izango da ahalik eta denbora gutxienean erantzutea. Taldekako lehian, taldea osatzen duen taldekide bakoitzaren puntuak taldean pilatuko dira. Orain arte aurreko urteetan egin legez, norbanakoen eta taldekako sailkapen orokorra mantenduko da, eta, horrez gain, udal bakoitzak bere rankig propioa izango du.
Udal edo mankomunitate bakoitzaren arteko aurrez aurreko finalera hamasei talde sailkatuko dira, eta udalerriko talde bat joango da ordezkari. Finala ekainaren 12rako jarri dute, baina koronabirusa dela-eta, baliteke data berriak egotea.
Udal erakunde batzuen ekimenez, duela urte pare bat sortu zen aplikazioa, eta gaur egun, ia Bizkaiko lurralde osora hedatu da. Hurrengo herriek eta mankomunitateek hartzen dute parte: Gernika-Lumoko, Erandioko, Getxoko, Leioako eta Mungiako udalek eta Txorierriko, Uribe Kostako eta Uribe Butroeko mankomunitateek.