Osasun Sailak ohartarazi duenez, "epidemiak ez du oraindik goia jo"
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, osasun kontseilua indartuko dute langile gehiagogaz. Horrez gain, herritarrei zalantzak argitzeko call center bat jarri dute martxan.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, osasun kontseilua indartuko dute langile gehiagogaz.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari eta koronabirusaren mahai teknikoko kide den Mikel Sanchezek jakinarazi duenez, azken bi asteetan 18 erizain gehiago kontratatu dituzte. Izan ere, datuek adierazten dutenez, kasu berriak “inoiz baino gehiago” igo dira. “Oraindik ez dugu goia jo, eta egoerak larria izaten jarraitzen du”, ohartarazi du zuzendariak.
Atzoko 20:00etako datuen arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan beste 208 kasu berri erregistratu direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 973 pertsona daude kutsatuta: 545 Araban, 297 Bizkaian eta 131 Gipuzkoan, eta horietatik 353 ospitalizatuta daude. Koronabirusa zuten beste lau pertsona hil dira, guztira, 40. Bizkaian, zehazki, 297 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 118 ospitalizatuta.
Call Center. Azken hogei egunetan (zehazki, otsailaren 26tik martxoaren 16ra) erregistratutako 47.500 deiak aztertu ondoren, Call Center bat jarri dute martxan. Hala, jada Osasun Kontseiluan lan egiten zuten operadoreei call center hau gehitu zaie. “Koronabirusarekin lotutako dei horien hamarretik sei informazioa eskatzeko direla egiaztatu ondoren, Osasun Sailak Call Center baten bidez beste errefortzu bat antolatzea erabaki du”, adierazi du Sanchezek.
Lehen triaje edo behatze bat egitea da beronen eginkizuna: deitzen duen pertsonak informazioa bakarrik behar badu, langile horrek berak erantzungo dio edota sailaren webgunera bideratuko du. “Deitzen duen pertsonak sintomak baditu, orduan bai, erizaintzako profesionalei eta Osasun Kontseiluko erizaintzako langileei bideratuko zaie deia. Horrela, erizainek benetan behar duenari arreta eman ahal izatea lortuko da”, azaldu du Sanchezek. Atzo jarri zen martxan errefortzuko zentroa, eta ordutik, itxarote-ilara %40 inguru murriztu zela jakinarazi du.
Sintomak dituzten pertsonek bakarrik deitu beharko dute osasun kontseilura. Hala ere, Arabaren eta Gasteizen kasuan, norbaitek sintomak baditu, bere osasun zentrora deitzeko gomendatu dute.