Hiru ekoizle asteleheneko plazan
Koronabirusarengatik astelehenetako plaza ez egitea erabaki du udalak, eta baserritar eta bestelako ekoizle eta saltsaile gehienak etxean geratu dira gaur.
Asteleheneroko plaza barik daude gaur Gernika-Lumon. Koronabirusak sortutako larrialdi egoera honetan, udalak plaza ez egitea erabaki zuen barikuan, eta horixe jakinarazi zien astelehenero bertan batzen diren 270 baserritar, ekoizle eta saltzaileei.
Hala ere, hiru ekoizlek euren salmentagaz jarraitzea erabaki dute eta astelehenero moduan, gaur ere Merkatu plazara hurreratu dira. Ainhoa Iturbe Kanpantxuko baserritarrak azpimarratu du astelehenero Gernika-Lumoko zein inguruetako biztanleei elikagai osasuntsuak eta hurbilekoak ekartzera etortzen direla: “Beti da garrantzitsua hemengo produktuak kontsumitzea eta orain are garrantzitsuagoa da. Gure trasabilitatea, gure generoak oso esku gutxitatik pasatzen dira. Gugandik zuzenean bezeroengana doa. Bertoko baserri mundua eta elikagai sistema mantendu nahi badugu, askoz ere hobea da zuzeneko salmenta egitea eta zuzeneko produktuak kontsumitzea. Justu orain da momentu garrantzitsuena jendeak elikagai horrek eskuragai edukitzeko. Hemengo biztanleek guk zuzenean baserritik ekartzen dituzten elikagaiak behar dituzte. Beste inongo eskuetatik pasatu gabekoak dira, oso garbiak eta osasuntsuak”.
Hiru ekoizleek adierazi dute asteleheneroko bezeroak ezin dituztela euren produktu barik utzi. “Daukagun hartu-emana eta bezeroen konfiantza hori ezin dugu alde batera utzi. Gure bizimodua aurrera ateratzeko behar dugu, eta horretaz aparte, bezeroak hornitzeko eta euren eguneroko elikagaiak edukitzeko ere etorri gara”, azaldu du Iturbek.
Errigoitiko Bizkaiganekoak ere plazan daude eta esan dutenez, asteburuan deiak jaso dituzte gaur Gernika-Lumora jaitsiko ote ziren galdetuz: “Gure zerbitzua eman behar dugula ikusi dugu. Gainera, bezero asko jende nagusia dira, eta pentsatzen dugu zerbitzu minimoak eman behar ditugula, esnekiak oinarrizko elikadura direlako”.
Supermerkatu eta elikagai dendak zabalik daudenez, plazan ez egoteko arrazoirik ez dute ikusten: “Denak zabalik daude, plaza zergatik ez da egongo?. Ez dugu ikusten inongo arrazoirik. Justo kontrakoa; hemengo jatekoa hemengo jendeak edukitzeko momentua dela uste dugu, eta horregatik etorri gara”. Leku itxietan elikagaiak eskuratu ahal badira, plazan ezin izatea ez dela zentzuzkoa gaineratu du Bizkaiganeko Leire Sorhouetek: “Supermerkatuak, leku itxiak zabalik baldin badaude, eta baita estankoak eta bankuak ere eta ez dira premiazko zerbitzu bat, ez dauka zentzu askorik guk ezin izatea”.
Gainera, agindutako osasun neurriak hartzen ari direla nabarmendu dute. Eskularruak dituzte, eskuak garbitzeko gel antiseptikoa daukate eta hiru postuak agindutako distantzia betez jarri dituzte, eta bezeroekiko distantzia ere ohikoa baino handiagoa da. Garbitasuna apur bat gehiago zaintzen ari dira. “Beti edukitzen dugu kontu handia garbitasunagaz; baserrian egunean pila bat bider garbitzen ditugu eskuak, baina orain agian, kontu handiagoa daukagu. Gaur salmentetan jendeak distantzia mantendu dezan zaintzen ari gara. Batzuk eskularruak dituzte; nik saltzen dudan bakoitzean, eskuak garbitzen ditut gelagaz, batez ere diruagatik. Badakit nire produktuak solotik kaxara joan dela eta kaxatik hona”, dio Iturbek. Bizkaiganekoek ere etxean egindako desinfektantzaileagaz etorri dira: “OMSen araberako formulagaz egin dugu eta eskularruak ere ekarri ditugu. Produktuak bakarrik erakusteko ditugu mahai gainean. Jendearen arabera, aste barruan etorri behar baldin bagara, egingo dugu. Gure zerbitzua bai ala bai eman behar dugu”.
Iturbek Allende Salazar herri ikastetxera ere eroaten ditu elikagaiak, eta Gernika-Lumokoa dute plaza bakarra. Horrez gain, Lurgozo Kontsumitzaile Elkarteko kidea da.
Bizkaiganekoek hainbat salmenta puntu eta plaza dituzte eta Gernika-Lumoko, Lekeitioko eta Laukarizko ikastetxeetara eroaten dituzte euren produktuak: “Ekoizpenean eta salmentetan eragin zuzena edukiko du. Ikastetxeetako eskaera guztiak bertan behera utzi dituzte. Ez da arazorik larriena, esneari beste erabilpen bat emango diogulako, baina produktuak atera beharko ditugu. Plazak, etxez etxeko salmentak eta dendak dira salmentak egiteko punturik garrantzitsuena guretzat, baina plaza eta eskolak batez ere. Gure produktua zelan mugitu begiratu behar dugu”. Barikuetan Mungiako plazan egoten dira, eta aurreko barikuan ere ez zuten hutsik egin: “Furgonetatik egin genuen salmenta zuzena. Udaletxeko arduradunak etorri ziren esanez ezin ginela han egon, baina hala eta guztiz ere egon ginen”.
Udalaren erabakia ez dute ulertu, eta erabakia hartzeko modua ez zaie egokia iruditu: “Ez dugu astirik eduki udaletxera joateko, edota antolatzeko eta berba egiteko. Espero dugu aste honetan udalekoekin elkarrizketa bat edukitzea eta datorren asterako hau era normalago batean, denon artean, antolatzea”.
“Udalek erabaki hau hartzen badute, erabaki honegaz batera, proposamen edo alternatiba desberdinak ere planteatu beharko lituzkete, eta momentuz ez dugu halakorik jaso. Horregatik, alternatiba guk ematen dugu”, zehaztu du Sorhouetek. Larrialdi egoera hau zelan doan ikusita, horren araberako erabakiak hartuko dituztela dio: “Furgonetagaz auzoz auzoko banaketak egitea edo aztertuko dugu. Gure baserrian bertan ere salmenta zuzena egiten dugu”.
Galdakaoko Artola ogitegiko Sue Lorenzok lau urte daramatza Gernika-Lumoko astelehenetako plazan baserriko ogia eskaintzen, eta amorrua sentitzen duela esan du: “Udalak zelan jokatu duen ikusita, amorrua sentitzen dut. Gurekin hitz egin barik erabaki du eta argudiatzeko astirik utzi gabe. Hitz eginda, argudiatu ahal duzu. Ez nuen arrazoirik ikusten hau bertan behera uzteko. Kate handiei erraztasun guztiak eman dizkie kapitalak, eta gu txikiak garelako ez gaituzte kontuan hartu?”. Kontsumitzaile moduan ere plazak mantentzearen garrantzia nabarmendu du: “Kalitate hau ez duzu topatzen inon”.
Hilabetea zenbaki gorritan amaituko duela aurreikusten du: “Kristoren lana da; antinutrienteak jaisteko eta ama oreari bere lana egiten uzteko fermentazio luzeagaz egiten ditut ogiak. Egun osoko lana da. Honek gutxi ematen du, baina behintzat gastuak ordaintzeko ematen du. Baina halako merkatuak bertan behera uzten badituzte edo nahiz eta mantendu jendea etxean geratu behar bada, hilabete hau zenbaki gorritan amaituko dut, eta ezin dugu jakin datorren hilabetean zer gertatuko den. Hau hamabost egunetan ez da bukatuko. Ez dakit zelan eragingo didan, baina kaleratze pila bat, ERTEak, EREak egongo dira eta halako merkatuetan hori nabaritzen da”.
Kontsumo taldeak hornitzen ditu Lorenzok, eta Gernika-Lumora etortzeaz gain, hileko lehen zapatuetan Zamudion egoten da, bertoko ekoizleen azokan. Orduñan ere antzerako azoka egiten dute eta hara joaten da: “Bertoko elikagai ekologikoetako azoketan egoten naiz, merkatu txikietan. Kalitatezko produktuak eta arreta ona bermatzen ditugu”.
Oro har larrialdi egoera honetan agintariak zelan jokatzen ari diren ikusteak amorrua ematen diola gaineratu du: “Informazio eskasa eta nahasia ematen digute. Osasun alarmak alarma soziala ekarri du, eta ez gaituzte ondo informatzen. Oso txarto kudeatuta dago”.
Hartutako neurria egokiena dela azpimarratu du Iñaki Gorroño alkateordeak: “Adineko jendea egoten da bai saltzen eta bai erosten, eta eurak dira arrisku gehien daukatenak. Horregatik, pentsatu dugu badaezpada gutxienez egun bategatik behintzat plazarik ez egotea eta suposatzen dut hurrengo astean ere ez dela egongo. Notizi ona litzateke zabalik egotea, baina ez dut uste horrela izango denik”. Ekoizle eta saltzaileek euren erabakia ulertu dute, eta egoerak hobera egitean, berriro martxan jarriko dute: “Hamabost egun edo hilabete pasatuko da. Ea ahalik eta arinen gauza hobetzen den eta normaltasunera bueltatzen garen”.
Gorroñoren aburuz, halako salbuespeneko neurria ez da inoiz hartu: “Jai egun bat izan delako, urte berri eguna edo gertatu izan da plazarik ez egotea, baina halako egoera batean ez dut uste”.
Euskal Herriko beste herri batzuetan ere neurri bera hartu dutela azaldu zuen barikuan: “Beste herri batzuetan ere erabaki berdina hartu dute, esate baterako, Ordiziakoekin berba egiten egon naiz eta eurek berdina egingo dutela esan didate”.
Ez ohiko egoera honen aurrean, lasaitasun mezua helarazi diete herritarrei eta kontuz ibiltzeko eta pasientzia edukitzeko gomendatu dute: “Ohiko aholkuak dira. Jendeak badaki ez dela egoera normal bat eta arduraz hartu behar dugula”.