Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratzea adostu dute Urkulluk eta alderdiek
Data berria Espainiako Estatuko alarma egoeraren eta EAEko osasun larrialdiaren ondoren zehaztuko dute.
Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdietako ordezkariekin bildu da gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakaria. Apirilaren 5erako deituta zeuden hauteskundeak atzeratzea erabaki dute. Erabaki hori hauteskunde kanpaina hasi baino lehen, eguenako 00:00ak baino lehen, hartu eta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Alderdiek adostu duten testuen arabera, “koronabirusaren hedapenaren eraginez ezinezkoa da hauteskundeak berme guztiekin egitea eta sufragio eskubidea gauzatzea”.
Data berria, hortaz, Espainiako Estatuko alarma egoeraren eta EAEko osasun larrialdiaren ondoren zehaztuko dute, Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretuz. “Ahal den azkarren” izan beharko litzatekeela uste dute batzarrean parte hartu duten alderdiek.
Honakoek parte hartu dute batzarrean: Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EAJtik, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi EH Bildutik, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosetik, Idoia Mendia PSE-EEtik, Amaya Fernandez PPtik (C’s-rekin koalizioan doa PP), eta Jose Ramon Becerra eta Edurne Baranda Equotik. Voxeko inor ez da joan.
EH Bildu hauteskundeak orain egitearen kontra azaldu da. Koalizio independentistak ohar batean adierazi zuen atzo jendearen osasunaren zaintza “lehenestsi” behar dela.