Eleizalde Ikastolak autokontsumoaren aldeko apustua egin du
Energia sortzeaz eta katura murrizteaz gain, prestakuntza eta kontzientziazioa sustatuko ditu ikasleen, familien eta irakasleen artean.
Goiener Taldearen eskuetan jarri du bere autokontsumoko proiektua abian jartzeko ardura. Kooperatiben arteko ekimen honen helburua da energia sortzea modu lokal eta banatuan, eta ardatz nagusia herritarren partaidetza da.
Autokontsumoaz baliatuz argindarraren faktura murrizteko aukera izango du Eleizalde Ikastolak, eta, aldi berean, programa pedagogiko bat garatuko dute ikasleak, familiak eta irakasleak energiaren, iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren inguruan hezteko asmoz.
Instalazio guztiak fotovoltaikoak izango direla azaldu dute eta sarera konektatuta egongo dira soberakinei probetxu ateratzeko. Guztira, 1800 m²ko azalera hartuko du. Urtean 410 MWh inguru sortuko ditu, gutxi gorabehera, 160 etxek kontsumitzen dutena.
Sare elektrikoak daroan energia %100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain CO2, NOx eta SOx emisioak murriztuko dira eta argindarraren garraioan eman ohi diren galerak ere bai. Ondorioz, 3.900 zuhaitzek urtean xurgatzen duten adina CO2 igortzea ekidingo da.
Eleizalde ikastolako zuzendari Urko Goitiak azaldu duenez, “oso argi daukagu gure eredua gure ekintzetan oinarritu behar dela. Beste ikastetxe batzuk ere pausoa ematera animatu gurako genuke; aberasgarria delako gure ingurunerako, gizarterako eta ingurumenerako”.
Goiener ere baikor agertu da “euren helburu eta balioekin guztiz bat” datorren proiektua delako: “Ziur gaude oso harrera ona izango duela eta laster jarriko dela martxan”.
Lehendik ere energia %100 berriztagarria merkaturatu eta sortzen duen Goiener Taldea izango da proiektu hau aurrera ateratzeko eta finantzatzeko arduraduna. Helburua lortzeko, ekarpen leiho berri bat zabaldu dute 400.000 euro inguru biltzeko asmoz. Parte hartzea irekia izango da bazkide guztientzako eta eredu energetikoa aldatu gura dutenentzako.
Eleizalde Ikastolaz gain, Armentian (Gasteiz), Andra Marin (Etxerri-Aranatz), Argian (Fontellas) eta Laskorainen (Tolosa) ere proiektu berdinaren aldeko apustua egingo dute.