Boluntarioen laguntza sareak aktibatu dituzte, "arrisku taldeei laguntza emateko"
Auzolanean, elkar laguntzeko sareak sortu dituzte Busturialdeko hainbat herritan, "herritarren beharrizanei erantzuna emateko". Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, gainera, boluntarioak lortzeko kanpainak aktibatu dituzte, laguntza sareaa osatzeko.
Auzolanean, elkar laguntzeko sareak sortu dituzte Busturialdean. #BizkaiaGara boluntarioen sarea ere martxan jarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Denek ala denek, arrisku taldeei edota herritarren beharrizanei erantzuna emateko sortu dira.
Bermeon, Busturian, Ean, Elantxoben, Foruan, Gernikan eta Ibarrangelun arrisku taldeei laguntza emateko asmoz antolatu dira. Besteren artean, adinekoei lagunduko diete, bai eta umeak zaintzeko beharra edota erosketak egiteko zereginetan laguntza behar dutenei ere.
Gazte talde bat batu eta laguntza sarea sortu dute Bermeon, “herritarrei behar duten guztian laguntzeko asmoz”. Horretarako, hurrengo helbide elektronikoa jarri dute martxan, eta bizilagunei bertara idazteko eskatu diete: bermiokogaztiek@gmail.com.
Busturian, berriz, informazioa trukatzeko whatsapp taldea sortu dute, “laguntza eskaini edota eskatzeko“. https://chat.whatsapp.com/BHE2yI3YjsA3EnUOaxfhrl taldera sartu eta modu kolektiboan birusari aurre egingo diotela diote.
Koronabirusaren ondorioei erantzuteko, Ean ere elkartu dira bizilagunak Beletxe eta udalaren artean bultzatu dute elkartasun sarea: “Adinekoei erosketak egin, farmazia eta anbulategiarekin harremanak bideratu, informazioa banatu eta sor daitezkeen egoerei auzolanean elkartasunez erantzuteko sortu dugu sarea”. Bolondres izan nahi duenak edota laguntza behar duenak hurrengo telefono zenbakietara deitu beharko du: 630 17 59 11 eta 94-627 52 27.
Elantxobeko Udalak, bere aldetik, laguntza emateko hainbat telefono jarri ditu martxan: 657 70 13 41 (Patxi), 615 78 97 65 (Gorka), 646 27 73 66 (Argi), 634 51 02 42 (Arnaltz), 696 45 58 90 (Jose Mari), 94-727 61 08 (Udala). Foruko Udalak ere, laguntza emango diete behar dutenei, eta horretarako, 946 25 51 80 telefonoa ahalbidetu du.
Gernika-Lumon, berriz, Zaintza Sarea antolatu dute. Laguntzeko prest dauden herritar sarea antolatzea da helburua, “betiere osasun irizpideak zorrotz errespetatuz”. Interesa dutenek, galdetegi bat bete beharko dute, eta antolatzaileak eurekin jarriko dira harremanetan.
Ibarrangelun ere laguntza zerbitzuak aktibatu dituzte. Erosketak egiteko edota farmaziako zerbait behar duen jendeak goizetan udaletxeko telefonora (94-627 60 04) eta arratsaldetan Kultur Etxekora (64-627 61 98) deitu beharko du. Udal langileez gain, bolondresak ere laguntzeko prest daudela jakinarazi dute udal agintariek.
#BizkaiaGara. Bizkaiko Foru Aldundiak #BizkaiaGara boluntarioak lortzeko kanpaina aktibatu du, laguntza sarea osatzeko. Lurraldeko adineko zaurgarriei laguntza emateko, boluntarioak batu nahi ditu sareak, bakardade egoeran dauden 9.168 adineko zaurgarriri baino gehiagori laguntza emateko.
COVID-19 birusak eragindako larrialdiak pertsona horiei sortu dizkien beharrizanei erantzuteko sortu dute sarea. “Baliteke mendekotasun-egoeran dauden eta etxean zaintzaile batekin bizi direnek laguntza-behar handiagoa izatea oinarrizko jarduera horiek egiteko”.
Telefono-deien bidez, foru-erakundea harremanetan jarriko da laguntza horren balizko jasotzaile gisa identifikatuta adinekoekin; haien beharrizanak jasoko ditu, eta erantzuteko prozesua aktibatuko du. Halaber, kolektibo horretan sartuta ez dagoen lurraldeko beste edozein adinekok laguntza hori behar badu Aldundiaren 94 406 60 00 telefono-zenbakira dei dezake.
Boluntarioek sendagaiak edo elikagaiak erosteko laguntza emango diete Bizkaiko adinekoei, etxetik atera ez daitezen. Etxean dauden eta etxean geratu behar diren adinekoak dira, bakarrik bizi direnak, edo adineko beste pertsona batzuekin bizi direnak. Boluntarioak telefonoz jarriko dira harremanetan pertsona horiekin, elikagaien eta sendagaien arloan dituzten beharrizanei buruz galdetzeko; gero, erosi egingo dituzte eta etxeetara eramango dizkiete, “higienea eta segurtasuna erabat bermatuta”.
Boluntarioek informazioa, prestakuntza, orientazioa eta baliabide materialak jasoko dituzte zeregin hori betetzeko, berebiziko arreta jarriz COVID-19 birusa ez kutsatzeko prebentzioan.
Laguntza sarearekin bat egin nahi duten pertsonek Bizkaiko boluntariotz agentziaren bidez egin ahal izango dute. Horretarako, 94 416 1511 telefono-zenbakira deitu behar dute, edo mezu bat bidali hurrengo helbidera: bizkaiagara@bizkaia.eus.
Boluntarioak lortzeko, #BizkaiaGara sareak euskal unibertsitateak eta Bolunta ditu baliabide gisa. Horrez gainera, Bizkaiko Gurutze Gorriarekin koordinatuko ditu geroko ekintzak, eta lurraldeko udalerri guztietara zabalduko da.
Jaurlaritzaren proposamena. Eusko Jaurlaritza Guztion Artean sustatzeko egitasmoa amaitzen ari da; elkartasun sare bat osatu dute koronabirusaren krisiari aurre egiteko, bakarrik bizi diren edota familiaren babesik ez duten adineko pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko asmoz. 70 urte baino gehiago dituztenei emango diete zerbitzua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, uste dutelako pandemiaren egungo fasean “pertsona bereziki zaurgarriak” ez liratekeela etxetik atera beharko.
Elkartasun sarearen helburua da adineko pertsonek eta boluntarioek beharrezko mugimenduak egitea soilik. Horregatik, zorrotz zainduko dituzte zerbitzu guztiak. Egitasmoa gainontzeko erakunde publikoekin ari dira koordinatzen, eta osasun Sailak eta lehendakariak koordinatuko dituzte guztiak.
Boluntarioen zeregina izango da adineko pertsonak hornitzea elikagaiekin, higiene eta garbiketa produktuekin eta behar-beharrezko gauzekin, zakarra jaistea, sendagaiak eramatea, maskotak zaintzea eta luzatu ezin daitezkeen tramiteak egitea.
Boluntarioek 18 eta 65 urte artean izan beharko dituzte, ez dute osasun arazorik izan beharko, eta egunean gutxienez bi orduz egon behar dira lan egiteko moduan, astean hiru egunetan, datorren hilabetean.
Laguntza behar duten adinekoek izena eman beharko dute Gurutze Gorrian edo Caritasen, 945-22 22 22 eta 688 66 27 73 telefono zenbakietara deituta.