Xakea eta dantza agertokietara
Xakea eta dantza batzen dituen ‘The Big Game’ proiektu artistiko eta pedagokikoa egingo dute Gernikan. Ross dantza eskolakoek parte hartuko dute ikuskizunean.

Xake mate. Jokaldi horregaz bukatzen dira xakeko partida guztiak, aurkariaren erregea isolatzen duenak irabaziko du lehia. Xake jokalariek taula gainean egiten dituzten mugimenduak islatuko dituzte Lokke konpainiako eta Gernika-Lumoko Ross dantza eskolako dantzariek The Big Game ikuskizunean.
Dantza eta xakea batzen dituen proiektu artistiko eta pedagogiko komunitarioa da The Big Game. Izan ere, ikuskizunaren egitura xake partida batean oinarritzen dela dio Olatz Andres ikuskizunaren sortzaileak. “Hilezina du izena ikuskizunaren oinarrian dagoen xake partidak, eta Londresen jokatu zen, 1851 urtean, txapelketa baten atsedenaldian. Protagonistak Andersen eta Kieseritzky izan ziren”. Partida hura oso ezaguna egin zen xake jokalarien artean, eta jokaldien “edertasuna” nabarmentzen dute adituek.
Jakinarazi dutenez, garai hartako xake erromantikoaren parte bihurtu zen partida, jokalariek beren piezak “pasioz beterik” arriskatzen eta sakrifikatzen zituztelako. Helburu bakarra zuten: errege aurkaria botatzea.
The Big Game lanak xake bizidun bat islatzen du. Xakeko ohiko piezak desagertu eta 32 dantzarik gorpuzten dute jokoa. Proiektu pedagogiko eta komunitarioak lau dantzari profesionalekin osatutako tale muina dauka, eta tokian tokiko emanaldi bakoitzerako, tokiko 28 jokalari gonbidatzen ditu, “piezak osatu eta lantegi baten bidez partida berri bat sortzeko”. Ross dantza eskolako ikasleak dira ikuskizunean parte hartuko dutenak.
Ross dantza eskolako 28 ikasle ari dira parte hartzen ikuskizunean
Iaz Lekeitioko Kalekan parte hartzeko aukera izan zutela dio Rosa Rementeria Ross dantza eskolako irakasleak, baina uztaila zenez, ikasle asko kanpoan zeuden, eta ezin izan zutela parte hartu onartu du. Oraingoan, baina, eskolako ikasleek ez dute parte hartzeko aukera galduko.
Zorte handikoak direla dio irakasleak: “Hiru aldiz besterik ez dute ikuskizuna egin. Estreinaldian, Gasteizko kontserbatorioagaz eta Kalekan. Zorte handia daukagu”. Eskolako 28 ikaslek parte hartuko dute, eta denak «oso pozik» daudela adierazi du Rementeriak: “Dantza konpainia profesional bategaz lan egitea ez da ohikoa. Ikasleak gogotsu daude, esperientzia aberasgarria izango baita”.
Lantegia. Proiektuaren funtsetako bat komunitate aktiboa eta sortzailea bultzatzea da, dimentsio pedagogikoa oso presente baitago ikuskizunean: “Proiektua soilik egin ahalko da, baldin eta gonbidatuen talde bat presente badago. Ideia artistikoak berak sortzen du gonbidatuen taldeari deitzeko premia, eszena eta sorkuntza esperientzia egiazko bat bizi dezaten”.
The Big Game proiektuan zein xakearen jokoan, pieza, gorputz, jokalari eta parte hartzaile bakoitzak zeregin funtsezkoa eta zehatza betetzen du. Xakeko pieza baten mugimendu bakoitzak taularen eta alderdi bien egoera berregituratzen du. «Proiektuaren ardatza eta motorra kontzeptu hori da. Hau da, gonbidatu bakoitza funtsezkoa da pieza osatzeko, eta bakoitzak rol zehatza dauka». Horretarako, dantzarien arteko harremanak bultzatu behar dira elkarregaz lan eginez.
Zuzendariarentzat ikuskizuna bezain garrantzitsua da lantegia: “Ekintza biak elkarren artean elikatzen dira, eta ondorioz, esperientzia bizia eta indartsua sortzen dute”.
Lantegiaren eta ikuskizuna eszenaratzeko metodologiari dagokionez, esplorazi eta sorkuntza denborak “irekiak” direla dio Andresek: “Gonbidatu bakoitzak bere ekarpena egin, irauli eta gainerakoekin batera beste bat sortu dezake”. Hala ere, konpainiak dagoenerako prestatuta dituen koreografiei ere tartea egiten zaiela dio: “Horiek partekatu eta taldearen gaitasunetara egokitzen ditugu”.
Sorkuntza prozesuari berebiziko garrantzia ematen diote dantzariek, izan ere, ikuspuntu desberdinei esker “esperientzia eta ideia asko” jasotzen dituztela diote konpainiakoek.
Asteburuan hasiko dira elkarrekin entseatzen; “gogotsu” daude
Parte hartzeagaz sustatutako elkarren arteko hartu eman horiek, gero, ikuskizunean islatzen dira, eta ikusleek ere herriko taldearen nortasuna antzematen dutela diote, “parte hartzaileek haiekin duten loturagatik”.
Ross dantza eskolako ikasleak asteburu honetan batuko dira lehenengoz Lokke konpainiako kideekin, eta euren sortze prozesua abian jarriko dute. “Ikasleentzat oso aberasgarria dira entseguak. Konpainia baten lan egiteko era ezagutuko dute. Saioak, gainera, pedagokikoak dira, eta horiek landuta eraikiko dituzte koreografiak”, dio Rementeriak.
1851ko partida hura buruan, ordena, simetria eta xehetasuna talde handi baten kaosagaz eta jokalarien alderdi basatiekin nahastuko dituzte tailerretan. Hainbat elementu konbinatzea bilatuko dute; ekintza edo eszena oso geldoak aldi bereko ekintza soilekin, edota eszena oso espazialak banakakoen bitxitasun uneekin alderatuz. “Azken horien kasuan, material koreografikoak gehiago landu behar dira, eta taldeko gainerako kideek oihartzunaren eta kontrapuntuaren bidez lan egin behar dute”, dio zuzendariak.
Koreografiak konfrontazio uneak bilatuko ditu. Hala, segizioa, batasuna, ordezkapean, heriotza, tentsioa, boterea eta hauskortasuna bezalako sentipenak islatzen saiatuko dira ikasleak.
Xake partida bakoitza aurrekoaren desberdina da. Jokaldi eta mugimendu desberdinak lantzen dituzte jokalariek, eta Gernika-Lumon ere, mugimendu bizi eta bakarrez osatutako ikuskizuna emango dute dantzariek. Xake jokoaren bikaintasuna mugimenduen bitartez transmitituko dute.