Iluntzarreko Arlaban larreetan hobekuntza lanak egin, eta eremua adjudikatu du Nabarnizko Udalak
Nabarnizko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dituzte hobekuntza lanak. Hurrengo 20 urteetarako adjudikatu dute, bost urteko luzapen aukeragaz.
Iluntzarreko Arlaban lur eremua garbitu eta hobetu du Nabarnizko Udalak. Hori eginda, ekoizle bati adjudikatu dio. Hobekuntza lan horiek egiteko, 66.000 euro inguruko aurrekontua behar izan dute, eta udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean ordaindu dituzte.
Hori horrela, mendia ahalik eta “hoberen eta txukunen” mantentzearen alde, eta ingururi balioa ematearen alde lan egin du Nabarnizko Udalak: “Mendia garbi mantentzea da egindako obren eta adjudikazioaren helburu nagusia. Jende asko erakartzen duen mendia da Iluntzar. Inguruko herritar asko gerturatzen dira, eta udalerriko inguru hori garbi mantentzea beharrezkoa da”.
Iluntzar mendia ahalik eta garbien mantentzeko egin dituzte lanok
Arlaban dagoen eremu publiko horretan 90 hektarea inguru daude, eta bertan dago adjudikatu duten lur eremua.
Bertan garbiketa eta hobekuntza lanak egitea ezinbestekoa izan da, larrea egoera txarrean zegoelako. “Mendiak mantenu lan batzuk behar ditu; abereek jaten ez dituzten belar txarrak kendu behar dira, esaterako. Azken hamar urteetan abeltzain batek kudeatu ditu larre horiek, eta behin bere jardueraren epea bukatuta, ez ditu lurrak egoera onean bueltatu”, jakinarazi dute udal arduradunek.
Mendia berreskuratzen
Hala, Bizkaiko Foru Aldundiagaz mendia berreskuratzeko lanetan hasi zen Nabarnizko Udala 2017 urtean. Lehenengo zeintzuk ziren egin beharreko lanak aztertu zituzten, eta horiek burutua, lehiaketa publikora atera zuten larrea. Iaz behin behineko adjudikazioa lortu zuen abeltzain batek, eta hurrengo hogei urteetan berak kudeatuko du lur eremu hori; beste bost urteko luzapena egiteko aukera daukala ere esan dute udal arduradunek.
Adjudikatutako lur eremuak 1.000 metro karratu inguru ditu, eta potzu natural eta artifizial batek, eta korta batek osatzen dute. Gainera, eremua, bost kilometro eta 700 metro karratuko hesiagaz dago itxita. Dagoenerako eremua lantzen hasi da abeltzaina, eta bertan ikus daitezke ardi, behi eta zaldiak. “Inguruari balioa emango diote abereek, eta lurra landuko dute gainera”, adierazi dute.
Lehiaketa publikora hiru abeltzain elkarte aurkeztu zirela jakinarazi dute, eta horien artean bakarra hautatu zuten. Prozesu zehatz bat burutu dute horretarako; “elkarterik onena zein den erabakitzeko”.
Udalak zabaldutako lehiaketa publikora hiru abeltzain elkarte aurkeztu ziren
Lehiaketa publikoa egiteko pleguak sortu behar izan dituzte, “administratiboak eta teknikoak”; idazkariak egin ditu administratiboak, eta ingeniari agronomo batek teknikoak. “Adituaren laguntza beharrezkoa izan da. Berak oinarri teknikoak jarri eta puntuazioak aztertu zituen”, esan dute. Gero, puntuazioaren arabera, osoko bilkuran onetsi zuten erabakia.
35 urte baino gehiago
Arlaban eremuko lurrak herriko jendeak erabiltzen zituen duela 35 urte baino gehiago: “Antzina herriko jendeak erabiltzen zituen lur eremu horiek belarraren aprobetxamenturako. Apurka-apurka, baserrien gainbeheragaz, lur horien erabilera galtzen eta izten joan zen. Izan ere, herritarrak baserriak utzi eta hirietara joan ziren”.
Horren aurrean, duela 35 urte, herritar talde bat batu eta Arlaban elkartea sortu zuten: “Mendia abandonatuta zegoen eta erabilpen bat eman gura zioten. Hala, hainbat abelburu jarri zituzten, eta 20 urtetan landu zuten larrea”. Abeltzain horien ondoren, beste abeltzain baten eskuetan geratu ziren lurrak, duela hamabost urte. Azkena, berriz, hamar urtetan egon da.