Ereñoko Mendi Martxa BBT probagaz dator aurten
Txirrindulariek 34 kilometroko ibilbidea egingo dute. Mendi martxa luzea 23km-koa izango da eta laburra 10km-koa.
IX. Ereñoko Mendi Martxa apirilaren 4an [zapatua] egingo dute, eta berritasunagaz dator aurten proba. Izan ere, oinezkoenagaz batera, BBT martxa ere egingo dute.
Txirrindularientzat 34 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta 150 parte hartzailetako muga ezarri dute. 09:30ean hasiko dute proba, Arita Berri Jatetxean.
Mendi martxa luzeak 23 kilometro edukiko ditu eta laburrak, berriz, 10 kilometro. BTTkoak modura, horietakoak ere Arita Berritik aterako dira eta Elexalden bukatuko dituzte. Luzearen parte hartzaileek 08:30ean edukiko dute irteera-ordua eta laburrekoek 10:00etan. Mendi martxan 400 parte hartzaileko muga dago.
Ibilbide luzekoak, besteak beste, Mendi Txiki, Mendi Andiko, Galarregi, Bustarrigane eta Ereñozarreti pasatuko dira.
Bestalde, proba bukatzean parte hartzaileak herriko frontoian dutxatu ahalko direla jakitera eman dute antolatzaileek.
Izen ematea. www.kirolprobak.com webgunean izena eman behar da, eta martxoaren 28a [zapatua] da aurretiaz izena emateko azkenengo eguna.
BTTa egin gura duten federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte eta federatuta ez daudenek, ostera, 15 euro. Mendi martxetan izena emateko 14 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu behar dituzte eta 14 urtetik beherakoek 6 euro.
Izena ematerakoan arazorik edukiz gero, erenomendimartxa@gmail.com helbide elektronikora idazteko eskatu dute.